Eskuindar izan gaitezke kontzientzia-karga gehiegirik gabe, ezjakinak adimen-karga gutxiko jende izan daitezkeen bezala.
Ideologiak
Begiak zuzendu
Begi-labur horiek, hobe fokuratzeko, betaurrekoak baino betertzeko hesiak nahiago dituztenak.
Eskuin-ezker
Eskuinak nahi gintuzten baina ezkerra trebe mugitzeko gomendatu orobat: eskuindar siniestroak nahi gintuzten.
Esfortzu-kultura
Ba al dago ekonomia-handiki neoliberalen bat zerotik hasia? Eta baldin badago, harrera ona jaso ote du jaiotzezko handikiengandik?
Ideologia labirintoak
Eskuina eta ezkerra ongi bereizten zirenean, eskuindar ibilbideko batek zioenean iraganeko kontua zela eskuin-ezker bidegurutzea, bietako bat: edo ezkerreko bidea ikusezin bihurtu nahi zuen eskuinekoa bakarra zelakoan, edo bere eskuindar lagunen aurrean zuritu nahi zuen ezker aldeko bidea.
Gaur, eskuindar ibilbideko batek dioenean iraganeko kontua dela eskuin-ezker bidegurutzea, aukera bakarra: eskuineko bidea bakarra dela erran nahi du. Hain ziur, non aurreko ezker ibilbidetik datorren batek berdin dioenean, eskuindar ibilbidekoak erran nahi duen horixe bera ere erran nahi duen.
Labirinto sintaktiko-semantikoa, ote? Labirinto bat da politika, nahitaez, eta labirintoek eskuin-ezker bidegurutze, bihurgune, bazter, txoko eta estalpeak behar ditu, labirinto izanen bada.
Histori(a)koa
Alderdi historiko hori, Historian ez galdu eta kosta ahala kosta biziraun nahian, landare moduan izanik ere, igokari gisa edonola ere.
Iman okerreko iparrorratza
Eskuindar naizen? Ezta inauterietan ere! Zentrokoa? Hori bai hori trilero-jokoa! Ezkertiar? Horrela ikusten nuen ene burua, harik eta jendea hasi den arte ezkertiartzat jotzen eskuin-ezker ardatza gainditurik daudela diotenak. Uko egiten diot horrelako Zirtzeren gonbitari.
Ezker-eskuinean aztoratu
Dislexia, moderniaosteko sozialdemokraziaren gaixotasuna.
Politikari pragmatikoak
Ideologia gabeko pragmatismoa, entelekia hutsa da, garun-laborategikoa. Kezkagarriak, aldiz, ideologia bako politikari pragmatikoak!
Zentro deszentratua
Abaniko politikoan, zentrokoak, nahita, deszentratuenak: ezin atzeman non zentratuko duten euren ardatza.