Egia bat eszeptizismo puntu batekin azaldurik, ez al da sinesgarriago suertatzen?
Egia
Distortsioak
Dena dago birusak kutsaturik, baina dena ez da birusa: ARGIAn plazaraturiko artikulua:
Distortsioak
- Gurean, eskubide historikoen inguruko nahasmen kontzeptual eta juridiko-politikoak ditugu gai horietako bat. Euskal/nafar eskubide historikoak alegia. Aztoraturik gaituen birus pozoi mikroskopiko horrezaz gain badaude bertzelako kontuak, zeinetaz ere ez zaigun komeni ahaztea. Bertzela, are pozoitsuago bihurtuko litzaiguke mikro-zomorroa.
Jakina, edozein Zuzenbidezko estatutan Zuzenbideak eta Estatuak talka egiten dutenean Zuzenbidea ateratzen da beti galtzaile. Ez du alferrik Estatuak definitzen zer den Zuzenbidea. Diktadurapeko Estatuetan begi-bistakoa da zuzenbide-estatu terminoaren oximoron tranpatia. Alta, demokrazietan halako mikro-zomorrotxo biral bat dugu kontzeptua, pozoi ikusezin txertatua.
Nafarroan foru-zuzenbide zibilaren gaurkotzearekin gertatzen ari dena: Espainiako Konstituzioak, hain defizitario demokrazia aldetik, definitzen duenez zuzenbide-estatua, ustezko konstituzionalistek erabaki dute gure zuzenbide zibilaren erreformako zenbait xedapenek talka egiten duela Konstituzioarekin, gaurko espainiar zuzenbide-estatuarekin. Bitxiki, estatu eremuko PSOEk eta Podemosek erabaki dute antikonstituzional dela eta Konstituzio-auzitegira eraman Nafarroako erreforma hori, nafar alderdi (euren nafar alderdikideak barne) eta aditu guztien artean adosturikoa berau.
Mikroskopio bat edo betaurreko distortsiogileak daude horren atzetik, bistan dena. Konstituzioaren zuzenbide-estatua demokraziaren berme bakartzat eta eskubide historikoak halako zaharkintzat ikusarazten dituen mikroskopio distortsiogilea alegia. Eskubideak oro historiko ez balira bezala, hots, historian sortuak, iraganeko gorabeherek sortuak, direla bake- edo desegigo-itunak, direla lorpen politiko-sozialak, direnak direlakoak, eta berdintsu ezabagarriak modu batean edo bertzean, zilegitasunez edo zitalki. Konstituzioak beraiek historiko dira, hots, “eskubide historikoak” bezalako zaharkin, horrela hitz egiten jarriz gero.
Endemas Espainiako Konstituzioaren zuzenbide-estatuak bere egin zituen nafar eskubide historikoak, gure zuzenbide zibila nafarrok eraikitzeko eskubideak. Ezinbertzekoa da beraz galdera (eta ezinbertzekoa bezain inozoa Estatua eta Zuzenbidearen arteko talkarena erran ondoren, baina galdera inozoak dira sarri adituen jakinduria sakonkien aztoratzen dituztenak): zer da antikonstituzionalago, gure zuzenbide zibilaren erreforma, ala Espainiako Gobernuaren mikroskopio distortsiogilea?
Eromenaren birusa
Birusak baino gehiago hil dezake eromenaren harriak.
Zalantza metodikoa
Zalantza metodikoaz ere zalantzati, ez zen ausartzen bere egiei aplikatzen.
Monopolio-bortizkeria.
Biolentzia estatuaren monopolio da, baina estatua ere biolento horien monopolio ote?
Mass media-ren egiak
Premisa nagusia, goebbels-tarra, errefusaezina: 3 + 3 = 5. 3 ematen didazu, eta abako hutsezinak erraten diguna: 2 gelditzen zaizu.
Ez ulertu
Nahi ez izanik ere ulertu nauzu, baina eskubidea duzu ez ulertu nahiago izateko.
Suizidio teorikoak.
Arrakastak hiltzen ditu batzuetan behin betiko izan nahi duten tesiak, eta suizidio bokazioarekin jaiotzen dira berauek.
Gezur irizpide
Göbbelsen ikasle nauzue: zenbat eta hedabide handi gehiagok errepikatu egia bat, hainbat eta mesfidatiago ni egia horretaz.
Agamenonen garrantzia.
Erraniko zera hori mingarri bada, are mingarriagoa nork dioen.