Zu eta biok-2

Zibernetikaren dohainak eta akatsak, sorpresak azken buruan. Makineria inteligente honek oroitarazi dit orain duela 13 urte baino gehiago, 2007ko urtarrilaren 23an alegia beheko sarrera hau egin nuela blog honetan. Haren bila jo eta ikusi dut egia dela baina, batek daki zergatik, nik sartu nahi nuen testuari (poematxo bat) azken lerroa falta zaiola egun hartako blogean. Gaurko honetan, bada, berreskuratzen dut poematxo hura, “Zu eta biok” izenburuduna, bere osoan. Hauxe:

 

«Zu zara nire ni,

ni naiz zure zu.

 

Zu zara

hor zaitudan bertze ni,

ni naiz

hemen nauzun bertze zu:

ni ez naiz zu gabe,

zu ez zara ni gabe.

 

Zuk egiten nauzu ni,

nik egiten zaitut zu:

hortaz,

euskaraz,

“zu eta biok” paregabea».

Itsusikeriak.

Itsusikeriak

BIXENTE SERRANO IZKO

 

 

Ez zuen oso harrera abegitsua

izan Gimenoren izendapenak

Hezkuntza Kontseilari gisa. Ez behintzat

ezagun dutenen aldetik, hala

hezkuntza orientatzaile bezala nola

bere ohiko jarrerengatik euskarari dagokionez.

Susmo txarrak justifikaturik

ikusi dira berandu gabe haren lehen

neurrietako batzuekin.

Itsusia izan da, errate baterako,

Berdintasun sailak diseinaturiko Skolae

plangintzaren koordinatzailea, Pilar

Mayo alegia, kargugabetu izana beronek

inolako azalpenik jaso gabe. Hain

justu, gainera, Mayok UNESCOren

saria jaso behar zuenean bere programa

eredugarriarengatik mundu mailan.

Itsusia kontseilariak a posteriori emaniko

argumentu eskasa: alegia, hezkuntza

profileko arduradun bat ikusten

zuela egokiago funtzio horretarako.

Hezkuntza lana, eta are gehiago jatorri

eta kolore desberdinetako mutil eta

nesken berdintasun arloko hezkuntza,

arlo diziplinarteko bat izanen ez balitz

bezala.

Itsusia izan da ostera ere Tutera eta

Castejonen Helduentzako Hezkuntza

sailak aurretik eskainirik zituen euskara

ikastaroak bertan behera uzteko

saioa, inolako azalpenik gabe berriz

ere, ongi jakin arren matrikula kopurua

ezarririko gutxienezkoa aise gainditurik

zegoela. Atzera jo behar izan du gero

neurria, baina itsusia izan da emaniko

azalpena: badaudela, alegia, bertze bide

publiko batzuk euskara ikasteko, hala

nola Hizkuntz Eskolak eta Euskarabideak

eskaintzen dizkienak irakasleei

edo euskara titulua behar dutenei euren

lan profilei begira. Lan beharraz bertze

helburuekin euskara ikasi nahi dutenek

eskubiderik ez balute bezala administrazioari

ikasbideak eskatzeko.

Itsusia izan da, hirugarrenik, nepotismo

usaina darion bertze izendapen

bat, Kontseilariaren koinatarena bere

kabineteko laguntzaile gisa. Izendapen

libreko kargua da, hain konfiantzazkoa

itxura osoz non-eta bere familia barnean

bilatu behar izan ei baitu. Zuhur

agertu dira gobernua partekatu/sostengatzen

duten aliatuak, baina argi

utzi dute beraiek ez zuketela horrelakorik

egin.

Ezagun dute Gimenoren eite eta

izaera haren pean/aldamenean lan

egin duten profesionalek, ezagun dute

haren feeling eskasa lankidetza giroa

sortzeko. Takto onetik baino, autoritarismotik

hurbilago.

Chivitek bere gustura osatu du gobernua

eskua libre utzirik aliatuei ere

beren erara osatzeko bakoitzari dagozkion

departamentuak, eta horren

arabera jokatzen du berak bereetan.

Ohiko jokamoldea PSOErengan: programa

eta partida ekonomikoak hala

hola adostu bai, baina familiaburu

bakoitzak bere erara jokatzeko libre

gero. Koalizio gobernua bainoago, kutxatiletakoa:

kutxatila bakoitzean bere

xekeak, alderdikide ala ez, joka dezan.

Horrelaxe aurkeztu du halaber

Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak

gobernuaren egitura berria: gobernukideekin

ezer kontsultatu aurretik

egin du gobernu eraketa berria, neurriz

gain igo eginik kargu altuak, hots,

Zuzendaritza Nagusietako eta organismo

autonomoetako buruak, 40taraino

igo ere. Familiaburu gehiegi kontent

utzi behar, ote, PSN omen den alderdi

aniztun horretan, sentsibilitate askotariko

– eufemismo dotore-usteagorik

barneko familiaburu politiko desberdinen

anbizioak karamelizatzeko? – alderdi

omen den horretan.

Ez nauzue demagogiazale politikagintzaren

kostu ekonomikoen

kontura, beharrezkoak diren karguak

ongi kalkulatu eta duin ordaindu behar

direlakoan nago, baina bazka oparoa

ematen die gauzak horrela egiteak demagogiazaleei.

Eta demagogiazaleak,

egon, badaude, ezta?

 

Iruñean, 2019ko azaroak 2.

 

 

⁂ ⁂ ⁂

 

[Ezkerretik Berrituz bihilabetekarian, 62. zenbakian, argitaratua]