Demokrazia Amandrearen estela

Haragietan oparo eta gorputz sendoko amandre gisa irudikatu zuten atenastarrek Demokrazia. Bi estelatan jarri zuten irudiaren kopia bana, Mazedoniako Filiporen konkista baino bortz urte lehenago. Konkista gertatu eta bi estelak bota zituzten eta galdu, horietako bat XIX mendean aurkitu zen arte. Zutik agertzen zaigu geure amandrea, bere eskuinean eserita dagoen gizon bati, sendo eta indartsua berau ere, koroa bat buruan jartzen dion unean. Demokrazia Amandreak herriari ematen zion horrela subiranotasuna.

Gaur egun, itxuraz, bere sasoi historikorik sendoena gozatzen ari da demokrazia, hainbertzeraino non enpresa handien interesen aurrean politika makurrarazi nahi dutenek ere demokrazia hitzaz betetzen baitute euren ahoa. Hala ere, zintzo izatera, atenastar alegoria hura bezain oparo eta sendo irudikatuko ote genuke gaur Demokrazia Amandrea? Ez ote legokioke, aitzitik, irudi anorexiko bat? Ez horrela, baina bai agertu dela interneteko sareetan barna Askatasuna Amandrea, New Yorkekoa, bere aurpegia eta begiak eskuez estaltzen, Trumpen garaipenaren aurrean espantuka.

Duela gutxi, AEBetako hauteskunde kanpaina martxan zegoela, Europa zaharreko intelektual ezkertiar erradikal omen den horietako batek topa egin zuen Trumpen garaipenaren alde, hobe izanen zelakoan balizko iraultza baterako. Modan egon da nola edo hala intelektual hori gure artean, halako moldez non ematen baitzuen gutako inork, nor izan nahi izatekotan, jai zuela hari irakurri ezean. Eta hasi nintzen ni neu irakurtzen. Hasi, eta lehen lanarekin nahikoa nuela erabaki ere, nahiago nuela On Inor Ez izaten jarraitu. Eta hemen nauzue On Inor Ez gisa, New Yorkeko Amandrearen espantuekin bat egiten.

Bistan dena, Hillary Clinton ez da irudirik onena atenastar Demokrazia Amandrearen kopia bezala. AEBetako bipartidismoak eta hau mugiezin bihurtzeko hauteskunde sistemak autopista azkarra ireki dute ekonomia gidariak erraz iritsi ahal izateko Demokrazia Amandrearen tenplura eta haren irudi oparo sendoaren ordez irudi anorexiko bat jartzeko, ekonomia gidariek demokrazia eta politika euren interesen aurrean makurrarazteko.

Sistema federala da AEBetakoa, eta ez nau harritzen, are gutxiago eskandalizatu ere, hortaz, boto gehien lortu duena galtzaile atera izanak. Bertze kontuak dira On Inor Ez nauzuen hau eskandalizatzen dutenak: haien bipartidismoaren mugiezintasuna ziurtatzeko duten sistema elektoral zeharkakoa, gutxiengo batek bakarrik parte har dezan boto emaileak uxatzeko sistema, demokraziaren ahulezia lobby ekonomikoen aurrean, erran nahi baita bi alderdien gaineko lobby ekonomikoen eragina ziurtatzen duen sistema, eta abar eta abar.

Clinton eta Trump artean, diferentzia gutxi mundu horretan, ados. Eta ez nauzue atenastar demokrazia historiko haren gurtzaile. Baina Trumpek Demokrazia Amandrearen balio utopiko guztien mespretxua gehitu dio lotsagabeki sistemari. Hitzek eta diskurtsoek ere egiten eta desegiten dute demokrazia, eta Trumpenak pikotxak dira atenastar estela berriro xehatzeko.

 

(Diario de Noticias de Navarra-n plazaraturiko artikulua)

Juduen arroztasuna

Beraien xake-partida hasita, lortu dute aurreikusgarri zena: gerra labur bat, kasinoko kapoek baimendu bezain luzea beti ere, sionismoaren −baina ez juduen− onerako, bai horixe; orain, xake-partidako bigarren mugimendu sortan, kasinoko kapoen soldatapekoak joaten ari dira gerra osteko bake-paisaiak kudeatzera. Jai dute judu koitaduek, ez Jahvek, ez inork, ez baititu askatuko sionismoak aginduriko patutik: arrotz sentitu dira historia osoan geografia guztietan, hain arrotz non sionismoak aberri gisa amesturiko sortetxea ere arrotzen artean paratu baitiete. Sionismoarekin, ez dute arrotz izaeraren libratzerik.

Gure zilbor handia

Joera dugu pentsatzeko etxea dugula geure mundu oso. Eta etxean barne arazoak daudenean, interesa dute patriarkek pentsarazteko geu garela arazoa, geu garela seme-alaba bihurrienak etxean bai eta mundu zabaleko istilu-sorrarazlerik burugabeenen lagunak ere (iazko konspirazio judu mazoniko haiek, eguneko terroristenak