Aforismo errukior zahar hura

Erromatar zuzenbidearen aforismo zahar hura, dura lex sed lex ditxosozko hura, ez zen aipatzen edonori aplikatzerakoan: klase beraren barneko liskarretan aipatzen zuten auzi bateko irabazleek galtzaileei begira, eta halako erruki batekin, jakinik, eta ongi jakin ere, hurrengo auzi batean une hartako borreroak biktima izan zitezkeela. Bertze klaseetakoei, herri xumeari, esklaboei aipatzerakoan, ordea, legeak ez zuen abizenik, ez zuen izenondorik, ez zen dura, lege hutsa zen, lege eta kito.

Ez dira gauzak hainbertzeraino aldatu ordutik hona, gure gaurko Zuzenbide Estatu deiturikoetan, demokratikoak izan ala ez. Hauetan, berdin jokatzen dute boterea duten taldeek, klaseek, eliteek: gogortzat jotzen dute legea beraien mailakoentzat, boterean txandaka ibiltzen direnentzat, legea leungarriekin aplikatzerakoan ere. Herritar xumeen gainean legearen pisua erortzeko orduan, ordea, legea lege da, haren gordintasun osoan aplikatu beharrekoa, dura den ala ez erreparatu gabe.

Euren hizkuntza erromanikoengatik izanen ote da elite horiek bereizten ez dituztena Zuzenbide eta eskubide kontzeptuak, hitz berbera erabiltzen dutenez bi kontzeptuentzako. Edonola ere, horrengatik edo Estatua euren patrimoniotzat jotzen dutelako, Zuzenbide Estatu deiturikoa era bitxian ulertzen dute praktikan, euren diskurtso teoriko orokorren despit: alegia, Zuzenbideak bere altzoan biltzen dituen eskubideak guztiak Estatuarenak baizik izanen ez balira bezala, inola ere ez herritarrenak, herritar arruntenak.

Logika horretan bakarrik uler daiteke Tasa Judizialen legea, 2012an ezarri zutena, herri arruntak, haien klasekoak ez garenok joan ez gaitezen erretolikekin geure eskubide batzuk erreklamatzen ez Estatuari, ez haien klasekoei, berauek Zuzenbide Estatu batean guztiontzat berdin izan beharko lukeen lege bat gure bizkar gainean urratu dutenean. Garesti ordainarazteko gure ausardia Zuzenbide Estatuak hiritarron guztion eskubideak berdin bermatu behar dituela pentsatzerakoan: Estatuarenak eta erreklamazioak ordain ditzaketenen eskubideak baizik ez baititu bermatzen Zuzenbide Estatuak.

Horrela jokatu, baina bertze era batean saltzen dute, jakina, Zuzenbide Estatuarena, bertze diskurtso teoriko batekin: hain zuzen herritarrok guztiok gure egin dugun diskurtsoarekin. Horixe baita diskurtso teoriko orokorrek dutena: jendeak, oro har, bere egiten dituela diskurtso horiek, sinesten dutela horiekin, eta benetan Zuzenbide Estatuak denon eskubideak bermatzen dituelakoan tematzen dela. Atzera jo behar izan du orain botereak, neurri batean, tasa judizialen auzian. Baina ez dut uste atzera jo duenik Zuzenbide Estatuari buruzko bere kontzeptua (Zuzenbide Estatua bakarrik Estatu eta haren gidarien eskubideen multzo gisa ulertzen duena) aldatu delako, kontu taktiko hutsengatik baizik, hauteskunde perspektibak-eta tartean.

Ez da nahikoa atzerapausoa demokrazia bermatzeko, baina aurrerapauso bat izan daiteke goi mailakoek uler dezaten legeak goi mailakoentzat bezain “dura” izan behar duela herritar xumeentzat ere bai: aforismo zaharraren erruki kutsuak goi mailakoentzat ez ezik, herritar guztientzat ere, ukendu izan behar duela.

& & &

(Ezkerretik Berrituz aldizkariaren 43. zenbakian, 2025ko apirilekoan, argitaraturik)