Legezko tautologia: legeak debekatzen duenez tortura, ez dago torturarik; legeak debekatzen duenez ustelkeria politikoa, ez dago agintarien ustelkeriarik. Tortura bat da, alta, espainiar Justizia sistemarentzat, hogei aldiz jada Estrasburgoko Auzitegiak Espainia zigortu izana tortura kasuengatik. Baina irmo jarraitzen du mesetako sistemak horrelako tortura europarraren aurrean hondoratu gabe, ez psikologikoki, ez fisikoki. Are gehiago, mesetako Justizia sistemari galdezka joatea legediaren kontrakoa da, kalumnia, ustezko torturatuaren lagun eta kolaboratzailetzat jotzeko arrazoi nahikoa. Inolaz ere aitortu gabe ezen torturaz galdetzea legediaren kontra joatea baldin bada, tortura lege duelako seinale dela. Hots, legezko tautologiaren ondorio paradoxikoa. Hain begi-bistakoa, ondorioa, non ezin daitekeen egia izan. Torturaren praxi zabala bezain begi-bistakoa eta, hortaz, bezain sinestezina. Horixe da ez ikusiarena egiten duen hainbat herritarren ikusmoldea. Paregabeko kontzientzia-garbigarria, Don Limpio edo Mr. Proper klasiko hura baino efikaz eta seguruago!
Ezin ahaztu, dena dela, torturaren praxia eta defentsa gizakien arteko etsaigoa bezain zaharra dela historia osoan. Eta Europan mende luzeetan, prozedura judizialaren parte, guztiz legezkoa, Jainkoak eta Erromako Elizak bermatua, izan zen Inkisizio garaietan tortura. Halako Jainkoaren epaia: oinazetan hiltzen zenaren erruduntasunaren froga dibinoa, oinazetan kulpak guztiak bere egiten zituenaren erruduntasunaren froga eztabaidaezina, oinazetan bere errugabetasunean tematzen zirenen deabruak lagunduriko burugogorkeriaren sufrezko froga begi-bistakoa…
Ilustrazioa etorri zen gero, eta bertan behera utzi horrelako sistema, bertan behera utzi zuen tortura legezko prozedura gisa. Ez, aldiz, haren praxia: tortura erabiltzen jarraitu zuten botere zibilek, polizia sistemek. Ez halako inertzia batengatik, baizik eta zientifikoki ere frogatuz haren komenentzia eta teorizatuz haren funtzioak eta metodoak. Eskuragarri du Interneten irakurle interesatuak CIAren (ia mundu osoko poliziei tortura-master tituluen emailea berau) hainbat eta hainbat paper desklasifikatu.
Hori bai, aurrerakuntza begi-bistakoa egin zuen Ilustrazioak: tortura, ikuskizun publiko izatetik, publikoki ezin onartuzko prozedura izatera pasatu zen. Hortik aurrera, herritar zintzoek halako Don Limpio kontzientzia-garbigarriarekin (ez ikusiarena egiten) zuritzen dute euren burua. Kasurik onenean, jakina, zeren bertze anitzek, garai haietako Erromak bezala, ez jada prozedura judizial gisa, merezitako zigorraren parte gisa baizik, aintzat hartzen baitu tortura: betiere, errudunak ez, ustezko “etsaiak” baizik, jasaten badu.
Ezin kexu ibili gu, Ilustraziokoa da espainiar Justizia sistema.
* * *
(Ezkerretik Berrituz aldizkarian, 55. zbk, 2018ko apirila, plazaratua).