Adinak maskurrez betetzen gaitu, gure maskurrak tripaki jangarriago bihurtzen dituen ber gisan.
adina
Urrezko adina?
Denbora urre izanen balitz, ba ote legoke adindun pobrerik?
Sinplekeria zaharkituak
Zaharkitu ahala ezin pairatu sinplekeriarik, nahikoa dugu geureekin.
Grabitatea
Beti-bateko azelerazioko erortze higiduraren legea, ez Newtonen sagarraz, ez Pisako dorrean Galileoren esperimentuez, urteen erorikoez hausnartzen asmatu zen.
Adinaren ajeei mendekua hartu
Adinaren ajeek, euren neurrian zeuk hartuz gero, ez zaituzte hilko: zurekin batera hilobiratuko dituzu.
Destenorean bizi
Udaberriko urte haietan udazkenekin maitemindurik ni; udazkeneko urte hauetan, udaberriekin.
Urte aberatsak
Lukurari deitu zioten bere urte guztiak metatu eta ongi zaindu nahi zituelako, batere ez xahutu gabe.
Metafora itzaltsua
Itzal handiko jendeak ere, bizitzaren eguerdian ez, arrastiriko orduetan lortzen du itzal luzeena.
Zahartzeko presarik?
Gertakizun bat lehenbailehen heltzeko desira, sano, bai, haren data aldatzea zure esku badago. Bertzela, zahartu nahi izatea da.