Zutabe salomondarra

“Historiak absolbituko nau”, Fidel Castroren erranaldi arrakastatsua. Arrakastatsua, batik bat, bere historian garaile suertatu zelako. Eta tinko eutsi ziolako garaipen hari.

Ni neu ez nintzen jabetu aldarrikapen historiko hartaz bere garaian, ezin jabetu ene orduko adinean, baina bai zirrara egin zidala geroago, ene burua halako Historiaren filosofo bat nueneko baina oraindik ere historialaria ez nintzeneko geroko garaietan. Erran nahi dut Historia iraganeko kontuen erregistro ez, Historia etorkizunerako asmo eta proiekziotzat jotzen nueneko garaietan.

Historiak ez du inoiz absolbituko, ez kondenatuko Fidel Castro. Absolbitu edo kondenatuko duena bertze jende asko izanen da, hala nola, politikariak, filosofoak, ideologoak… Inola ere ez Historia bera, ez historialariak ere. Azken hauek, historialariak, iraganeko kontuen erregistratzaile huts izatera mugatzen diren heinean behintzat. Funtzio horretatik haratago baldin badoaz historialariak, historialari baino gehiago kazetari, filosofo, politikari, ideologo… izanen baitira, eskubide osoz, nola ez?, baina, mesedez, ez agertu euren burua teknikaritzat, historia aditutzat, ez behintzat epaia ematerakoan.

Zenbat eta erranguratsuago izan subjektu historiko bat mundu zabalarentzat, hainbat eta jarriago epaiak jasotzera geroko historian. Halako moldez, non horrelako epaien kopuruak, zentzu bateko eta bertzekoenak, kondenazko eta absoluziozkoenak, neurtzen duen pertsonaia horren pisu historikoa. Historiak absolbitu ez, baina bere analetan sartu du Fidel Castro, Moncadako gertaerengatik epaitu zutenek Historiatik ezabatu nahi izan bazuten ere.

Inork ezin dio kendu Fidel Castrori merezimendu bat: Kubako lur-jabe handien eta AEBren interesen aldeko Batista diktadorea uhartetik bota izana, alegia. Gero bere itzal eta argiekin, Batistarena baino askoz herrikoiagoa edonola ere, Batistarena bezain hertsia askatasunei dagokienez bertzalde, berak bertze diktadura bat ezarri izanak ez dio meritu bat ere kentzen bere hasiera hari. Epai dezagun Fidel Castroren ibilbidea, epai ditzagun bere erabaki eta urrats bakoitza, baina nik behintzat ez ditut kondenatuko Castrok ongi egin edo saiaturiko gauzak bertze gauza asko kondenagarritzat jotzen ditudan arren. Diktadurak diktadura, zerikusirik ez Fidel Castrok, ez Pinochetekin, ez Francorekin, ez Salazarrekin, ez Mussolinirekin, ez Hitlerrekin…: bertze hauengan, ezer ere ez dago onargarri, den-dena da arbuiagarri, konparatzera jarririk hainbat jendek dioena dioela.

Eta, edonola ere, bertze subjektu historiko askok bezala, ikasbide asko eman dio mundu osoari, mundu osoko politikari, filosofo, ideologoei: ikasbide onak edo txarrak nork ikusten dituen. Ikasbide emankorrak betiere, bai nork bere ustezko eredugarrietatik zer ikasi duelako, bai nork bere ustezko arbuiagarrietatik alboratu beharreko bideei buruz ere zer ikasi duelako.

Ez nauzue ni epaile salomoniko, gauza txalogarriak egin eta saiatu zituen ene ustez Kubako herriaren alde, gauza guztiz arbuiagarriak ere egin zituen Kubako herriaren kontra. Baina arbuiagarriek ez naute eramaten txalogarriak mespretxatzera. Historiak ez du absolbitzen Fidel Castro, baina nik neuk bai, absolbitzen dut gauza batzuengatik, bertze anitzengatik kondenatzen dudan bezala. Zentzuren batean salomoniko ikusten banauzue, zutabe salomondarren antzera izan dadila: bihurgune korapilatsuak dituelako ene iritziak.

 

(Azaroaren 30ean idatzia, “Ezkerretik Berrituz”ko 50. zenbakian plazaratu berria. Hori dute, bertzeak bertze, bihilabetekariek: idazten duzun egunetan pil-pilean dagoen eta ezinbertzeko erreferentziatzat hartu behar duzun gai bati eutsi behar diozula, batik bat gaiak bere pisu historikoa baldin badu, Fidel Castroren heriotza kasu).