Oroitzapenak egitasmo

Espetxe-zigor arbitrario eta isolatuen pean, iraganean baizik ez dira oinarritzen etorkizuneko egitasmoak, iragana bera da etorkizun eta etorkizuna nostalgia huts. Adierazgarriak, bai horixe, Viktor Franklen hitz hauek Gizakia zentzu bila liburuan, Lontxo Oihartzabal eta Miren Arratibelen euskal hizkeraz:

«Bizi izandako iraganean pentsatuz bizitzera behartu omen zuen etorkizun-eza hain sakonetik bizi izanak, hildako baten iragana omen zirudien-eta bere bizimoduak han […].

»Etorkizunean inolako xederik jarri ezin zuela-eta, […] iraganekotzat baino ezin jo zezakeen han zeraman barne-biziera».

Espetxeratu guztien sentipena: iragana dutela etorkizun alegia. Ene espetxealdian bururaturiko poematxo batean, erdaraz baizik ezin nuena egin garai haietan, horixe aipatu nuen, gaur honela euskaraturik. “Hautsaren zama hau” jarri nion titulu, egoera hartako sentimena zerion poemari, sentimen uherregia estetika primarioegian zehar irazirik, baina lerro eta erdi hau zuen, hain justu Franklek dioenaren adibide garbia: “Zenbat ordu // oroitzapenak egitasmoz jantziz…”.

Biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria

Ilustrazioaren fruitu bat izan zen espetxealdi zigorrak, delituarekiko proportzionala izateaz gain, delitugilea birgizarteratzea izan behar zuela helburu. Birgizarteratze kontzeptuak badu bere barnean osagai berrezitzaile bat, dudarik ez, baina betiere espetxealdiaren proportzionaltasunaren barnean. Ezagunak dira gero historian diktadore zoro amorratuak, zeinek Ilustrazioaren arrazionaltasuna erabili baitute euren helburu zoroak lortzeko. Hala nola, Víktor Frankl kontzentrazio-zelaietan sartu zuen Hitler, auto-inkulpazio eta damu bila espetxealdi berrezitzailea birgizarteratze asmoz mozorrotu zuen Stalin, edo diktadore izatera heltzeko aukerarik ezean, sorgin-ehiztari zoro amorratua izan zen McCarthy, Stalinen helburu berdintsuak buruan…

 

Ildo horretan dabiltza gaurko berrezitzaileak: zigor proportzionaltasuna, delitura ez, berrezitzeko beharretara egokitzearen alde, espetxealdiaren iraupena kasuz kasu zigortzaileek beraiek hautaturiko berreziketan aditu zoro amorratuen eskuetan jarri, eta horra hor biziarteko espetxealdi berrikusgarriaren irudi penala! Ildo horretan dabiltza paraje hauetako gaurko agintariak, hain ilustrazio handikoak denok dakigunez!

 

Ikus dezagun pasarte hau, Viktor Franklena, “amaierarik gabeko behin-behinekotasuna” hizpide Hitlerren kontzentrazio-zelaietan hausnarturik:

 

«Kontzentrazio-zelaietan egondakoengandik behin eta birritan entzun eta irakurri dugunez, egoera hartan bizi ohi zen gauzarik mingarrien eta ikaragarriena izaten zen, hango egonaldia noiz arte luzatuko zen ez jakin ahal izatea. Ez du askatasun-agiririk jasoko! Inoiz askatasun-uneaz eztabaidatu izan bazen –gure zelaian ez genuen horretaz inoiz hitz egin–, inolako zehaztasunik gabe amaitzen zen beti kontua: ezin zehaztu zitekeen ezer, berez zehaztezina baitzen gaia. Eta psikologiaren arloan ezaguna den ikerlari batek, kontzentrazio-zelaiko bizieraren ezaugarri nagusia “behin-behinekotasuna” izan zela adierazi badu ere inoiz eta zeharbidez, honako beste hau gehituz ezaugarritu beharko dugu existentzia haren nolakotasuna: “amaierarik gabeko behin-behinekotasuna” izan da hara zigortutakoaren bizipenik larrien eta nagusietakoa».

 

[Viktor E. Frankl: «Gizakia zentzu bila». (Itzultzaileak: Lontxo Oihartzabal eta Miren Arratibel). Erein, (Donostia, 2017)].

 

Horretan datza bizi osoko kartzela zigor berrikusgarriaren injustizia sendoena: kontzentrazio-zelaietan bezala, edozein zigor sistematan, bai eta zigor jakinaren ordez halako konbertsio bat jartzen denean baldintza gisa (hala egiten zuten disidente politikoekin sistema berrezitzaile diktatorial “gizatiarrenetan”, ezta?), “amaierarik gabeko behin-behinekotasun” bihurtzen baita “zigor berrikusgarria”. Eta guztiz arbitrario izanen den sistema baten pean, bertze baten iritzien menean bizitzera behartzen baitu zigortua. Hain zuzen kartzela-zigorrari izaera “berrezitzailea”, paradoxikoki, guztiz kentzen dion sistema.

 

Baina kontuan harturik gure justiziaren helburu guztiz humanitarioa, zigortuaren berrezitzailea dela alegia, ez ote litzateke errazago izanen delitu guzti-guztiei biziarteko espetxe-zigor berrikusgarria ezartzea, gure epaile txit zintzoek erabakitzeko gero kasuz kasu noiz nori eman askatasun-agiria? Erranen nuke horixe dutela helburu.