Ultraliberalismoa, liberalismoaren lepoan jarririko zetazko soka-laster hori.
Ekonomia
Ultraliberalismoaren babes sistema
Ekonomian, babes sistemen neurri guztiak ez dira onak, hain ziur, baina ultraliberalismoa batzuen babesle da beti, eta ez preseski babesik behar dutenena.
Ultraliberalismo
Neotik ezer gutxi ikusten dut G7 delako horren liberalismoan, bai, ordea, ultratik asko.
Falazia ekonomista
Merkatu librea nahi al dute, ala manipulazio libreko merkatua?
Erruki-bankuak
Hain etxezuloa desjabetu koitadua, kalezuloa eman zioten etxe.
Infernuko bizimodua
Ez dago paradisua ekarriko digun gidaritza ekonomikorik, bai, aldiz, infernura eraman gaituena.
Ongi banatu
Hain ongi banatu, non zatiketak ezin gainditu bederatziaren proba.
PFEZaren inguruko lukainkak
Urte luzetan Inkisizioaren eskuetan egon ondoren askatu bezain laster, bere katedra-eskolak ematen berrasi omen zen Fray Luis Leongo erranaldi famatu harekin, “dicebamus hodierna die” (‘Atzo genioen’) alegia, deus ere gertatu izan ez balitzaio bezala. Aldeak alde eta ez bakarrik denborari dagokionez, berrasi naiz ni ere artikuluak idazten, nafar Diario de Noticiaseko atzoko honekin:
«PFEZaren inguruko lukainkak
PFEZaren kanpaina aurrean, hasi dira demagogo neoliberalak sare sozialetan zerga zuzenen aurka beren mezu errazak sartzen. Zergak pagatzea nork du gustuko? Eta zergetan ikusgarriena hauxe dugu, zuzen-zuzen eta norbanakoaren sinaduraz pagatzen denez. Hortaz neoliberalen errazkeria. Badakite, ongi jakin ere, sistema liberalak, muturrekoa izanik ere, zergen beharra duela. Baina bakar-bakarrik zerga zuzenen aurka jaurtitzen dituzte geziak, ikusteke nago oraindik zeharkako zergei haiek eginiko kritikarik, BEZaren kontra adibidez. Mutuarena egiten dute PFEZa jaisteak BEZaren indartu beharra dakarrelako ebidentziaren aurrean. BEZa ere denok pagatzen dugu, gutako bakoitzaren kontsumoaren arabera: gehiago kontsumitzen duenak gehiago pagatu behar, ia ezer kontsumitu ezin duenak ia ezer ez du pagatuko. Ba ote dago justizia banatzailearen eredu zuzen eta hobeagorik?
Joko erraza demagogoentzat: zerga kanpainak, PFEZaren inguruan baizik ez dira egiten. BEZak ez du zertan egin kanpainarik zeharkako zergak direnez: dendetan-eta zuzen-zuzenean ordaintzen ditugun zergak dira hauek, baina hori bai, erositako gauzen prezioaren pean estalirik. Bitxia kontua: zeharkako zergak dira, hain zuzen, egunez egun zuzen-zuzenean ordaintzen ditugunak, erosketen tiketaren barnean! Baina deabru gorriaren mozorroaz PFEZa bakarrik janzten dute gaizki deituriko neoliberalek.
Zer dute ‘neo’tik liberal zahar horiek? Aurrizki horren kontraerranek haien kontraerranak islatzen dituzte baiki eta eiki. Aberatsago direnei zerga gehiago ordainaraztea aberastasun iturriak lehortzea omen da, aberastasunak lortzeko gai direnak zigortzea, hain zuzen aberastasunak berez ekartzen duen ongizatea zigortzea, hortaz. Kontsumitzaile hutsa, eskasa izan arren –edo eskasa delako, hain justu?– zigortu nahi dute, euren ustez aberastasunak sortzeko ezgai den hori alegia, kontuan hartu gabe kontsumitzaileei esker ere sor daitezkeela aberastasunak: zertarako ekoitzi enpresariek, saltzeko ez bada, nori eta kontsumitzaileari?
– Hara! Kontsumista bihurtu al haiz? Kontuz hire demagogiarekin ere!
– Bale, baina hain kutsakorra denez demagogia… Gehien bat, guztion kontsumismoaren beharra dutenen muturreko liberalismoa jarri nahi diat irrigarri, haien kontraerran batzuk azalaraziz.
BEZa zerga izanen ez balitz bezala agintzen digute zergak jaitsiko dituztela euren sirenen kantekin, eta zor publikoa gaitzesten dute. PFEZa soilik ezabatu nahiko lukete eta zor publikoa gehien igoarazten duten lan publikoetako esleipenak lortzeko lehian sartzen dira buru-belarri. Hori bai demagogia erraza eta horiek bai kontraerran irrigarriak! Friedmandar amorratuak zerga kontuetan, keynestarrak ordea gobernuen inbertsio handietan, zor publikoa gaitzesten dutelarik aldi berean.
Oso kontu konplexua ekonomiarena, baiki. Ez, ordea, zientzia horretan ezjakinok ere kontraerran batzuez ez jabetzeko lain. Baina jarraituko dute demagogo ultraliberalek debotki lukainka ederra denoi sartzen PFEZaz, ezjakin koitaduok izan gaitezen zorioneko paganoak».
⁂ ⁂ ⁂
(Nafarroako Diario de Noticiasen argitaratua atzo, 2019-04-07, Tribunas sailean)
Sinkretismo ekonomikoa
Enpresari handien sinkretismoa: Friedmandarrak zergak jaitsi nahian, eta keynestarrak herri lanetan esleipenak lortzeko grinan.
Ruben Dario glosatzen
Kliska batean
aienatu da negua
eta desgaraiz
etorri da primadera,
nola izan den dakigula.