Lehen, Callejaren ipuinak edo istorioak deitzen genien. Garai-oste melenga eta pedante hauetan, errelato deitzen diegu.
Diskurtsoa
Post-neokeriak.
Teoria berriendako, mintzo berriak, dagozkien bezala. Gero, badaude mintzo berriak asmatzeagatik teoria berriak asmatu dituztela uste dutenak.
Urruntze soziala?
Segurtasun bitarte fisikoa urruntze sozial bihurtzen duen hizkera.
Errazkerietan zailena
Kontu errazak zailtzen dituztenei euren errazkeria zaildu beharko genieke. Baina hau bai zaila!
Teologia liberala.
Sortzez garbia bera eta birjina puru izaten jarraitu zuela semeaz erditu ostean, horrekin sinestea bezala da liberalismo hutsaren dogmarekin sinestea. Alegia, efizienteagoa dela kudeaketa pribatua publikoa baino.
Baina dogmak begi-bistako egiak bezalakoak dira, ez dute froga beharrik, sinetsi beharrekoak dira eta kito. Galderak ordea onartzen dituzte dogmek, eta beharrik!, doktoreak baitituzte elizek eta liberalismo sagaratuak erantzuten dakitenak. Ez naiz sartuko, bada, dogmen faltsabilitate frogan, galdeketan baizik doktore horien erantzun dotoreen xerka.
Zientzien epistemologian bikain murgildu zen Karl Popper eta faltsabilitate printzipioa aldarrikatu zuen ezagutzaren metodo gisa, zientzia guztietan aplikagarri. Susmoa dut, ordea, ez zuela aplikatu bere teoria ekonomikoan. Filosofo handia, eztabaidagarriago dugu ekonomialari bezala, hain zuzen faltsabilitatea aplikatu ez izanagatik liberalismo ekonomikoan. Aplikatu egin dutenak, ongi aplikatu ere, Friedman eta gaur egun gaizki deituriko neoliberalak ditugu, dagoeneko ongi baino hobe frogatu dutelarik liberalismo hutsaren faltsukeria, baina beren horretan jarraitu ere euren dogmari eutsirik.
Banoa ene galderara. Interes publikoko auzietan, hots, gizarte hala hola egonkor bat eratzeko ongi kudeatu beharreko auzietan, demagun finantza sistema, osasungintza, irakaskuntza, ekologia, sexuen arteko berdintasuna, zabor kudeaketa, klima aldaketa, lan merkatua, errenta banaketa, etxebizitza, bazterturiko geruza sozialak, pentsio sistema, jendearen mugikortasun sozial edota geografikoa, ura, energia iturriak… zeuk nahi adina zerbitzu funtsezkotan, zeren arabera mugituko ote dira kudeatzaile pribatuak berez? Euren errentagarritasun pribatuaren arabera, liberalek beraiek zintzoki aitortzen dutenez. Eta, ene galdera inozo jakingura, horiek guztiak interes orokorreko kontuak direnez, ez ote dira politikariak adi egon behar dutenak interes pribatuek zein neurritan asebetetzen dituzten interes orokorrak? Ez ote dira politikariak kudeatzaile pribatuen jarduna aztertu behar dutenak? Ez ote da, hortaz, bi aldiz inbertitu behar dirua kontu horiek kudeatzerakoan: inbertsio pribatu eta publikoarena? Utz ditzagun aparte iruzurgintza espekulazioa eta ustelkeria, hain errotuak izan arren arlo pribatu eta publikoetan, horiek gabe ere, ez ote da bi aldiz inbertitu behar dirua? Eta enpresen interes pribatuek gaina hartzen badiete gizartearen interes orokorrei, nori eskatu herritarrok erantzukizunik? Politikariei, jakina. Horrexegatik, ezta?, enpresen irabazi pribatuak eta galera sozializatuak. Benetan gainditzen al du, bada, faltsabilitate froga teoria ekonomiko liberal hutsak?
Hil aurretik aitortu omen zuen Popperrek bere liberalismoa ez zela 70. urteetako krisiaren ostean ezarri zena, baina ez zegoen jada faltsabilitate printzipioa aplikatzeko tenorean. “Neo”-liberalek, aldiz, ongi aplikatu dute euren praxian, ez zientzialari gisa baina teologo gisa: ekinbide pribatu hutsaren birijintasunarekin fededun nahi gaituzte.
& & &
(Atzoko nafar Diario de Noticias-en argitaratu zidaten artikulua).
Politika-izurrite bi.
Politikariarena egiten duten politikeroak eta politikero bihurturiko politikariak. Gero, horien larba eta pupetatik sortzen dira antipolitikoak: faxistak, teknokratak, anarkoliberalak eta bertze.
‘Umemokote’.
Hizkuntzalariak eztabaida bizian ‘umemokote’ mintzoaren etimologiaz, ‘ume-mokote’ edo ‘umemoko+kote’ ote den. Bat dabiltza, ordea, umemokote gehiegik bazkatzen duela politika larreetan.
Hain konplexua, sinplekeria!
Gizakiaren konplexutasunak sinplekerietara eraman dezake.
Errealismoz erranik
Errealitate printzipioaren faltsukeria: errealitateak ez, gutxi batzuek agintzen dute.
Inozoen mugak
Inozo batek ere ezin du inozoarena egin.