Zer baino zer kaltegarriago: burokraziaren hozkeria ala berokeria?
Burokrazia
Protokologilearen intuizioa.
Arazoaz jabeturik, protokolo sinpleenen astunkeria arintze aldera bertze protokolo bat gehitu zien guztiei.
Azken nahia
Gehiago gorroto zion paperak betetzeari heriotzari baino. Izan ere, paper anitz sinatu zuen hala moduz bizi ahal izateko. Baina hiltzeko ere paperak sinatzeko eskatu ziotenean, “Aski da!” erran, bere azken nahiari eutsi zion eta testamenturik gabe hil.
Burokrazia neoliberala.
Burokrazia gutxiago neoliberalismoan? B kutxen behar gutxiago duelako, ote?
Balantzeak zanbuluka
“Biltzarritisa”
Bileretara deitzaileek abantaila dute arruntean, deiturikoek, aldiz, nekez. Hauetako lagun hura beti neke-beldurrak joan bileretara eta neke etxeratzen zen: isilik egonez gero, erran beharrekoak mututu izanagatik; hitz eginez gero, hitza neke zitzaiolako alferrik
Burokrata hegadunak.
Burokrata ona paperetan iltzaturik beti: paperetatik haratago luzatuz gero begiak, bizitzak hegoak emanen dizkio, eta orduan, bietarik bat: edo burokraziari utzi, edo burokrata txarra bihurtu. Azken hauei hegoak iltzatu behar espedienteetan.