Eleberri historikoak, onak zein kaskarrak, egilearen gaurkotasunetik asmatuak beti, baita geroko irakurle bakoitzarenetik ere.
historia
Progresismoa
Historiaren Aurrerabidearekin sinesten zuelako omen zen progresista. Konformista halakoa! Horrekin sinesten ez duelako saiatzen da progresista Historia Aurrerabidean eramaten.
Historia hurbila, epaile distirantak
Goiz interesgarria nirea, joan den ortzegunekoa. Liburu mardul, sendo, metodologikoki ongi landuriko baten aurkezpenean Nafarroako Museoan, alde batetik. Nerea Perez Ibarrola historialari gazte baina trebatuak egina, Iruñerriko industria langile klasearen sorreraz 1956-1976 artean. Klase berri bat gure paraje hauetan, urte gutxitan eta tradizio eta aurretiko erreferente ideologikoekin ia loturarik gabe hasieran, halere borroka antifrankistetan protagonismo berezia lortu zuena, noraino eta, proportzionalki, Estatu eremu osoan garaturiko borroka haietan mugituena izateraino. Nola joan zen eratuz klase kontzientzia langileria hartan, non eta, itxuraz, frankismo soziologikoaren gune irmoenetako bat zen probintzia honetan. Artxibo lanaz gain, kale-lan zabala du liburuak, garai haietan nola edo hala presentzia izan zuten pertsonei eginiko elkarrizketa sakonen bidez. Erran bezala, tradizio eta aurretiko erreferente klasikoekin zerikusi gutxi zuten langileak, kasu gehienetan justizia sozialarekiko sentimen kristau batetik abiaturik, nazioarteko klase ideologia berriekin lotu ziren gero gehien bat. Prozesu interesgarria, benetan, ez bakarrik ikerketa sozio-politiko baterako, baina ikerketa psiko-soziologiko baterako ere, ibilbide historiko baten barnean. Euskaraz egina liburua, zortea izan nuen nik neuk lan honen zirriborroa irakurtzeko. Aitortu behar dut hunkitu ninduela, zirrara handi batek astindu zidan bizkarrezurrean gora hainbat pasarte eta testigantzatan.
Bertzalde, goiz berean Kondestable jauregian, dokumentazio erakusketa bat, frankismoaren aurka Euskal Herriko (Nafarroa gehienbat) borrokak ardatz, Orreaga Fundazioak eraturikoa. Urte batzuk duela egin zuten lehen saio bat, baldintza kaskarragoetan, baldintza duinagoetan oraingoa. Horregatik, agian, iruditu zait bigarren edizio hau biribilago eta osoagoa dela.
Lotuak gaien aldetik bi ekitaldiak. Zehatzagoa, bai denboran bai arloan, akademikoagoa, liburuarena; orokorragoa eta dibulgaziokoa, erakusketarena. Biak ala biak, beharrezko eta elkarren osagarriak.
Artean, Nafarroako epaileak jakinarazi berri du ez duela onartu Iruñeko Udalaren eta herritarron kereila frankismoaren krimenen aurka. Espainiar sistema judizialaren bertze astakeria bat gehiago, epailea arrazoi bitxiak garatzera eraman duena. Harribitxi distirantena, hauxe, enetzat: ustezko delitu haiek (gizateriaren kontra, genozidioa…) existitzen ez zutela Espainian, garaiko legedia frankistak tipifikatzen ez zituelako. Badakigu, beraz, diktadura baten krimenak inola ere ezin daitezkeena deliturik izan, legezkoak direna. Bai distiranta epailearen burmuina, horrelako delituak ez onartzeko Estatuko fiskaltzaren aginduei men egin nahian. Goragoko instantzietan ere ez da onartuko kereila, baina komeriak izanen dituzte dagozkien epaileen garunek, diren distirantenek ere, nazioarteko instantzietan euren ukoa defendatzerakoan. Distirantasunak, berez, epaileen garunek kanpotik jasotako argi-errainu guztiak barneratu ez baina kanporatzen dituelako, ote?
& & &
Diario de Noticias de Navarran argitaratua.
Kreazionismoa
Batzuetan ulerbera naiz anti-darwinistekin: zein izaki ugaztunen lepora bota gizakiaren arbaso izanaren erantzukizun latza?
Non dago gaurko Grezia?
Historia ez da errepikatzen, ez behintzat gertakariak, nahiz eta egoera historiko antzekoak ikus ditzakegun haren bilakaerako garai desberdinetan.
Adibidez, XVIII. mendeko Europan jatorri feudaleko aristokrazia zen nagusi maila sozial eta politikoetan. Odol urdineko aristokrazia. Gero, iraultza industrial eta burgesak zirela medio, ahuldu egin zen aristokrazia hura XIX. mendean, baina ez aristokrazia bera eta berez: gaur aristokrazia mota berri bat dugu, bertze zahar hark monopolizatzen zituen pribilegioak eskuratu dituena: odol horiko (edo odol beltzekoa, zein urre mota hartzen dugun metafora gisa) aristokrazia, alegia. Zahar hura bezain botereduna politikan eta pribilegioetan, zahar hura bezain endogamikoa, zahar hura bezain egoista eta itxia.
1789ko Frantziako Iraultza garaiko burgesiak bultzatu zuen, ideia pragmatiko eta guztiz logiko bat buruan: aristokrazia libre zegoelarik zergetatik, sistema ‘natural’ hura mantentzeko ahalegin ekonomikoak (zergen zama) burgesiak berak hartu behar ote zituen bizkar gainean, eskubide zehatzik gabe trukean sistemaren politika bideratzeko? Gauzak horrela, bere nazio burgesa sortu zuen eta aristokrata feudalak naziotik, ‘demos’tik kanpo utzi zituen. Gero, jakina denez, guztiei ordainarazi zizkien zergak, baina ‘res publica’ kudeatzeko eskubideak onartu, bakarrik diru-zerga kopuru batetik gora ordaintzen zutenei onartu zizkien: diru-aristokrazia, timokrazia, plutokrazia, ezarri zuen.
Amore eman behar izan zuen gero, langile mugimendua indartu ahala, eta, zehaztasun gehiegitan zertan sartu gabe, XX. mendeko bigarren erdialdian koka dezakegu ‘Demo’ graziako ‘Krazia’ren loraldia.
Gero, neoliberalismoak gidatu zituen 1970ko hamarkadako krisi haren irtenbideak, kostata hasieran, baina 1989ko SESBk sostengaturiko sistemaren hondamendiaren ondoren, ia mundu osoaren jaun eta jabe ezarri zen, guztiz garaile, guztiz ‘natural’ izanen balitz bezala, ditxosozko neoliberalismoa, Ancien Erregimen-eko aristokraziak uste zuen bezain ‘natural’tzat joz bere burua. Eta lehengo lepotik jarri zaigu atzera ‘Krazia’ berria, ‘Timo’ graziara, are ‘Aristo’ graziara ere, ostera itzuliz: Ertaroko jaun feudalen oinordeko zen Ancien Erregimen-eko Aristokraziak zergarik ordaintzen ez zuen bezala, gaurko handiki ekonomikoei ere zergak ordaintzeko zama kentzen ari zaie. Eta erakunde ‘demokratikoei’, herritar arruntek hauta ditzaketen kargudun ‘demokratikoei’ gero eta eskubide gehiago kendu ere, gero eta ahalmen gutxiago eman.
XVIII. mendeko odol urdineko aristokrazia endogamikoaren botere eta pribilegioak eskuratu ditu gaurko odol horiko aristokrazia endogamikoak: zergak ez pagatzeko pribilegioa, ‘res publica’ gidatzeko boterea. Historian, garai desberdinetan egoerak, errepikatu, errepika daitezke. Horren aurreko gertakariak dira errepikatzen ez direnak. Herritar arruntok izan beharko genuke gaurko aristokrazia naziotik, ‘demos’tik kanpo uzteko gai. Grezian saiatu dena 2015ean. Villonen antzinako elurrak bezala, non dago, baina, gaurko Grezia?
(Diario de Noticias de Navarra egunkarian, atzo 22, argitaraturik).
Bizitzaren zentzua
Historiak, berez, zentzurik dauka, narrazio den heinean. Bizitzak, aldiz, batere ez, bere hutsean.
Eztanda-motorra
Ekonomia, Historiaren abio-motor izan baldin bazen, eztanda-motor bihurtu zaigu gaur.
Baikortasunaren sarkasmoa
Aurrerapausoa torturaren aurka: historia osoan tortura lege-prozedura izatetik, gaur, torturen salaketa bera legez kanpo izatera.
Historiaren amaiera
Etorkizun aukera bakarra dakusatenek etorkizun gabeko Historia ikusi.
Iragana eta aztikeria
Inoiz ez zen gertatu gerta zitekeen bakarra. Halere, badaude historialariak euren burua igarle izateko gai ikusten dutenak.