Epaile horiek

Epaile horiek, zeinek uste duten Babel Dorrekoa Deabruak ezarri zigun zigor bat izan zela eta gu berrerosi eta euren paradisuko hizkuntzara eraman behar gaituztela.

Epaile horiek, zeinen gustuko hablar en cristiano lelo zaharraren nostalgia erlijioaren dogmak bezain misteriotsua den.

Epaile horiek, zeinen bi hizkuntzaren koofizialtasunari buruzko kontzeptua bien arteko hierarkia bat ezartzean datzan.

Epaile horiek, zeinek 2. mailako hizkuntza koofizialaz ez duten zertan ezer jakin, salbu-eta hizkuntza hau nola kateatu legez menderaturiko mailari.

Epaile horiek, zeinentzat bigarren mailako hezkuntza koofizialaz egiten dugunok feudalismoko halako aztarna bizidunak garen, oraindik ere halako jopuak, guk nahita glebari lotuta.

Epaile horiek, zeinek diskriminazio kargua betiere bigarren mailako hizkuntza koofizialari hartzen dioten lehen mailakoaren pareko koofizialtasuna lortzeko ahalegin ororen aurrean.

Epaile horiek, zeinen ustez administrazio publikoko lan-harremanek ez duten zertan izan 2. mailako hizkuntza koofizialaz, honen ezagutzaren baldintza onartuz, gehienez jota, sentimendu paternalista ezin esku- eta bihotz-zabalago batekin herritar koitaduekiko harremanetarako.

Epaile horiek, zeinentzat bigarren mailako hizkuntza koofizialaren hiztunok bigarren mailako herritarrok garen.

Epaile horiek, zeinek elebitasun koofiziala hizkuntza hegemonikoaren talaiatik baizik ulertzen ez duten.

Epaile horiek, zeinentzat elebitasun koofiziala traba nekagarri bat baizik ez den euren justizia-zerbitzu sagaratua betetzerakoan.

Epaile horiek, zeinen betekizun zibilizatzailea euren hizkuntza koofizial bakarraren abantailak guri barneratu araztean datzan, antzarei arto-orea nola, holaxe guri lege-inbutuekin.

Epaile horiek, zeinentzat 2. mailako hizkuntza koofizialeko hiztunok bazter-nahasle apetatsuak baizik ez garen eskubidedunak izan barik.

Epaile horiek, zeinen meritu literario bakarra argudiatzeak bihurritzean datzan, euren testuetan kriptikotasunaren maisu gaindiezinak agertzeraino, “denok ulertzen dugun” hizkuntza koofizial bakarrean, zer erranik ez.

Epaile horiek, sofistikazio gutxikoak elebitasunaren koofizialtasun hierarkizatuaren aldeko euren sofisma elebakarrekoetan.

Epaile horiek, zeinek euren toga beltzez gustura estaliko luketen 2. mailako hizkuntza koofizialaren zerraldoa, hizkuntza hil berri baten omenezko dolu egiten.

Epaile horiek, zeinen garuneko gai grisa euren epaietako kontuan-hartuzkoen eta argudiatzeen erredakzioa bezain opakua den.

Epaile horiek, zeinen elebitasuneko soziolinguistikaren ezagutza euren justizia sena bezain eskasa den.

& & &

(Aste honetako Argia-n plazaratua. Eta epaile horiengana honen oihartzuna heltzen ez bada, diodanaren froga eztabaidaezina).

Euskaldunon eguna bakarrik?

Euskararen eguna gaur, lehen aldiz Nafarroako erakunde politiko nagusiek ospatzen omen dutena. Gustura dakartzat hona duela hemezortzi urte Jean Etchepareri hartu nion aipua eta beroni egin nion iruzkina. Euskaltzale aparta Etchepareren bihotza, baina frantziarra guztiz burua (ala alderantziz?). Kontua da Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoan zehar egun bateko txango laburraren bueltan, Bidasoaldeko mugan, arnasa hartzen duela berriro Etcheparek bere Frantzia kutunean sartzean, “eskualdun izan gatik” ere. UPNri eta PPri, PSNri ere bai, pentsarazteko mintzoak ez ote dira hauek, XX. mendeko laugarren hamarraldiko euskaltzale frantziar honen hitzak?

 

«Bidasoa bazenetz ere ez niz orhoitu: ez girea bethi Eskualerri-barnean? Hargatik, mugaz hunaindiratu bezain laster, gozatu zaitala eta berritu zainetako bizia, hori ba. Jabalago barnea, hatsa hobeki hartzen dut. Bihotz-bihotzez eskualdun izan gatik, garaitiko nizan guzia frantsesa duketalakotz ez othe? Adimenduz eta buruz uste baino ere maiteago ez othe dugun guziek Frantzia?

Menditik bulharretarat heldu zaikun aire sendoari hautemaiten diot, Frantzia guzitik harekin nahastekatzera jina, halako hazkurri arin, haztarik gabeko zer bat, osagarrizkoa hargatik, odoleratzeko gure lehenbiziko arbasoek etzuketena».

 

Frantziartasuna eta euskalduntasuna uztartuz Etchepare. Bihotza, gainera, euskalduna, burua eta adimena frantziarrak. Eta, zorionez, antza!, berak gozaturiko aukera, “gure lehenbiziko arbasoek etzuketena”.

Iparraldean, nora eramaten du euskara holako uztartze horrek? Eta bide horretan, mementoz, lastertasunari balazta jarri nahi diotenak, galerak gero atzera bueltatzeko, frantziarzaleak ote dira? Poztuko ninduke holakoak ere egonen balira! Izugarri poztuko nintzateke horrelako lehian euskal abertzaleekin frantziar zein espainiarzaleak ikusiko banitu!

Hortik aurrera bakarrik jarri ahal izanen lirateke dudan abertzaleen ahaleginen fruituak, direnak direlakoak, euskarari dagokionez.

Bitartean, hor dago dagoena.