Ikonoklastiarik puruena, hitza den gauza hori hitzak adierazten duen gauza delakoan dagoenarena.
hitzak
Hitzezko objektuak
Hitza ere objektua da, jakina, baina ez berak adierazten duen objektua.
Kode hizkera.
Kodeak beren horretan hitz edo marrazkitxo huts gisa utzi, eta mutu gelditzen gara.
O(bs)zen(o)a.
Euren buruarekin asko hitz egiten dutenak, eta bertzeekin solasean euren buruari entzuteko hitz egiten dutenak.
Hitz bila
Hitz bila nabilela, hitzekin topo bainoago talka egiten dut.
Kamustasun zorrotza
Erranaldia zorrotz, pentsamendua motz.
Pixontzitik kanpo
Hitz egiterakoan pixontzitik kanpo eginen zuelako sentsazioak gaina hartzen zionean, mutu gelditu nahiago. Horren despit mintzatu nahi izan zuen behin, gernu puxika matxinatu eta tanta batere ezin izan zuen bota.
Paranomasia hutsa?
Gauza batzuez dudan nabil askotan, gogoangarri ala gogaikarri suertatzen zaizkidan.
Bizitza eta diskurtsoa
Kontraerrankorra, ote, bizitza; hitz kontraerrandunek, ordea, ezin frogatu bizitzaren kontraerrankortasuna.
“Ezjakinkeria”, hain arrunta ere bai
Konnotaziorik gabeko ‘ezjakintasun’ hitzaren parean, zergatik ez ‘ezjakinkeria’, jakin nahi ez dutenen ezjakintasunaren adieran?