Hau morala nirea!

Badakit inor gutxi etorriko dela bat ene planteamendu honekin: edo amoraltzat jo edota erlatibista naizela leporatuko didate gehienek. Amoral ez naizela, bistan da beherago diodanaren arabera. Erlatibista ote naizen ala ez, kasurik okerrenean, bakarrik erlatiboki erlatibista nauzue, nahiz eta ur erlatiboki handi horietan ez naizen gaur murgilduko (bertze nonbait azaldu nuen aspaldi ene erlatibismo moralaren erlatibotasuna). Ez da etika eta moralari buruzko ene ideia hau azaltzen dudan lehenbiziko aldia. Gaurko honetan, Viktor Franklen pasarte honek, Lontxo Oihartzabalek euskaratuta, bultzatu nau berriro ere Moral edota Etikaren inguruan jirabiraka hastera. Gizakia zentzu bila (Erein, Donostia, 2017) liburuko pasarte honek, alegia:

«Gizakia ez da inoiz portaera moral baterantz bultzatua: kasu jakin bakoitzean, moralki jokatzea erabakitzen du. Gizakiak ez du hala jokatzen bulkada moral bat asetzeko eta kontzientzia garbi edukitzeko. Gizakiak ez du moralki jokatzen kontzientzia garbi edukitzeagatik, baizik eta kausa batengatik, edo maite duen pertsona batengatik, edota bere Jainkoaren amoreagatik. Kontzientzia lasai edukitzeagatik jokatzen badu horrela, fariseu bat bilakatuko da, eta pertsona egiazki moral bat izateari utziko dio. Nago santuek ere Jainkoa zerbitzatzea besterik ez zutela gogoan, eta ez dut uste santu bihurtzeko asmoz jokatu izan zutenik inoiz. Hala izatera, perfekzionista bihurtu izango ziren, eta ez santu».

* * *

Formulazio nahasia, ene ustez, Franklena. Pasartearen hasiera hori (“Gizakia ez da inoiz portaera moral baterantz bultzatua; kasu jakin bakoitzean, moralki jokatzea erabakitzen du”) ez dakit itzulpen arazo bat den ala Franklen hitzena, baina nahasia suertatzen zait. Geroko bertze erramolde batekin (“pertsona egiazki moral bat izateari utziko dio”) lotuz gero, nahasia ez ezik, konbentzionalegia ere iruditzen zait ideia, moralari buruzkoa.

Izan ere, zer da moralki jokatzea, zer da “pertsona egiazki moral bat izatea”? Halako Ongiarekin bat jokatzea ote, halako inperatibo kategoriko kantiarrarekin, moralaren halako nozio unibertsal batekin bat jokatzea? Ematen du horrela ulertzen duela gure filosofo logoterapeutak eta, hortaz, erran dezakeela Franklek gizakiak moralki jokatzen badu, kasu jakin bakoitzean horrela jokatzea erabakitzen duelako dela.

Ene ustez, gizakiak arrazoi anitzengatik eta helburu desberdinen bila joka dezake, baina gizakia da beti bere jokamoldea moralki epaitzen duen izaki bakarra, hots, norberak jakinda zer egin duen ongi edo gaizki (norberaren iritzi moralen arabera): arazoa da zer den ongia edo gaitza gizaki bakoitzarentzat. Norbaiten Ongiaren kontzeptua guztiz arbuiagarria izan dakiguke bertzeoi guztioi edo gehienoi edo askori. Hitlerrek, Stalinek, McCarthyk, Mussolinik, Francok, Molak, Kardinal Goma Toledoko Artzapezpikuak, Pio XII.ak…, tankera horretako hainbatek eta hainbatek ez al zuten Ongiaren kontzeptu bat?, ez al zuten zeinek bere jokamoldea moralki epaitzen, gutako bertze askoren ustez guztiz arbuiagarria izanik ere haien morala?

Ados, bertzalde, Franklekin, dioenean gizakiak ez duela jokatzen bere kontzientzia garbi edukitzeko, baten batek horrela jokatzen badu “fariseu bat bilakatuko” edo “perfekzionista bihurtu izango” dela, hots, neurotiko bigarren kasuan.