Zu eta biok-2

Zibernetikaren dohainak eta akatsak, sorpresak azken buruan. Makineria inteligente honek oroitarazi dit orain duela 13 urte baino gehiago, 2007ko urtarrilaren 23an alegia beheko sarrera hau egin nuela blog honetan. Haren bila jo eta ikusi dut egia dela baina, batek daki zergatik, nik sartu nahi nuen testuari (poematxo bat) azken lerroa falta zaiola egun hartako blogean. Gaurko honetan, bada, berreskuratzen dut poematxo hura, “Zu eta biok” izenburuduna, bere osoan. Hauxe:

 

«Zu zara nire ni,

ni naiz zure zu.

 

Zu zara

hor zaitudan bertze ni,

ni naiz

hemen nauzun bertze zu:

ni ez naiz zu gabe,

zu ez zara ni gabe.

 

Zuk egiten nauzu ni,

nik egiten zaitut zu:

hortaz,

euskaraz,

“zu eta biok” paregabea».

Artaziak hiztegietarako

Beldur nago zentsore bokazioa ez ote zen hasi gizakiongan mintzamena piztu eta berehala. Antropologoek izanen dute, hain ziur, hipotesi sendoagorik, baina agian zentsore lehen keinua eskuek belarriak estaltzekoa izan zen. Auto-defentsa, bada, hasieran, erasora pasatzeko gero. Horrela, hurrengo urratsa, hizlariaren muturra esku-ukaldiak jotzekoa izan ote zen. Mozalak jartzekoa gero haren ezpainetan. Bai eta Autofedeak eta biblioteka liburu giza-haragien erreketak ere, historiaren bilakaera aurrera joan ahala…

 

Hiztegiak eratzen hasi zirenetik, berauei egokitu behar zitzaien txanda. Hiztegien historiaz ezer gutxi dakidan arren, zentzu modernoan ezagutzen ditugun hiztegiak, batzuk finalistak edo espezializatuak, helburu zehatz batekoak (hala nola, ebanjelizatzeko hiztegi elebidunak) edo arlo desberdinetakoak (hala nola, merkataritza edo medikuntzakoak) ditugu, bertze batzuk hizkuntza bateko orokorrak. Azkeneko hauen funtzioa hitzen erregistroa da, ahozko eta idatzizko hitzen erabilerarena: hitzak, terminoak, haien adiera anitz testuinguruen arabera, haiekin sorturiko lokuzioak… Erregistro hutsa, direnak direlakoak hitzen eta lokuzioen zama moral edo gizalegezko/gizalegegabea, kakofoniak/eufoniak, itsustasuna/edertasuna eta hainbat zertzelada, horiek ere erregistratuz. Erregistroen aldakuntzak, une historikoen arabera: desagertzen dira hitz, adiera eta lokuzio batzuk, agertzen dira berriak, neologismoak, bertze hizkuntzetako maileguak…, baina beti ere, hiztegi sendoak izatekotan, indarrean jarri edo desagertzen diren haien erabileren arabera.

 

Ba, erran bezala, hiztegiek ere jasotzen dituzte zentsoreen geziak eta erasoak. Gogora dezagun, gure artean, XX mendeko lehen hamarkadetan lehen euskal hiztegi orokorrak nola eratzen hasi ziren: apaizen edo jende elizkoiaren eskutik, jendarteko hainbat eta hainbat hitz, adiera eta lokuzio baztertzeko joera zuten, euskaldun fededun ditxosozko goiburu hari jarraikiz. Euskaldunek ez zuten biraorik egiten, ez blasfematu, ez zuten hizkera lizunik… Berandu, baina etorri, etorri zitzaigun, bertzeak bertze, Ramon Etxezarretaren Hiztegi erotikoa hutsune zentsuratzaile haiek betetzen saiatzera.

 

Gaur egun, gure inguruko hizkuntza hegemoniko horietako hiztegiak ere zentsuraren ituan jartzeko joera agertu da hainbat jenderen aldetik. Jende ustez laikoagoak ere zentsura eta artazien bila: adieraren batean hitz batek zentzu peioratiboa baldin badu, adiera hori edo hitza bera desagertzeko eskatuz hiztegigileei, zio moralak, gizalegezkoak, humanitarioak-eta berriro buruan, puritanismo erlijiosoa itxuraz ez izan arren. Erregistro-hiztegiak gizalegezko hizkerarako katixima-edo bihurtu nahiko lituzkete. Asteteren katiximaren edo Marta Harnecker-en herri hezkuntzarako kaier famatu haien tamainakoak nahiko lituzkete hiztegi orokorrak.

 

Idazle eta hiztunon ahotan ironia, sarkasmo eta birao askoz gehiago sorrarazteko gai dira, ordea, horrelako saioak, eta erregistro-hiztegiek lokuzioei behintzat leku handiagoa eman beharko diete ondorioz.

 

& & &

 

Diario de Noticias de Navarra-n plazaratua, joan den 16an.