Alderdi bakoitzak bere estrategak ditu, kontu sozialei begira ere, behar bezala. Baina politikari hauek mugimendu sozial bat fagozitatzen badute, zer bilakatzen da mugimendua? Estratega politikoek beraiek jakin beharko lukete, onak izanen balira.
alderdiak
Atrebentzia ez bada
Atrebentzia izanen ote da, ene aldetik, nirea ez den alderdi baten aldizkari honetan, hain abegikor suertatzen zaidana aspalditik, gaurkoa bezalako artikulu kritikoa paratzea. Aldez aurretik eskatzen dizuet barkamena paper honetako ene irakurleoi, bi arrazoirengatik: nire ohikoetan baino dezente luzeago aritzeagatik, eta hain kritiko agertzeagatik. Barkagarritzat joko duzuelakoan nago, ez ad hominem argudioetan ez sofisma tranpatietan ez erortzen saiatu naizelako, hain tentagarriak beti edozein eztabaidatan. Ene arrazoi teorikoei (eztabaidagarriak betiere, bai arrazoiak beraiek agian, bai kasurako haien egokitasuna ere) eusten saiatu naiz.
Eskematikoki erranik, langile klase-sindikatuek bi arrisku latz dute beti, bertze anitzekin batera, baina larriagoak bi hauek: kupuletako profesional eta adituengandik datorrena, bat; bertzea, behetik datorrena, federazio batzuen korporatibismoa.
Ez nauzue sindikalismoaren profesionalizatzearen aurkari, kontrolpean badago, ez eta sindikatuen zerbitzurako adituez horniduraren etsai ere. Behar-beharrezkoa da egitura profesional bat. Arazoa sortzen da kupula horiek langileak ordezkatzen dituztenean negoziazioetan-eta langileen kontroletik kanpo. Adibidez Estatu eremuko negoziazio kolektiboetara ematen direnean, borroka-presioaren ordez, euren kabuz euren profesionaltasunetik hala holako baldintzak negoziatu nahian enpresarien elkarteekin edota administrazioarekin, gero tokian tokiko langileei ustezko lorpenak eskaintzeko, zerbitzari leial eta eskuzabalen planta egiten. Barkatu ironia puntu xumea, baina erraza da, dinamika horretan, sindikalista profesional horiek langileen enpresari izanen balira bezala jokatzea dagozkien enpresarien elkarteekin, hots, enpresarien logikan erortzea, do ut des printzipioari jarraitzea: “Halako lan-baldintzak eta soldatak zuek onartu, eskatzen dituzuenak bezain itxurosoak ez, ados, baina bertze oparitxo bat gehituko guk zuentzat, zuen enpresa sindikala hobe sostenga ahal dezazuen, hobe zerbitzatzeko zuen langileen beharrei… Bidenabar, bake soziala segurtatu, hain onuragarria dena, denoi, zuoi eta guri, interesatzen zaigun ekonomiaren martxarako”. Horrela sortzen zaizkie gero sindikatuei finantzatze ahalmen handiagoak, auto-finantzaketak ematen dizkienak baino askoz handiagoak, baina-eta, horrekin batera, dependentzia gero eta handiagoa mota horretako negoziazioekiko, horren inguruan eratu diren sindikatu eta enpresari/administrazioen arteko elkarte partekatuekiko. Ustelkeria kasuak ere sor daitezke dinamika horretan, ez derrigorrean jakina, eta ez ohi da hori larriena: larriena, dinamika bera da, sindikatuak beraiek halako enpresa bihurtzera daramatzana, bertze edozein enpresariren jokamoldeetara jotzera. Ez da harritzekoa gero hainbat gorazarre eta domina jaso izana sindikatu horiek enpresari eta administrazio neoliberalen aldetik, ohore dudagarria inondik ere langile-sindikatu batentzat.
Bete-betean erori dira 78ko erregimeneko sindikatuak arrisku horretan, horixe da behintzat kanpotik jasotzen dugun pertzepzioa, gero eta hedatuagoa.
Federazio sindikalen korporatibismorako joera, behetik datorrena, da goian apuntatu bertze arrisku larria. Uste ezkertiar zuzena da langile klase-sindikatu batek langileria osoa izan behar duela buruan, edozein erreibindikazio ekonomiko, sozial, kultural, administratibo edota politikotan abiatzerakoan. Klase-sindikatuen ezinbertzeko baldintza da hori, definiziozkoa izateraino. Alta, maiz, langile talde zehatz batzuek, federazio batzuek, bertze batzuek baino pisu eta indar gehiago dute sindikatu guztietan. Eta maiz federazio horien eskaerek ez dute kontuan hartzen euren erreibindikazioek ez ote dituzten oztopatzen, bai eta zanpatu ere batzuetan, bertze kolektibo baten eskubideak. Nolabait (eta barkatu, ez jada ironia, sarkasmoa baizik), oihaneko legea altxatzen da sindikatuen barneko federazioen artean: indartsuenak jan, gainerakoak hor konpon. Ez da arrisku hau 78ko erregimeneko klase-sindikatuen pribatibo, bertzelako klase-sindikatuetan ere berez sortzen den joera dugu, betiere kontrol zailekoa klase ikuspegirik zorrotzenetik ere, baina ez naiz horretan ari gaurko honetan.
Hilabete hauetan ikusten ari gara Nafarroan horren adibide paradigmatiko bat, irakaskuntza publikoari dagokiona: oposizioetako zerrenda bakarrarena edo bikoitzarena, irakasle elebakar eta elebidunen arteko auzia. 78ko erregimeneko sindikatuetan, bai elebakarrak bai elebidunak daude, baina elebakarrekoen interesak gailendu zaizkie elebidunenei. Irakaskuntza arloko gehiengo sindikalak, aldiz, irakasle elebidun gehiago du, zerrenda bakarreko aukerak bere eskubideak zapuzten dituelakoan dagoelarik. Ez naiz sartuko argumentuetan, argumentu nahikoak azaldu dira dagoeneko, zeinetan, ene uste apalean, argi eta garbi ikusten diren zerrenda bikoitzaren aldekoen gabezia dialektikoak, zerrenda bakarraren aldekoen kexa eta argumentu sendoen aurrean. Kontu pare batean bakarrik sartuko naiz ni.
Lehena: 78ko erregimeneko klase-sindikatuak, biak ala biak, lehen arriskuaz hitz egitean erran dudan egoeraren nostalgiko dabiltza, itxura osoz. Hots, langile-enpresa gisa ekonomia-enpresarien/administrazioaren elkartearekin joka zezaketeneko egoeraren nostalgiko, nafar gobernu berriak dezente murriztu diolako erakunde hirukoitz horri diru-laguntza, bi sindikatu horiei ere, hortaz eta orobat, euren laguntza pribilegiatua neurri handi batean murriztu dielarik. Horra hor bi sindikatu horien kupulen jarrera politikoa ulertzeko bertze arrazoi bat, euren hurbileneko alderdi politikoen bidez defendatuta eta bertzeek gutxiegi salatuta hedabideetan, baina, nik uste, kontuan hartzekoa eztabaidan.
Eta bigarrena, korporatibismoaren pisu politikoaz. Ez da harritzekoa bi sindikatu horietako baten jarrera, bere alderdi politikoa oposizioan eta gaurko gobernuaren kontra amorraturik dabilenez: argumentu eta jarrerarik burugabeenak ere aldarrikatzeko gai eta prest dago, behin baino gehiagotan barregarri gelditzeraino ere edozein buru arrazoidunen aurrean. Bai harritzekoa, eta are kezkagarriagoa, bertze sindikatuaren jarrera, bere alderdia nafar gobernuaren bermatzaileetako bat denez. Korporatibismo hutsa eta, agian, bertze mapa politiko baten bila ez ote den hasi alderdi politiko hori…, holakoak eta bertze aipatu dira hedabideetako artikulu eta iritzi batzuetan. Kontu teorikoago batean sartu nahi dut nik: alegia, sindikatu eta alderdi politikoaren arteko lotura aldrebestuak aipatu nahi ditut. Izan ere, tradizio zaharreko kontua da, langileen aldeko alderdietan, bakoitzak bere sindikatua sortu izana, guztiz kontrolpean, alderditik langileriaganako “transmisio uhala”ren teoriaren arabera. Ez bi alderdi horietako batek, ez bi sindikatu horietako batek, ez du gaur egun aldezten horrelako teoria zaharkitua: autonomia sindikalaren alde agertzen dira teorikoki. Alta, autonomia eskasa frogatu dute praktikan gero! Baina, horra hor sorpresa, elkarrekiko lotura aldrebestua dute bigarren sindikatuak eta bere alderdiak: alderdia da sindikatuaren “transmisio uhala”, ez langileriagana, botere erakundeetara baizik. Zerikusi du horrek, jakina, askoz indartsuagoa izateak sindikatua alderdia baino. Alderdiaren babes politikoa, haren boto habia, sindikatuan dago hortaz, gizarte orokorrean bainoago. Eta korporatibismoa baldin bada nagusi sindikatuko federazio batean, korporatibismo horren arabera jokatuko du alderdiak ere, bere teoria eta ideologia politiko orokorren despit.
Txarra, ezker zaharkituez ahaztea; txarragoa, haiei jarraitzea; baina txarrena, gainditu ditugulakoan haien jokamoldeak kalkatzea.
& & &
Ezkerretik Berrituz 54. zbk., 2018ko urtarrila, Batzarreren aldizkarian argitaraturik.
Neo paleo horiek
Ideietan ‘neo’ aurrizkidun guztiek zapore zaharmindua dute. ‘Neo’ek ez dituzte ideia zaharrak berriztatzen, ideia zaharrak trastelekutik berreskuratu eta, koskak hautsa eta guzti, birkokatzen dituzte euren garunetan. Neoliberalismoa dugu gaurko paradigmarik gaurkoena: XIX. mendeko liberalismoa du eredu eta xede. Aberatsek bakarrik bozka egin eta aberatsen gobernuek bakarrik agintzen zuteneko eredua amesten dute. Bai behintzat neoliberal lotsagabeenek, aho bilorik gabe eskaera hori ozen adieraztera iritsi baitira. Eta enpresariek langile sindikatuak onartzen ez zituzteneko eredua ere euren ametsetan. Praktikan dago jada enpresa erraldoi askotan sindikatuen debekua enpresarien eta langileen askatasunaren izenean. A zer pagotxa Frantziako neoliberalismoarena, herritarrek Errepublikaburu nor jartzeko Macron neoliberal eta Le Pen neofaxistaren artean hautatu behar izan zutenean! Hor dugu jada Macronen lan-erreforma, enpresari eta langileen arteko kontratuetan sindikatuei parte hartzeko eskubidea kentzen diena. XIX mendeko lan eredu gordina en marche berriro XXI mendean.
Ez dirudi gaurko ezkerreko ideietan ‘neo’ aurrizkidun planteamendurik dagoenik, ez behintzat izenetan, nik dakidanez. Baina ez dago hain garbi mugimendu ezkertiarrak horrelako atzerapausoak ematen ari ez direnik, ‘neo’ aurrizkia jarri gabe ere euren ideologia eta estrategien izenetan. Hala ere, ideia ‘paleo’en aldera jotzen ari dira asko, en marche berauek ere XIX mende aldera. Adibidez, espainiar estatu eremuko indar politiko ezkertiarrak, Kataluniak gaur atakan jarri dituenean Estatu eta Nazio ereduak zurrunbiloaren erdian. Ezkerra tradizional ofizialean (PSOE), baina baita ere, neurri nahasiago batean, urte gutxi duela loratu den bertze horretan (Podemos). Euren ereduari ez diote jarri honako izena, ‘neoengelsianismo’ alegia, baina neoengelsiano agertzen zaizkigu Engelsek formulaturiko historiarik gabeko herrien teoriaren inguruan: Historiaren zakarrontzira kondenaturiko herriena, euren ezinean. Erdialdeko Europako mapak zer dio gaur, ordea?
Entsalada mental ederra, gatzozpindua gainera nazionalismoak burgesien ideologia hutsak direlako ideia zaharkituarekin. Kataluniako gaurko mugimendua bertako burgesiaren amarru hutsa dela dioten aho beraietatik entzun ahal ditugu, alta, enpresari katalanek alde eginen dutela estatu berri horretatik, erreferenduma egin eta independentziaren aukerak irabaziz gero. Hori koherentzia hori, entsalada mental horrena! PSOEren lider ustez erregenerazionistak PPko zaldien apatxen azpian jarri du mugimendu katalana. Podemosen liderrak, atzo arre, gaur so, han so, hemen arre erraten dabiltza. Lekutan daude autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak PSOEn, Guadianako begiak bezala agertzen desagertzen dabil Podemosena bere ibilbidean. Neoengelsianismoa PSOEn, espainiar burgesia neoliberalaren bidaide… Nahaste-borraste argiezina Podemosen, izutuago, dirudienez, burgesia katalan isolatuaren aurrean estatu espainiarreko burgesia batu osoaren aurrean baino.
& & &
Atzo plazaraturik Diario de Noticias de Navarran.
Bipartidismoaren sentsibilitatea
“Sentsibilitate askotarikoa da gure alderdia”. “Hain ziur! Baina sentsibilitate batere gabea herritarron arazoekiko”.
San(che)zismoa?
Haize-bolada fresko batek jo du espainiar alderdi-sistema, PSOEn gertaturikoa lekuko. Oinarrizko militanteek alderdiko kupulakoei emaniko zartadak itxaropen berriak ireki ditu sistema zaharkitu, sorgortu eta usteldu horretan. Zama eta tradizio handiko indar politiko horrek jarraitzaile fidel anitz bildu du bere historia luzean, fidelak orain arteko kupulakoei ere bai, baina funtsean ideologia batekiko atxikimenduari fidel, direnak direlakoak azken hamarkadetako goiko kargudunek eginiko politikak, zerikusi gutxikoak jarraitzaile sufrituen ideia sozialistekin. Baina jada sufritu ahal izan ez dutena barne-estatu kolpea izan da, kupulakoek eman eta militantziak berak hautaturiko liderra defenestratu zuena. Haize-bolada freskoa, bai horixe!
Ikusteke dago Sánchez gai izanen ote den militanteen esperantza berri horiei egokiro erantzuteko. Beldurrak nauzue, gai izanen ez delakoan. Errotuegia dago PSOE Errestaurazio post-frankista kosta ahala kosta iraunarazi nahi duten instantzia politiko-ekonomikoetan, bigarren errestaurazio borboitar ustel honetan. Eta defenestraturik izan aurretik ez zuen Sanchezek frogatu preseski dohain bereziak dituenik koherente jokatzeko Europako alderdirik ustelduena gobernutik kentze aldera, esku artean izan zituen aukerak gorabehera.
Eta Nafarroari dagokionez? Badut lagun bat, emakume berau, argi eta garbi zuena zer nahiago zuen PSOEren primarioetan: “Susanaren alde, mesedez”, zioen. Bertzela, erran nahi baita Pedrok lortuz gero irabaztea, jai dugu Nafarroan. Berriro ere esperantzak berpiztuko dituelakoan jada etsita dagoen hainbat nafar sozialistarengan, noraino eta Foru Parlamentuan giltza berreskuratzeraino hurrengo hauteskundeetan. Eta akabo, jakina, gaurko nafar parlamentuko gehiengoa, karanbolaz lorturikoa 2015eko harako maiatz hartan. Jimenez padronek eta Chivite noragabeak Pedroren alde eraman dituzte sutsu euren nafar militantziaren sostenguak, eta Pedrok irabazita, ene lagunaren ustez, ba, hori gertatuko litzaiguke Nafarroan. Lagunarekiko elkarrizketa hura (tira, neurri batean gezurti nabil, ni ez nengoen taberna hartan, bertze lagun batek kontatu dit), Nafarroako eta Espainia osoko ultraeskuindarrek ekainaren 3ko bandera festara deitu baino lehen izan zen. Ordurako, beraz, PSN eta Chivite noragabea ezin agertu ez deialdiaren alde, ez kontra. Baina agertu dira gero, Espainiako falangistek, auskalo zein bazterretako karlistek, PPNk eta UPNk deituriko ekainaren 3ko horretan. Hauek guztiek deituta ere, Chivitek (PSOEren ustezko eta ezusteko erregenerazionista nafar hau) PSN ultraeskuindar horiekin aterako dela agindu zuen. Azterketa zorrotza, bai, ene lagunarena. Itxaropen gutxi Pedroren nafar lagun hauekin, hurrengo foru-gobernuaren giltza berreskuratuko balute. Keinurik batere ez PSNn, UPNri aurre egiteko, Nafarroan aldakuntzaren alde agertzeko: mementoz, Chivitek eta Jimenezek PPN, UPN eta falangistekin nahiago, ekainaren 3an, Aldakuntza Gobernuaren aurka. PSNren sanchezismoa sanzismoaren alde berriro jokatzeko?
* * *
Atzo argitaratua Diario de Noticias de Navarra.
Politikaren autentikotasuna?
Entzuleak entzun nahi duena erran: horixe hauteskunde kanpainetan eta geroko negoziazioetan lehen lerroko politikari askoren trebezia. Eta horixe boto emaile askoren etsipena.
Mahomaren mendia
Mahomaren ikasle, gehienetan, zentroa erakarri nahi duten alderdi politiko horiek.
Irudi lausoen zehaztasuna
Argazkietako irudi zehaztugabeak direnean erretraturik zehatzena eskaintzen dutenak.
Propaganda ortopedikoa
Goebbelsen teknika, ez buru ez hanka, sormena galduriko alderdien ortopedia.
Lorpen baten gazi-gozoa
Bipartidismoaren bizkarrezurra apurtzeko jaio eta jada apurturik zegoen lekuetan baizik ez lortu. Lorpen baten gazi-gozoa: alegia, espainiar nazionalismoak jende gehiagori nazka ematen dioneko lurralde periferikoetan baizik ez lortu izana. Izan ere, espainiar nazionalismoak elikatu duen bipartidismoak (eta viceversa) ahulago bai, baina tente jarraitu du. Gainditzeke du proba hori, oraindik, 2011ko M15en uberan jaio eta 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri hark.
Kontuan hartzekoa da, interesgarri eta eskertzekoa, Gorka Bereziartuak aldizkari honen 2016/05/15eko zenbakian dioena izaki berri politiko horren lorpenaz, EAEri dagokionez (Euskal Herria aipatzen du Bereziartuak, baina azterketa EAEtik bakarrik begiraturik agertu zait niri). Nik bertze hari batetik tiraka azaldu nahi dut, labur-zurrean, fenomeno horri buruzko hausnarrean, Gorkarenaren osagarri: hau da, espainiar nazionalismoaz bertzelako nazionalismoek gainditzeke duten erronkaz.
Frankismoa ofizialki desagertu zenetik hona, fenomeno ezaguna da hauteskunde emaitzetan: nazio “periferikoetako” emaitza desberdinak, zer-nolako hauteskundeak diren; nabarmenago edo apalago, joera bat ikusi izan da hauteskunde deialdi guztietan: estatu obedientziazko indarrek boto gehiago lortu ohi dute hauteskunde orokorretan, eremu autonomikoetako hauteskundeetan baino (horietan ere indar bozkatuenak beti ez izanik). Zerbait adierazten du horrek, Hego Euskal Herrian (bereziki argiago Nafarroan) ere: badagoela masa bat, zeinarentzat autonomia kontuak kontu espainiar bat baitira. Erran nahi baita, masa bat, lasai asko uste duena estatu eremuko gobernagarritasuna estatu eremuko indar politikoei dagokien kontua dela, nahiz eta onartu etxe-eremuko (nazio edo erkidego autonomoetako) indar politikoei dagokiela etxeko kudeaketa. Arrunt bezain bitxia: hauteskunde autonomikoak kontu lokalak izanen bailiran, udal hauteskundeen mailakoak, hor nonbait. Mentalitate horrek elikatu du estatu eremuko bipartidismoa gure eremuetatik ere, lagungarri izan zaio espainiar nazionalismoak elikaturiko bipartidismo “naturalari”. Eta nekez bai nekez lortuko da bipartidismo horri bizkarrezurra apurtzea estatu eremuan mailua PSOEk izan artean, eta bereziki eremu “periferikoetako” indarrak gihartsu agertu ezean, “sorpasoa” eta guzti.
Bipartidismoa kontserbadore (orain artekoa) edo irekiagoa izan, nola ez oparitu indar “periferikoek” txeke zuri bat espainiar eremukoei, hauxe gainditzeke dugun ikasgaia. Nabarmenago utzi digutena 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri horren lorpenek gurean eta haren porrotak Espainian.
& & &
ARGIA astekarian, 2.509 zenbakia, 2016-05-29koan plazaratu eta hil bereko 15ean idatzi/bidalia.