Ez iezadazue eginikoa madarika edo bedeinka, hain gutxi izan baitut nire esku egiteko; madarika edo bedeinka iezadazue egin nahi izan dudana.
Lana
Jabetza intelektuala.
Harako egun hartan, Maisu Handiak, mortu eta harritzetan bakardadean ibiltzeaz mortal asperturik, bere ikasle jarraitzaile kutunenak bildu eta erran zien:
‒ Hartu, ene maiteok, pikotxak aitzurrak palak gurditxoak baldeak-eta, jarri lanean, eta lorategi bihurtuko da paraje hau.
‒ Ongi, Maisu…, baina mirariak egiten dituen berorrek zergatik ez egin bertze bat hemen oraingo honetan?
‒ Oi, fede gutxiko jendea! Hartu lanabesak eta tresneria, ekin lanari eta nirea izanen da miraria gero.
Absurdoaren mugak
Kontrabandisten paradoxa mugagabea: zer izanen ote zen haien mugagabeko lan beharraz mugarik ezean?
Lanegunak aukeran
Ene lanegunak erretiraturik, ez dute zertan batera joan astelehenek eta astelegunek, lan(aste)arteek ez bezala.
Lanak eta nekeak
Lanik gabeko nekeak, neoliberalismoak ematen dituenak.
Benetako langileak
Langileriaren egitura aldatu du krisiak: lan bila ibiltzea da benetako lana, baina horrela dabiltzanak langile ez, langilegai dira.
Alferraren nekeak
Hau nekea, deus ere ez egiten bizi izatea! Ez dut atseden hartuko deus ere ez egitea eginkizun izan arte.
Denbora, urre
Zure denbora urre da, langile prekario hori!, kontratatu zaituenarentzat.
Automatikoki
Amaierako lan-proban erantzukizunaren zirraraz sakatu zuen tekla, eta haiek artatsuki diseinaturiko profiletik at gelditu, automatiko.
Berriz etxean
Eureka! Egun osoa alderrai galdurik ene nabigatzailearen xendra misteriotsuetan, ez GSP ez mapa batere lagun, baina lortu berri dut, ez dakit nola, ene ohiko periferiako bazterretara heltzerik.