Carta Magma.

Erratarik ez, Carta Magna diotena Carta Magma baita. Bereak egin du eta hasieratik espero izatekoa gertatu da, nahiz eta espero baino beranduago, beranduegi. Magma hartatik atera zaizkigu antikonstituzionalista izan zirenak gaur konstituzionalistarik amorratuen bihurturik, oroit gaitezen zer zioen Aznar gazteak konstituzioari buruz, huraxe ekarri nahi dute orain konstituzioaren bizkarrezur gisa haren ondorengoek, casadotar, abascaldar, rivera-arrimadastarrek…, eta ez da horiengandik hain urrun ibili Sanchez orain gutxi arte. Damu da jada azken hau, badirudi ikasten ari dela baina bereak eta bortz sufritzen edonola ere. Ikastaro trinko azkar bat jaso du azken hauteskundeen ostean errepublikazale eta bera bezalako nazionalistak ez diren bertzeen eskutik, eta amore egin behar izan du gobernuburu titulua lortzeko.

Jite berriko konstituziozale horiek denak ezjakin huts ditugu res publica-z, latina dakitelakoan res hitzari gaztelaniaz duen erran-nahia eman diote eta horrela dabiltza res publica txakurren zaunkaka gobernatu nahian. Ez ditut arbuiatzen ezjakin direlako, askotan agertu naiz herritar guztien, baita ezjakinenen ere, eskubideen alde hautagai agertzeko eta ez naiz orain asaldatuko ideia horren aurka. Aipatuen aurka nauzue baiki eta eiki, baina ezjakin direlako ez, egin nahi digutenarengatik baizik, ezjakin ala listo.

Konstituzioaren kontra zeuden, hark halako eskubide sozialei ateak irekitzen zizkielako, tronua eta Trento beraiek nahi zuten bezain estu uztartzen ez zituen arren, alderdi errepublikanoen legezkotasuna nekez baina onartu onartzen zuelako, euren Espainiaren batasuna ez zuelako bermatzen uztai eta geziekin… Lortu zuten denboraren poderioz eta felipismoari esker konstituzioaren erreforma funtsezko bat, politika sozialen kontrako 135. artikuluaren emendakina alegia, lortu zuten inpunitate osoz frankisten eskuetan jartzea erakunde gorenak, lortu zuten autonomia sistemaren “denendako kafeari” kafeina kentzea, zer ez zuten lortu?, lortu zuten labur zurrean erranik nahi zuten sistema, boto eskubidean oinarriturik…, eta konstituzionalistarik beroenak bihurtu dira beraz. Hainbertze maite dute euren Espainia hau, non mantis religiosa-ren irudia proposatuko bainieke logotipo gisa, oroit gaitezen araknido hori maitale-irensle omen dela.

Zaila du, zaila duenez, gobernu berriak felipismoak bedeinkaturiko bilakaera horretan atzera egitea. Felipismoa urratu nahi ez zuen Sanchezek gordiar korapiloa Alexandrok deslotu zuen moduan egin beharko du bere Espainia maitea salbatuko badu: neu, bere larruan, autodeterminazio eskubidearen zale sutsu izanen nintzateke. Eskuan duen Carta Magma-k ez du berridazterik ez petatxatzerik ez kaosetik ateratzerik, errotik aldatu behar du berandu baino lehen.

Nahi ala ez Rubico ibaia zeharkaturik, Sanchezek mugitu beharko du haien lekuan jartzeko eskuintzarra eta felipismoa, edo egiaztatuko da ideia autoritario zahar hura, Espainia ez dagoela prestaturik demokraziarentzat zioena. Espainiar liberalismoa ez behintzat.

& & &

Atzo nafar Diario de Noticias-en plazaratua.