Lurraldetasuna.

Koronabirusaren lurraldetasuna ez dagokio lurraldetasun administratibo-politikoari. Mikro-zomorrotxoak deus ere ez daki ez geografiaz ez historiaz ez politikaz. Zerbait jakitekotan, eta betiere metaforikoki hitz egiten, demografia multzoez eta berauen barneko giza harremanez daki dakiena. Haren kutsadurak ez du lurralde mugarik, ez behintzat administratiborik. Giza harreman eta ukimen arabera hedatzen da, eta demografia multzoen arabera aurkitzen du bere habitat ekologikoa.

Bertze kontu bat da hari aurre egiteko nola antolatzen garen gizakiok: terapia kontuak zehazterakoan, bai, lurraldetasunaren kudeaketa dugu tresna bat. Alta, ez dirudi lurraldetasun administratiboak egiteko handirik duenik terapiak antolatzerakoan. Kontrolak eta arauak ezartzeko, estatua eskuaira eta kartaboiz banatuko bagenu bezala da probintzietan banatzea. Zergatik, bada, hartu ote du probintzia unitate bezala espainiar gobernuak bere neurrien onurak eta akatsak kontrolatzerakoan? Inertzia burokratikoaz lurraldetasun administratiboa hartu nahi izan badu horretarako, zergatik ez du hartu gaurko lurraldetasuna, erkidego autonomikoena? Aditzera eman duten arrazoia, kontrol unitateen tamainarena, ahulegi dirudi bere hutsean lehen begiradan.

Ados, kontrol unitateen tamaina garrantzizkoa da kudeaketan. Batere ez egokia, ordea, probintzien tamaina mikrobioaren portaera geografikoari mugak jartzerakoan: burokraziaren inertziak eraman du, itxura osoz, eskuaira eta kartaboiaren ordez mentalitate zaharkitu baten arabera kontrol sistema antolatzera.

Ulergarria, zentzu horretan, erkidego autonomikoak unitate gisa hartu ez izana. Baina ulergarria, jada inposaturiko premisa batetik begiratuta bakarrik: agintaritza bakarrekoaren inposaketatik alegia. Badute zerikusirik horretan bertze eragile batzuek ere, hala nola zein era penagarrian antolatu zen trantsizioan Espainia autonomiko hura, “kafea guztientzat” lemapean. Autogobernu sendoa eskatu eta behar zuten lurraldeak batzuk soilik ziren: Euskal Herria, Galizia, Herri Katalanak, Kanariar Uharteak, horiek seguru, eta Andaluzia eta Aragoi agian (hauetako herri eskaera hain zabaldurik ezta hurrik ere ez zegoen). Baina garaiko bunkerrekoak ez zeudenez prest nazionalismo espainiarra ez bertze nazionalismorik onartzeko nazio batasun sakrosantuaren izenean, mozorrotu egin zuten autogobernu nahiei amore emate hura autonomia-Estatuaren antolamenduaz, muzin nabarmenik gabe onartu zutelarik kafeina gabeturiko denentzako kafea, bai bipartidismoa ezarri nahi zutenek, bai lurralde “separatistetako” hainbat alderdik.

Hortik datorkigu espainiar gobernuaren agintaritza bakarreko gaurko probintziakeria zaharkitua. Aitzakia zentzuduna, jakina, erkidego autonomikoen tamaina.

Baina, kontxo!, ez al dago bertze lurraldetasun mota bat indarrean, erkidego autonomikoek eta zonalde mugakide batzuetan euren arteko itunek kudeatuta, tamaina askoz txikiagoko eta hala osasun beharrei nola koronabirusaren habitat demografikoari askoz egokituagoa, osasun barrutiena kasu?

 

⁎ ⁎ ⁎

 

[Esplizituki erran gabe doa, inplizituki bai ordea, artikuluaren intuizioa: autonomia Estatuaren konstituziogile haiek ez zutela sinesten erkidego autonomoen autogobernuarekin. Hortaz gaurko probintziakeria hau.

 

Atzoko nafar D. de Noticias-en plazaraturiko artikulua].

Aldebakartasuna

 

Pozik atera omen dira elkarrizketatik bai Sánchez, bai Torra. Azken buruan elkarrizketa izan dutenez, badugu motiborik. Poz inpostatuagoa izan arren Sanchezena, eszeptikoagoa Torrarena.

Espainiak Katalunian sorturiko auzian (ezin ahaztu garaiko bai PPk bai PSOEk nola bota zuten paperontzira Estatut-aren erreforma), ikasgai ederra eman zigun Kataluniak, hango ordezkarien gehiengoak, independentzia aldarrikatzeko bidea nola edo hala adostu zuenean, bakean eta zibikoki jorratzeko, erreferenduma barne. PP, PSOE eta bertze batzuen erantzuna ez zen izan batere zibikoa ez bakezkoa, euren legearen indarrez oztopatu eta itxi zuten edozein bide, euren aldebakarretik. Kataluniako gobernukideek maisuki prestatu eta kudeatu zuten erreferenduma, espainiar su eta ke artean.

Eredugarri izan zen ordura arte Kataluniako alderdi demokratikoek jorraturiko prozesua. Azken hauteskundeetan, ditxosozko 155. artikuluaren pean, sendotu zen subiranisten pisua, baina manu militari gauzak kudeatzeko eskatzen zuen Ciudadanos izan zen boto gehien lortu zituena, ez aski, halere, gobernua osatu edo bertze inorekin adosteko. Kataluniatik kanpora joan zen haren liderra, Espainiara, hortik aiseago segurtatuko zuelakoan bide errepresiboa, kode penala eskuan. Gaizki atera zitzaizkion kalkuluak Espainian ere jarraian izaniko bi hauteskunde prozesuetan: lehenbizikoan ez zuen lortu PP ordezkatzea eta bigarrenean hutsaren hurrengoa izatera heldu zen.

Baina korapilatu ziren gauzak procés-ean. Gobernua osatu ahal izan zuten subiranistek, bai, baina ez gehiengo nahikoa, absolutua alegia, aginduriko independentzia aldarrikatzeko. Higatzen hasi zen hortik aurrera ERC eta JxCat arteko adostasuna. Independentzia aldarrikatzearen alde JxCat, poliki eta politikoago joatearen alde ERC subiranismoak katalan hautesleen gehiengo absolutua lortze aldera.

Ordura arteko bide eredugarriak bere baitako defizitak erakutsi zituen. Orain, espainiar gobernu berriarekin, Sanchezekiko mesfidantzaren despit izanik ere, aukera berriak saiatzen ari da ERC, bere horretan jarraitzen duelarik, aldiz, JxCat-ek. Gauzak horrela, badatoz etorri hauteskunde berriak Katalunian. JxCat eta ERC arteko lehian, nor aterako da hobe? Behera joko du Ciudadanosek, berak sorturiko kataklismoaren ondorioz, baina horrek ez du PPren pizkunde nahikorik ekarriko, aurreikus daitekeenez. Noraino berreskuratuko da PSC? Euren pisua gordeko ote dute CatComú-Podem eta CUPek?

Ezezagun asko, baiki, ekuazioan. Bizirik jarraituko du, ordea, Espainiak Katalunian duen arazoak. Sanchezen gobernuaren jarrera aldatzen hasi da, baina askoz gehiago aldatu behar, auzian beharrezko oreka gordeko badu. Oraingoz subiranistak gehienak izan ala ez, katalan gehiegik jarraituko du independentziaren alde, gehiegi Espainiak gorrarena egiten jarraitzeko. Autodeterminazio eskubiderik ezean, gora jo dezakete subiranistek goiz ala berandu, ERCren apustua indartuz eta berriro ere bide bakar gisa baina zoru sendoagoaren gainean aldebakartasunaren irtenbidea diseinatuz.

Ekuazioko ‘X’

Ekuazioko ‘X’

 

Porrot egin omen dute gobernu berria eratzeko saio guztiek. Bai zera! Sanchezek hasieratik nahi zuena lortu du. Dudan nago, alta, berak nahi ote zuen ala PSOEren gerontokraziak, hots, Gonzalez, Guerra, Solchaga, Rubalcaba eta bertzek. Gerontokratek horrela nahi izan dute, hain ziur, eta ederki baliatzen jakin ere Sanchezen hiperegoaz. Porrotik ez, beraz, oraingoz.

Porrot egitekotan, Sanchezi botoa eman diotenek egin dute porrot, hots, PSOEren eraberritzean sinetsi izan dutenek, alderdikide/jarraitzaile izan edo Podemosetiko iheslariak izan. Sanchezena, lotsagabekeria hutsa izan da. Bere helburua, bistan da, bipartidismoaren birjosketa, alderdi aniztasuneko gobernantza errefusatzea, kosta ahala kosta.

Bertze batzuetan aipatu dut nola bukatu zen Berrezarpeneko bipartidismoa, Canovasek ezarri zuena. Ez dut errepikatuko argumentua, baina ongi dakigu kontzentrazio gobernuek, huts eginiko bipartidismoaren sustatzaileek osaturikoek, buru belarri eutsi nahi izan ziotela hartako erregimen hari eta, berriro porrot eginda, diktadurara jo zutela, diktadura primorriveratarrera.

Ez dut historizista jarri nahi, argi dago alde handiak daudela harako garai zahar haien eta gaurkoen artean, baina antzekotasunak ere, egon, badaude. Aitortu ala ez, bipartidismoak erreka jo duela badaki, ongi jakin ere, Sanchezek. Eta hain ziur, berak sinetsi nahi dituen inkestek diotena diotela, PPren eskutik  aldatu beharko du, bere kasurik onenean, hauteskunde legea, boto gehien lortzen duen alderdiak automatikoki gobernua osa dezan. Ciudadanos albo batean utzita Riveraren buru politikoaren tamainari esker, orratz burudun baten buruaren tamainakoari esker alegia. Eta akabo, bidenabar, Podemosekiko amesgaiztoa!

Erran nahi baita, diktadura batera eraman nahi du bere Espainia: diktadura zibil batera, zeinaren euskarriak beso militarraren ordez beso enpresariala, judiziala eta mediatikoa (oi, laugarren boterearen mitoa, prentsan irudikaturiko hura!) izanen diren. Ez da sartzen Sanchezen buruan bere ustezko Espainia josterik, errematxatu nahi du, mailukadaka, metalezko piezak josten diren moduan. Berriro ere, bere ustezko nazio bakarreko Espainia ofiziala Estatu espainiar errealaren aurka, Errestaurazioko erregenerazionistek salatzen zuten paperezko Espainia, beren begi-bistako Espainia errealaren aurrez aurre. Eta batik bat, horixe kaltegarriena Sanchezi boto emaileentzat berauek konturatu ala ez, ustelkeriaren mintegia den bipartidismora doa hau, txandako gobernuek euren aise diru publikoaren xahutzaile izaten jarraitu ahal izateko, euren patriken edota euren gustuko enpresetara esleituriko kontratuen alde, berdin dena.

Euren Espainia errematxatu nahi dute, baiki. Errematxatu eta errematatu arteko aldea ‘x’ batean dago, hots, ekuazioetako ezezagunen sinboloan: bakantzekoa hizkera matematikoan, garbitzekoa arruntean. Errematxatu aditzari ‘x’ kenduta, errematatu gelditzen zaigu. Hain zuzen ere, goiz ala berandu euren ustezko Espainia errematatzera daraman sistema berrezartzera doaz.

 

⁂ ⁂ ⁂

 

[Atzo plazaraturiko artikulua, nafar Diario de Noticiasen. Bistan da “Espainia Bakarra” herenegungo nire aforismoaren irakurketa posible bat ireki nahi izan nuela].