Zuk eta biok, bale nork bere buruari engaina diezaiola, ez ordea elkarri.
Bizitza
Hobeezina.
Guztiz txar dena bakarrik dugu hobeezin.
Esperientzietatik eskarmentuetara.
Esperientziak baino askoz eskarmentu gutxiago metatu ohi ditugu.
Inozokeriara salto
Onberatasunetik onkeriara irristada erraz inozo hori.
Inor norbait izan.
Inork bere azken hatsa eta hurbilekoei hats berriak ematerakoan bihurtzen da bera norbait.
Amodio hiltzaileak.
Maitatua hiltzen duten amodioak, eta are gehiago ere: maitatuari gorroto diotenak.
Hutsaltasun bizigarria
Zein fier eusten diogun egunerokotasun hutsalari, jakinik ere hutsaltasunak suntsituko gaituela! Alta, horri esker gaude oraindik ere kalaka ematen.
Gorroto amorostuak.
Euren gorroto gorrotagarriei amoroski eusten dietenak.
“Cogito…” (2)
Cogito ergo sum: trile jokalariek baizik ez lituzkete lekuz aldatuko bi aditzak.
Kakotanasia-2
Eutanasiaren aurkakoentzat, eri hiletsiak oro kontzientziagabeko haur.