Mendekua merezi duen oparia

Ebrotik hegoaldeko errepublikanoek, are monarkikoek ere, Espainiatik egotzi beharko lukete Nafarroa, mendekuz bertzerik ez bada ere. Hau dinastia hau, Borboikoa, Nafarroan lortu zuena lehen aldiz erregetza kategoria, Antonio Borboikoren eskutik, Joana II.a Labritekoren ezkontide gisa. Bien seme oinordeko Borboiko Enrike III.a izanen zen errege titularra, geroago orobat Frantziako Enrike IV.a bihurtuko zena, eta hasiera eman familiaren errege-dinastiari Frantzian. 1700 urtean emanen zuen salto Borboiko leinuak Frantziako koroaz gain espainiarraz ere jabetzera. Ordutik hona, XVI. mendeko Nafarroaren opari bezala jasan behar izan du dinastia hau Espainiak, urte batzuetan salbu (Jose Bonaparte 1808-1814, Saboiako Amadeo 1870-1873, I. Errepublika 1873-1874, II. Errepublika 1931-1939, frankismoa 1939-1975 artean).

Ezin erran espainiar herritarrengan atxikimendu beroegia izan duenik dinastia honek bere ibilbidean. Espainiako lehen Borboiko Felipe V.ak urte luzetako gerra bat gainditu behar izan zuen koroa mantentzeko, Aragoik eta Herri Katalanek haren erregetza onartu nahi ez eta haren kontrako gerrari ekin ziotelarik. Borboikoengandik, hamar guztira, bortzek gainditu behar izan zituen gerrak, edo Estatu-kolpeen onuradun izan behar, koroari eutsi edo hura lortzeko: Felipe V.a, Fernando VII.a, Isabel II.a, Alfonso XII.a eta Juan Carlos I.a zehazki. Ez da ehuneko makala, % 50! Hamar horiengandik ere, lauk izan behar du abdikatu edota Espainiatik ihesi: hala nola, Carlos IV.a, Isabel II.a, Alfonso XIII.a eta Juan Carlos I.a: % 40, makala ere ez dena. Ea, edonola ere, Felipe VI.arekin lortzen den % 50era heltzea.

Ustelkeriatan ibiltzea ere leporatu zaio, eta zinez frogatu ere Justizia sistemek ebatzirikoaren despit, horietako hainbat koroaduni: Isabel II.a, Alfonso XIII.a, Juan Carlos I.a. Eta hortaz haien ihesi beharra edo abdikazioa. Orain berri, Felipe VI.aren arreba agertu zaigu Espainiatik ihes egiteko nahian, bere aurkako epaiketa amaitu bezain laster. Jakina, gaurko Justizia sistemak ez du aurkitu errudun haren senarraren diru manipulazioaren aferan, nahiz eta ezjakin dela erabaki behar izan duen: ezjakin, justiziak berak hala aldarrikaturik. Ez da marka makala hau ere!

Hara! Ene deformazio profesionalak eta ene nafartasunak hartu didate gaina gaurko honetan, datu idorregiak mahai gaineratzeraino, biziago eta koloretsuago nahi nuen artikulu honetan. Baina, datuak ikusirik, ederra egin genien espainiarrei nafarrek Borboikoei erregetza kategoria eman genienean! Nik, espainiarren larruan, Nafarroa egotziko nuke Espainiatik mendekuz eta profilaxi neurri gisa.

& & &

Argia 2.544 zbk, 2017-03-05ekoan plazaraturiko artikulua.