Fede eskasekoak, ultraliberalak, boto-merkatuaren legean.
Hauteskundeak
Irabazle galtzailea
Irabazle galtzailea
Artikulu bat, “Syriza sindromea” izenburukoa, idatzi nuen Argia astekarirako joan den astelehenean goizean goiz. Hamaikak aldera bidali nuen eta berehala aldizkariko iritzi saileko arduradun Mikel Asurmendik, beti bezain abegikor, zintzilikatu zuen Interneten, eta gero paperezko euskarrian plazaratu (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2666/syriza-sindromea). Begi-bistan da Sanchezek bere jarrera aldatu aurretik idatzi nuela. Baina kontutxo bat aitortu nahi dut. Alegia, artikuluaren lehenbiziko zirriborro batean segurutzat ematen nuen Koalizio Handiaren alde jarriko zela PSOEko hautagaia. Alabaina, azken unean, zuhurtzia senak agindu zidan atea irekitzeko bertze aukera bati, eta halaxe egin nuen, beti ere argi adierazten zer ekarriko lukeen Koalizio Handiaren aldeko aukerak.
Pozten nau, baiki, Sánchezen aldaketak, historiko izan daiteke, eta bazen garaia! Bertze kontu bat da zergatik aldatu duen, eta ez preseski zintzotasunagatik, bertze arrazoi sasikoagoengatik baizik, hala nola Sánchezen hantusteagatik, anbizioagatik, presidentetza lortze aldera. Kontuan harturik batzuetan zergatirik bihurrienek hartu arazten dizkigutela erabaki zuzenak, ongi etorria aldaketa. Eta aldaketa horretarako, zeintzuk izan dira boto baliodunenak? PSOEri, ala aldaketaren aldeko bertze aukerei emanikoak? Lepoa jarriko nuke PSOEri joan izan balitzaizkio politika molde eta funts berrien aldeko botoak guztiak, ez zezakeela keinu gutxienik ere egin Sanchezek CEOEren aginduetatik ateratzen saiatze aldera, hots, bertze boto horiek, hautetsirik lortu ala ez, behartu dutela PSOE aldatzera.
Ikusteke dago zertan gauzatuko den Iglesias eta Sánchez arteko ituna, prest eta zentzudun agertuko ote den Sánchez behar dituen bertze aliatuak, aldez edo moldez, aurkitze aldera. Zailena, jakina, ERC izanen du, Sanchezen kulpaz preseski gutxienez haren abstentzioa behar duelako. Sanchezek berak, edo bere aholkulariek edo PSOEren gerontokraziak berdin du, eskuinaren abertzalekeriarekin lehian sartu nahi izan du kanpainan, baina kukuak oker jo du, bistan dena. Inpentsan moldatu behar izan du diskurtso berri bat ez ezik, bere pentsamoldea ere birmoldatu behar du, nahita nahiez. Hondoraino sartu zuen hanka PPri men eginez justizia-kodeko kontu gisa hartu zuenean Kataluniako arazo politikoa eta harrapaturik dago jada lakio horretan, justizia-sistemak bere bidea hain aurrera eginda.
Badu Sanchezek zeri eta nortzuei heldu lakiotik ateratzeko, gogoz kontra besarkatu berri duen aliatuari eta hain peioratiboki deituriko “periferiako” indar politiko ezberdinei alegia, PSOEren barneko pentsamolde korronte batzuez ahantzi gabe, eta horretaz baliatu beharko du bere presidentetzaren egonkortasuna ziurtatuko badu.
Une historikoegia agian hain epe motzeko estrategia elektoralista hutsa maite izan duen batentzat, baina bere maila intelektualak ematen ez badio, bere anbizioak behintzat emanen ahal dio aukerarik! Irabazle galtzaile atera da hauteskundeetan, baina ikasbide ederrak eskaini dizkiote emaitzek.
⁂ ⁂ ⁂
(Nafarroako Diario de Noticias-en atzo, azaroak 17, argitaratua).
Syriza sindromea
Syriza sindromea
Bixente Serrano Izko @bixentesi
2019ko azaroaren 11
Ez da harritzekoa, kanpaina honetan, Syriza greziar alderdiaz eta Tsipras lehendakari ohiaz aipamen batere ikusi/entzun ez izana, nahiz eta pisu handia izan duen, nik uste, greziar eskarmentu hark. Nahita ahazturik jendearen aurrean, baina presenta, oso, kanpaina diseinuetan.
Oroitu Tsiprasek aurkeztu programaz eta irabaziriko hauteskundeez: nola jarri ziren hala Europar Batasuna (EB) nola Nazioarteko Diru Funtsaren aditu ekonomiko ultraliberalak. Makurrarazi zioten Tsiprasi, ezin izan zien beronek aurre egin, Grezia eraman zuten hondamendira eta hurrengo hauteskundeetan hain justu herriaren zigortzaileak atera ziren irabazle. Bai, gehiegi estutu zutela Grezia aitortu zuten gero aditu haietako batzuek, baina ez zuten deus ere egin beraien neurriak arintzeko.
PSOEk, ezinean berriro ere bera bakarrik, hautu egin beharko du, hauteskunde berriak egin ezean, norekin elkartu: edo PPrekin CEOEk agindu bezala (…)
edo Syriza sindromeari
aurre egin
Zezen larru-ko geografian, ez estatu eremuko alderdiek ez iritzi emaileek ez dute gogora ekarri greziar kasua. Ulergarria da ez Unidas Podemosek (UP) ez Más País-ek (MP) ezer ez aipatu izana: bertze guztiak probestu ziratekeen, hain ziur, greziar eskarmentuaz ezkerreko aukerak hondamendira eramateko. Bertze arrazoiengatik utzi dute ahanzturan ere Syrizaren umiliazio hura bertze hautagaiek. Ultraliberalek, espainiar abertzalekerian oinarritu dutelako euren kanpainak eta ez zitzaiekeen ongi etorri Espainia Handiaren gaineko kanpo-botere horien kateak aipatzea. Berdintsu PSOEri dagokionez: behin bakarrik eta hanka galantki sartzen aipatu du Sanchezek horrelakorik, CEOEren beldurra jakinaraziz, ezkerreko gobernu bat UPekin osatuko balu.
Hedabide handietan ere aipurik agertu ez izanak mass-media horien apustua utzi du agerian: laugarren boterearen mitoak erreka joz, botere bakarraren (IBEXaren) laugarren besoa baizik ez dela agerian utziz.
Espero izatekoa hauteskundeetan: PSOEk, ezinean berriro ere bera bakarrik, hautu egin beharko du, hauteskunde berriak egin ezean, norekin elkartu. Edo PPrekin CEOEk agindu bezala, Koalizio Handia hauteskunde sistema aldatu, bipartidismoari habe gogorragoak jarri, PPren legeak beren horretan mantendu, ekonomia ultraliberala garatzen jarraitu, autonomien eskumenak hutsaren hurrengoa bihurtze aldera… Edo Syriza sindromeari aurre egin.
Sindrome horrek jotako Espainia Handia berrezarrita erreka jo arte, Sánchez historiara pasatu nahian. Eta lortzeko bidean dago, nahiz eta ez preseski bere hantustean amestu duen Historiara, sindromeari aurre egiten ausartzen ez bada. Bitartean, Nafarroa, oi, Nafarroa!, zer hautu egiten duen.
& & &
ARGIA aldizkarian, gaurko edizio digitalean, plazaraturikoa.
Ene boto irizpide batzuk (12).
Gaitasun politikorik ezaren formula hutsezina: (Aniztasuna = Gobernaezintasuna) = Gaitasunik-eza.
& & &
Atzo paratu nahi baina ezin izan nuena, internet konexioa gaur arte eten izan zitzaidala eta.
Ene boto irizpide batzuk (11).
Boto berez balioduna eman nahiago dut, edozertarako baliagarria baino.
Ene boto irizpide batzuk (10)
Nahiago dut botoa eman enekotzat jotzen dudanari, beti berbera ez izanik ere.
Ene boto irizpide batzuk (9).
Ez dago gobernagarritasuna errazterik erratz kolpeka uxatzen balizko aliatuak
Ene boto irizpide batzuk (8).
Botoen arraste-arrantzak botoen kalak ahitzen ditu.
Ene boto irizpide batzuk (7)
Erregimenaren aldekoei botoa eta garaipena ematen badizkiet, haien gustuko dieta jarriko didatelakoan nago.
Ene boto irizpide batzuk (6).
Ez dut ene botoarekin engainatu nahi ni neu engainatu nahi nauena.