Espezialistak, hain funtsezko laguntzaile horiek, zientzia laguntzaileen aurrean itsuarena gehien egiten dutenak.
Zientziak
Aurkikuntza berria
Zerbait berri aurkitu izanaren zirrara zirraragarriago bihurtzen du hura aurretik hor zegoela egiaztatzeak.
Zientzia-edo dibulgazioa
Dibulgatzaileak: zientzia-edo adituen argoten itzultzaile horiek, profanoei begira haien arkanoen desakralizatzaile itxuraz, baina maiz sakralizazioaren zabaltzaileak.
Legeak landu
Aerodinamikak hegan egiten jarri zuen grabitate legea.
Aitortza
Ongi dakigunez, eguzkia berriro ere hasi zen bira egiten lurraren inguruan, Galileoren aitortza ondoren.
Matematika ordena
Kenketa eragiketan emaitza negatiboa sor daiteke, faktoreen ordena zein den. Emaitza negatiboen batuketan, aldiz, berdin du ordena.
Matematika huts(egile)a
Beharrik, matematika hutsa hutsegile izan ohi da, bere hutsean edozeri aplikatuz gero.
Euskal (buru)jabetza.
Ea jabetzen garen: klima-aldaketak mundu osoa ez ezik, euskaldunok ere suntsituko gaitu.
Zientziaren fruitua
Sagarra, zientziarekin estuen loturiko fruta, Ebari eta Newtoni esker. Bati begiak, bertzeari burua ireki omen zizkien.
Aurrerakuntzen aukerak
Aurrerakuntza tekniko bakoitzak, bide berriak ez ezik, kale egite berrien aukerak ere irekitzen ditu.