Ideia-ama handiak guztiak erditzen dira ideia-alabez. Alta, ez beti zintzoez.
ideiak
Ideien hil-jantzi
Kontzeptuak oro, metafora. Izan ere, ‘ideia’ = itxura/forma/irudi. Alta, anitzentzat, ideien hil-jantzi dira kontzeptuak.
Erraz desegokitu.
Ideia karratuak dira hain zuzen errazen eta desegokien koadratzen direnak proiektu karratuetan.
Massmedia zirkua
Komunikazioaren zirkua, non, ideia zentzudun batek oihartzun eta ikusgarritasunik izanen badu, pailazo nagusiak erarik zentzugabeenean adierazi behar duen.
Zaharra berritu
Ideiak berritzeko, zaharrak kontuan izan behar.
Sasi-intelektuala.
Ideietan malabarista, agian, baina, ziurrenik, funanbulista iritzietan.
Ideia-gosea eta nazka
Ez gara sabela bakarrik. Horren frogarik sendoena, hauxe: nola irabiatzen digun sabela hainbat ideiak.
Buru-soil horiek
“Zenbat buru, hainbat aburu”, omen. Baina hainbat buruk a-burutzat jotzen gaituzte bertzeok.
Zelulabakarreko garunak
Amebak bezain sinpleak diren pentsamoldeak, amebak bezain forma aldakorreko eta gure erraiei atxikigarriak.
Probabilitate kalkulua, ergelkeria kontuetan
Ergelenoi ideia jenialak bururatzea baino askoz maizago gertatzen zaie jeinuei ergelkeriak erratea.