Eredu berria

Proba zelai gisa hauteskunde giroan esperimentatu dute komunikazio eredu berria. Honetan datza: mezu post-ilustratuak, hots, ilustrazioaz neka eginda, arrazoiari uko egin eta probokazio huts bihurtu. Horretaz doa ene atzoko artikulua, nafar D. de Noticiasen plazaratua:

 

Eredu berria

Por Bixente Serrano Izko – Domingo, 2 de Junio de 2019 – Actualizado a las 06:02h

Komunikazio eredu berria, gaurkoa. Komunikazio iraultza teknologikoaren garaietan, edukietan ere iraultza halakoa. Hauteskunde giroan esperimentatu dute proba zelai gisa. Honetan datza eredua: mezu post-ilustratuak, hots, ilustrazioaz neka eginda, arrazoiari uko egin eta probokazio huts bihurtu. Probokazioa, badakigu, sortzaile izan daiteke, pentsarazteko tresna alegia. Baina eredu berriarena inola ere ez da horretarako, nor bere aldekoen txaloen bila ibiltzeko baizik, zenbat eta aurkariaren gorroto biziago piztu, hainbat eta lortuagoa mezua. Erran nahi baita, teknologian bezala, mitin ereduaren iraultza formala ere suertatzen ari da espainiar bazterretan. Kasurako, mitin berrietan ikus-entzuleen presentziak ez du axolarik, inolako garrantziarik ez, bertzelakoa da kontua, hots, ikus-entzunezko teknologia digitalak biderkatzen duela oihartzuna, batik bat ikus-entzunezko hedabide eta sareek elikatu nahi duten morboari esker. Kontua da mitinak antolatzea lekurik morbosoenetan, proboka-tzaileenetan, ikus-entzuleen presentzia fisikorik gabe hobe, hortik lekutan dauden jarraitzaile sutsuak are gehiago berotzeko. Ongi jarritako potroen tamaina erakustea. “Aupa zure potroak!” Ugaoko (edo nahi duzun euskal edo katalan tokiko) borroka-zelaian bertan, horrelako oihuak sorraraztea dute helburu, Ecijan edo goi-lautadetan mitinlarien jarraitzaileak gorrotoz mozkor daitezen.

Tokian tokiko zenbat eta ikus-entzule gutxiago erakarri, hainbat eta hobe. Zenbat eta desatxikimendu zabalagoa sortu Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian, espainiar deabru gorriengan…, hainbat eta hobe. Euren Espainia, Inkisizioarena, Goyaren estilo beltzekoa, desarrazoizkoarena eraiki nahi dute teknologia berriak direla medio. Zirraretako Espainia: jelosietan eta gorrotoan zimendatua. Rivera eta Casadorena, nor baino nor gehiagokoarena Abascal munstroaren aurrean, munstroa nork egiten duen bere, errazago eta sakonago. Euren aurpegi apoliniarrak zenbat eta itxuragabetuagoak agertu, hainbat eta zirraragarriagoak, hainbat eta bakotarragoak, Espainia euren (des)itxurara eraikitze aldera. Bako, jainko sortzailea, munduaren eta Espainiaren sortzailea.

Komunikazio arloko iraultza teknologikoak arrazoimena bera eta nahimena bera irauli nahi ditu, ez bien arteko erlazioa: nahimenak jartzen du bere zerbitzuan arrazoimena, badakigu hori Nietzscheren filosofiari esker;iraultza honek, bere aldetik, nahikeriak, apetak eta morboa jarri nahi ditu nahimenaren lekuan, eta desarrazoimena haien zerbitzuan.

Komunikazioa inkomunikazioa sendotzeko, komunikabideak inkomunikazio-jario: horratx komunikazio iraultzaile hauen xedea, iraultza teknologikoaz baliaturik. Morbo bila dabiltzan komunikabide handiak eta sare sozial digitalak, inkomunikazio tresna eraginkorrenak bilakatuz, hauteskunde kanpainak gorroto-bakanal bihurtuz. Espainia bizi-bizia helburu, zertarako eta, Platero y Tú rock taldearen abesti sarkastiko ezagunak dioenaren antzera, beraiena nahi duten Espainia beraiek hiltzeko, itxura osoz.

Txarretan txarrena

̵ Eta “zenbat eta okerrago hainbat eta hobeago” pentsaerakoek zergatik ez duzue botoa zuzen zuzenean eskatzen trifatxitoarentzat?

̵ Ai, maitea! Premisa biribil batetik edonora garamatzan edozein ondorio biribil zezakeagu.

̵ Eta…?

̵ Premisa hori betiere presente, aldaketak agintzen dituztenak sistemaren kolaboratzaile huts ditiagu, okerrenak, horixe salatzen diagu une oro. Hortaz, zer aukera diagu txarretan txarrena?

Demokrazia Amandrearen estela

Haragietan oparo eta gorputz sendoko amandre gisa irudikatu zuten atenastarrek Demokrazia. Bi estelatan jarri zuten irudiaren kopia bana, Mazedoniako Filiporen konkista baino bortz urte lehenago. Konkista gertatu eta bi estelak bota zituzten eta galdu, horietako bat XIX mendean aurkitu zen arte. Zutik agertzen zaigu geure amandrea, bere eskuinean eserita dagoen gizon bati, sendo eta indartsua berau ere, koroa bat buruan jartzen dion unean. Demokrazia Amandreak herriari ematen zion horrela subiranotasuna.

Gaur egun, itxuraz, bere sasoi historikorik sendoena gozatzen ari da demokrazia, hainbertzeraino non enpresa handien interesen aurrean politika makurrarazi nahi dutenek ere demokrazia hitzaz betetzen baitute euren ahoa. Hala ere, zintzo izatera, atenastar alegoria hura bezain oparo eta sendo irudikatuko ote genuke gaur Demokrazia Amandrea? Ez ote legokioke, aitzitik, irudi anorexiko bat? Ez horrela, baina bai agertu dela interneteko sareetan barna Askatasuna Amandrea, New Yorkekoa, bere aurpegia eta begiak eskuez estaltzen, Trumpen garaipenaren aurrean espantuka.

Duela gutxi, AEBetako hauteskunde kanpaina martxan zegoela, Europa zaharreko intelektual ezkertiar erradikal omen den horietako batek topa egin zuen Trumpen garaipenaren alde, hobe izanen zelakoan balizko iraultza baterako. Modan egon da nola edo hala intelektual hori gure artean, halako moldez non ematen baitzuen gutako inork, nor izan nahi izatekotan, jai zuela hari irakurri ezean. Eta hasi nintzen ni neu irakurtzen. Hasi, eta lehen lanarekin nahikoa nuela erabaki ere, nahiago nuela On Inor Ez izaten jarraitu. Eta hemen nauzue On Inor Ez gisa, New Yorkeko Amandrearen espantuekin bat egiten.

Bistan dena, Hillary Clinton ez da irudirik onena atenastar Demokrazia Amandrearen kopia bezala. AEBetako bipartidismoak eta hau mugiezin bihurtzeko hauteskunde sistemak autopista azkarra ireki dute ekonomia gidariak erraz iritsi ahal izateko Demokrazia Amandrearen tenplura eta haren irudi oparo sendoaren ordez irudi anorexiko bat jartzeko, ekonomia gidariek demokrazia eta politika euren interesen aurrean makurrarazteko.

Sistema federala da AEBetakoa, eta ez nau harritzen, are gutxiago eskandalizatu ere, hortaz, boto gehien lortu duena galtzaile atera izanak. Bertze kontuak dira On Inor Ez nauzuen hau eskandalizatzen dutenak: haien bipartidismoaren mugiezintasuna ziurtatzeko duten sistema elektoral zeharkakoa, gutxiengo batek bakarrik parte har dezan boto emaileak uxatzeko sistema, demokraziaren ahulezia lobby ekonomikoen aurrean, erran nahi baita bi alderdien gaineko lobby ekonomikoen eragina ziurtatzen duen sistema, eta abar eta abar.

Clinton eta Trump artean, diferentzia gutxi mundu horretan, ados. Eta ez nauzue atenastar demokrazia historiko haren gurtzaile. Baina Trumpek Demokrazia Amandrearen balio utopiko guztien mespretxua gehitu dio lotsagabeki sistemari. Hitzek eta diskurtsoek ere egiten eta desegiten dute demokrazia, eta Trumpenak pikotxak dira atenastar estela berriro xehatzeko.

 

(Diario de Noticias de Navarra-n plazaraturiko artikulua)