Anbizioak ez du zertan izan beti txarra, batzuetan norabide zentzudunagoa hartzera bultzatzen du politikari bat.
Agintea
Sakrifizio politikoak
Politikari on baten benetako sakrifizio pertsonala, kargua jaso izana da, ez dimisioa.
Ohiko boteredunak beren horretan
Betiko oposiziokook Gobernua eta Buletin Ofiziala lortzearekin bat, oposiziora ekarri ditugu biak.
Autismo politikoa
Arriskutsua aginte-makila, noraino eta psikologoak ere ez ausartzeraino agintea sartzen autismoaren arrisku eragileen zerrendan.
Eta hain erraz
Errazegi agintzen dutenek erraz egiten dute dena zail.
Estatu-sekretuen sekretua
Barne Ministerioetako goi kargudunak, ezjakin halakoak, berauek jakin nahi duten guztiaz, eta horretaz baizik ez, jakitunaren plantan. Nekez, baina plantaren adar batean planta diezaiekegu urka-bilurra, bertzeok jakitea nahi ez dutena geuk jakinez gero.
Purgatoriotik infernura
Paradisua agintzen digute ideologia guztiek, pasabide-purgatorio batetik bertzaldera. Eliza katolikoak (ideologiadun aurreratuena, antza) purgatorioa kendu zuen. Eta hara non bihurtu diguten ideologia boteredunek purgatorioa infernu.
Boterearen logika zorrotza
Premisa irrealetatik, ondorio ezin errealagoak atera, guk pairatu beharrekoak gero.
Konbertsioen norabidea
Askoz politikari gehiago konbertitu dira zaldira igotzean, zalditik erortzean baino.
Aginte-mozkorra
Pitxerra kirtenetik edukiko ote duzu, baina ez fido: sudurretaraino heldu zaigu zure kirten-lurruna.