Epaile horiek

Epaile horiek, zeinek uste duten Babel Dorrekoa Deabruak ezarri zigun zigor bat izan zela eta gu berrerosi eta euren paradisuko hizkuntzara eraman behar gaituztela.

Epaile horiek, zeinen gustuko hablar en cristiano lelo zaharraren nostalgia erlijioaren dogmak bezain misteriotsua den.

Epaile horiek, zeinen bi hizkuntzaren koofizialtasunari buruzko kontzeptua bien arteko hierarkia bat ezartzean datzan.

Epaile horiek, zeinek 2. mailako hizkuntza koofizialaz ez duten zertan ezer jakin, salbu-eta hizkuntza hau nola kateatu legez menderaturiko mailari.

Epaile horiek, zeinentzat bigarren mailako hezkuntza koofizialaz egiten dugunok feudalismoko halako aztarna bizidunak garen, oraindik ere halako jopuak, guk nahita glebari lotuta.

Epaile horiek, zeinek diskriminazio kargua betiere bigarren mailako hizkuntza koofizialari hartzen dioten lehen mailakoaren pareko koofizialtasuna lortzeko ahalegin ororen aurrean.

Epaile horiek, zeinen ustez administrazio publikoko lan-harremanek ez duten zertan izan 2. mailako hizkuntza koofizialaz, honen ezagutzaren baldintza onartuz, gehienez jota, sentimendu paternalista ezin esku- eta bihotz-zabalago batekin herritar koitaduekiko harremanetarako.

Epaile horiek, zeinentzat bigarren mailako hizkuntza koofizialaren hiztunok bigarren mailako herritarrok garen.

Epaile horiek, zeinek elebitasun koofiziala hizkuntza hegemonikoaren talaiatik baizik ulertzen ez duten.

Epaile horiek, zeinentzat elebitasun koofiziala traba nekagarri bat baizik ez den euren justizia-zerbitzu sagaratua betetzerakoan.

Epaile horiek, zeinen betekizun zibilizatzailea euren hizkuntza koofizial bakarraren abantailak guri barneratu araztean datzan, antzarei arto-orea nola, holaxe guri lege-inbutuekin.

Epaile horiek, zeinentzat 2. mailako hizkuntza koofizialeko hiztunok bazter-nahasle apetatsuak baizik ez garen eskubidedunak izan barik.

Epaile horiek, zeinen meritu literario bakarra argudiatzeak bihurritzean datzan, euren testuetan kriptikotasunaren maisu gaindiezinak agertzeraino, “denok ulertzen dugun” hizkuntza koofizial bakarrean, zer erranik ez.

Epaile horiek, sofistikazio gutxikoak elebitasunaren koofizialtasun hierarkizatuaren aldeko euren sofisma elebakarrekoetan.

Epaile horiek, zeinek euren toga beltzez gustura estaliko luketen 2. mailako hizkuntza koofizialaren zerraldoa, hizkuntza hil berri baten omenezko dolu egiten.

Epaile horiek, zeinen garuneko gai grisa euren epaietako kontuan-hartuzkoen eta argudiatzeen erredakzioa bezain opakua den.

Epaile horiek, zeinen elebitasuneko soziolinguistikaren ezagutza euren justizia sena bezain eskasa den.

& & &

(Aste honetako Argia-n plazaratua. Eta epaile horiengana honen oihartzuna heltzen ez bada, diodanaren froga eztabaidaezina).

Transmisioa

D eredukume aita gazteak bere haur kuttun bati (D eredukoa berau ere bai), orekan hezi nahian arlo guztietan, hala autoritate eta samurtasun artean, nola elebitasunean: “Etorri hona te he dicho y no me vengas con tontakeris!”. Ene kezka, ortografikoa baizik ez, badakizue: harridura ikurrak, ixtekoa bakarrik (!), ala ireki eta ixtekoa (¡!) jarri behar?