Atrebentzia ez bada

Atrebentzia izanen ote da, ene aldetik, nirea ez den alderdi baten aldizkari honetan, hain abegikor suertatzen zaidana aspalditik, gaurkoa bezalako artikulu kritikoa paratzea. Aldez aurretik eskatzen dizuet barkamena paper honetako ene irakurleoi, bi arrazoirengatik: nire ohikoetan baino dezente luzeago aritzeagatik, eta hain kritiko agertzeagatik. Barkagarritzat joko duzuelakoan nago, ez ad hominem argudioetan ez sofisma tranpatietan ez erortzen saiatu naizelako, hain tentagarriak beti edozein eztabaidatan. Ene arrazoi teorikoei (eztabaidagarriak betiere, bai arrazoiak beraiek agian, bai kasurako haien egokitasuna ere) eusten saiatu naiz.

 

Eskematikoki erranik, langile klase-sindikatuek bi arrisku latz dute beti, bertze anitzekin batera, baina larriagoak bi hauek: kupuletako profesional eta adituengandik datorrena, bat; bertzea, behetik datorrena, federazio batzuen korporatibismoa.

Ez nauzue sindikalismoaren profesionalizatzearen aurkari, kontrolpean badago, ez eta sindikatuen zerbitzurako adituez horniduraren etsai ere. Behar-beharrezkoa da egitura profesional bat. Arazoa sortzen da kupula horiek langileak ordezkatzen dituztenean negoziazioetan-eta langileen kontroletik kanpo. Adibidez Estatu eremuko negoziazio kolektiboetara ematen direnean, borroka-presioaren ordez, euren kabuz euren profesionaltasunetik hala holako baldintzak negoziatu nahian enpresarien elkarteekin edota administrazioarekin, gero tokian tokiko langileei ustezko lorpenak eskaintzeko, zerbitzari leial eta eskuzabalen planta egiten. Barkatu ironia puntu xumea, baina erraza da, dinamika horretan, sindikalista profesional horiek langileen enpresari izanen balira bezala jokatzea dagozkien enpresarien elkarteekin, hots, enpresarien logikan erortzea, do ut des printzipioari jarraitzea: “Halako lan-baldintzak eta soldatak zuek onartu, eskatzen dituzuenak bezain itxurosoak ez, ados, baina bertze oparitxo bat gehituko guk zuentzat, zuen enpresa sindikala hobe sostenga ahal dezazuen, hobe zerbitzatzeko zuen langileen beharrei… Bidenabar, bake soziala segurtatu, hain onuragarria dena, denoi, zuoi eta guri, interesatzen zaigun ekonomiaren martxarako”. Horrela sortzen zaizkie gero sindikatuei finantzatze ahalmen handiagoak, auto-finantzaketak ematen dizkienak baino askoz handiagoak, baina-eta, horrekin batera, dependentzia gero eta handiagoa mota horretako negoziazioekiko, horren inguruan eratu diren sindikatu eta enpresari/administrazioen arteko elkarte partekatuekiko. Ustelkeria kasuak ere sor daitezke dinamika horretan, ez derrigorrean jakina, eta ez ohi da hori larriena: larriena, dinamika bera da, sindikatuak beraiek halako enpresa bihurtzera daramatzana, bertze edozein enpresariren jokamoldeetara jotzera. Ez da harritzekoa gero hainbat gorazarre eta domina jaso izana sindikatu horiek enpresari eta administrazio neoliberalen aldetik, ohore dudagarria inondik ere langile-sindikatu batentzat.

Bete-betean erori dira 78ko erregimeneko sindikatuak arrisku horretan, horixe da behintzat kanpotik jasotzen dugun pertzepzioa, gero eta hedatuagoa.

Federazio sindikalen korporatibismorako joera, behetik datorrena, da goian apuntatu bertze arrisku larria. Uste ezkertiar zuzena da langile klase-sindikatu batek langileria osoa izan behar duela buruan, edozein erreibindikazio ekonomiko, sozial, kultural, administratibo edota politikotan abiatzerakoan. Klase-sindikatuen ezinbertzeko baldintza da hori, definiziozkoa izateraino. Alta, maiz, langile talde zehatz batzuek, federazio batzuek, bertze batzuek baino pisu eta indar gehiago dute sindikatu guztietan. Eta maiz federazio horien eskaerek ez dute kontuan hartzen euren erreibindikazioek ez ote dituzten oztopatzen, bai eta zanpatu ere batzuetan, bertze kolektibo baten eskubideak. Nolabait (eta barkatu, ez jada ironia, sarkasmoa baizik), oihaneko legea altxatzen da sindikatuen barneko federazioen artean: indartsuenak jan, gainerakoak hor konpon. Ez da arrisku hau 78ko erregimeneko klase-sindikatuen pribatibo, bertzelako klase-sindikatuetan ere berez sortzen den joera dugu, betiere kontrol zailekoa klase ikuspegirik zorrotzenetik ere, baina ez naiz horretan ari gaurko honetan.

Hilabete hauetan ikusten ari gara Nafarroan horren adibide paradigmatiko bat, irakaskuntza publikoari dagokiona: oposizioetako zerrenda bakarrarena edo bikoitzarena, irakasle elebakar eta elebidunen arteko auzia. 78ko erregimeneko sindikatuetan, bai elebakarrak bai elebidunak daude, baina elebakarrekoen interesak gailendu zaizkie elebidunenei. Irakaskuntza arloko gehiengo sindikalak, aldiz, irakasle elebidun gehiago du, zerrenda bakarreko aukerak bere eskubideak zapuzten dituelakoan dagoelarik. Ez naiz sartuko argumentuetan, argumentu nahikoak azaldu dira dagoeneko, zeinetan, ene uste apalean, argi eta garbi ikusten diren zerrenda bikoitzaren aldekoen gabezia dialektikoak, zerrenda bakarraren aldekoen kexa eta argumentu sendoen aurrean. Kontu pare batean bakarrik sartuko naiz ni.

Lehena: 78ko erregimeneko klase-sindikatuak, biak ala biak, lehen arriskuaz hitz egitean erran dudan egoeraren nostalgiko dabiltza, itxura osoz. Hots, langile-enpresa gisa ekonomia-enpresarien/administrazioaren elkartearekin joka zezaketeneko egoeraren nostalgiko, nafar gobernu berriak dezente murriztu diolako erakunde hirukoitz horri diru-laguntza, bi sindikatu horiei ere, hortaz eta orobat, euren laguntza pribilegiatua neurri handi batean murriztu dielarik. Horra hor bi sindikatu horien kupulen jarrera politikoa ulertzeko bertze arrazoi bat, euren hurbileneko alderdi politikoen bidez defendatuta eta bertzeek gutxiegi salatuta hedabideetan, baina, nik uste, kontuan hartzekoa eztabaidan.

Eta bigarrena, korporatibismoaren pisu politikoaz. Ez da harritzekoa bi sindikatu horietako baten jarrera, bere alderdi politikoa oposizioan eta gaurko gobernuaren kontra amorraturik dabilenez: argumentu eta jarrerarik burugabeenak ere aldarrikatzeko gai eta prest dago, behin baino gehiagotan barregarri gelditzeraino ere edozein buru arrazoidunen aurrean. Bai harritzekoa, eta are kezkagarriagoa, bertze sindikatuaren jarrera, bere alderdia nafar gobernuaren bermatzaileetako bat denez. Korporatibismo hutsa eta, agian, bertze mapa politiko baten bila ez ote den hasi alderdi politiko hori…, holakoak eta bertze aipatu dira hedabideetako artikulu eta iritzi batzuetan. Kontu teorikoago batean sartu nahi dut nik: alegia, sindikatu eta alderdi politikoaren arteko lotura aldrebestuak aipatu nahi ditut. Izan ere, tradizio zaharreko kontua da, langileen aldeko alderdietan, bakoitzak bere sindikatua sortu izana, guztiz kontrolpean, alderditik langileriaganako “transmisio uhala”ren teoriaren arabera. Ez bi alderdi horietako batek, ez bi sindikatu horietako batek, ez du gaur egun aldezten horrelako teoria zaharkitua: autonomia sindikalaren alde agertzen dira teorikoki. Alta, autonomia eskasa frogatu dute praktikan gero! Baina, horra hor sorpresa, elkarrekiko lotura aldrebestua dute bigarren sindikatuak eta bere alderdiak: alderdia da sindikatuaren “transmisio uhala”, ez langileriagana, botere erakundeetara baizik. Zerikusi du horrek, jakina, askoz indartsuagoa izateak sindikatua alderdia baino. Alderdiaren babes politikoa, haren boto habia, sindikatuan dago hortaz, gizarte orokorrean bainoago. Eta korporatibismoa baldin bada nagusi sindikatuko federazio batean, korporatibismo horren arabera jokatuko du alderdiak ere, bere teoria eta ideologia politiko orokorren despit.

Txarra, ezker zaharkituez ahaztea; txarragoa, haiei jarraitzea; baina txarrena, gainditu ditugulakoan haien jokamoldeak kalkatzea.

 

& & &

 

Ezkerretik Berrituz 54. zbk., 2018ko urtarrila, Batzarreren aldizkarian argitaraturik.