Sinestezinezko sinesgarritasuna

Espero izateko zen bezala, laster etorri zaizkigu konspirazio teoriak Frantziako tragediaz. Hor nonbait, sarean, ikusi dut norbaitek froga itxuraz ukaezinak aurkeztu dituela, zeini leporatuz konspirazioa eta, jakina, AEBko zerbitzuei. AEBko zerbitzu sekretuek guztiz gustukoa duten Gerra Sainduak (kasu!, Jihad musulmana bezain gustuko Gerra Saindu kristaua) eskatzen dituen arau kontrolatzaileen ezartze aldera Frantzian ere. Bazuen erran fb sareko ene lagunen artean dudan idazle AEBn zale eta uste sendoetako neoliberal batek: “Dena delakoa gaur Parisen gertaturikoa, gaurtik bertatik aurreratzen dizuet horren erruduna Mendebaldea dela” (nik euskaraturik). Ia inoiz ez nago ados lagun honekin eta noizean behin sartzen gara biok elkarrekiko eztabaidetan. Haren puntu probokatzailea dago agerian aipaturiko sarreran, ohikoa duena, eta, egia erratera, hori estimatzen diot eta aldarte onean nagoenean, eta orobat nekatuegi/lanpetuegi ez banago, gustukoa dut haren sarean erortzea. Nahiz eta sarrera horrek sortu zuen ideien elkar trukean, hain zuzen, sartu ez nintzen, bertzeak bertze banekielako arrazoi zuena. Eta horixe! AEBko konspirazioaren hipotesiaren frogak, hipotesia tesi bihurtzeraino, agertu zaizkigu sarean.

‘Konspirazio teoria’ aipatu ohi da horrelako atentatuetan: Carrero Blancorenean ere agertu zen eta badago oraindik horrekin sinesten duenik: ETAk ezin zuen bere klandestinitate hutsetik eta bere apaltasunean horrelako magnizidio bat egin, AEBko zerbitzuen konplizitate/laguntzarik gabe, AEBk jada jabeturik zeudelakoan frankismoari irtenbide demokratiko homologagarri bat eman behar zitzaiola eta Carrero oztopo bat izan zitekeelakoan asmo horretan. Hipotesiaren frogarik eza erabatekoa izateaz gain, burugabea zen inondik ere teorizazioa, eta horren lekuko dugu zer nolako ikerketa politikoak egiten zituzten diktaduraren egoeraz konspirazio horren teorialariek: gehiago zirudien halako inbidia ziotela ETAri, berau frankismoaren aurkako heroi-edo gisa agertzeko aukerarengatik.

Tira, adibide bat baizik ez aipatzeagatik. Baina egia da AEBk eta edozein herrialdetako zerbitzu sekretuek zenbatu ezinezko konspirazioak egin dituztela (zenbat planteatu, zenbat serio proposatu eta zenbat gauzatu, hori ere zehaztu ezinezkoa), haietako gutxi batzuk denbora joan ahala arrakastatsu suertatu zirelarik. Hortaz, dudarik ez, ‘konspirazio teorien’ oinarri zentzuduna, ‘konspirazio teorien’ sinesgarritasuna euren sinestezinean. Espioitza eta kontra-espioitza eta kontra-kontra-espioitza istorioak etortzen zaizkit burura, eleberrietakoak ez ezik, historialariek ongi bai ongi dokumentatuak plazara atera direnak ere. Horrelako jokoak, espioitza bikoitz eta hirukoitzenak, gure historiaren parte dira, inork ezin dio horri uko egin, are gutxiago Gerra Hotz garaietan paroxismora heldu zenetik.

Guztiz sinesgarria da, sinesgarriena, nola ez, Pariskoa fundamentalista horiek egin dutela euren kabuz. Badaude osagai nahikorik pentsarazteko ez dutela izan behar euren ildoetatik kanpoko laguntzarik sarraskia gauzatzeko: eduki, badituzte armak, badituzte entrenamendu eskolak eta eremuak, badute dirurik, badute historia anitz, badute historia desberdinak bakar bat izanen balira bezala irakurketa egiteko gaitasuna eta trebezia, badute merkatu soziologiko bat irakurketa horretan jendea alfabetatzeko, badute horren guztiaren gainetik fanatismo/fede bat…, osagai nahikoak horrelakoak egin ahal izateko. Arrazoitze ekonomiaren aldetik, ez dugu inolako kanpoko konspiraziorik behar Pariskoa gure imajinarioan kokatzeko, gure mundu-ikuskeran, gure logikan. Ez errateagatik, bidenabar, pellokeria hutsa: Pariskoa edonola ere konspirazio baten fruitua izan delakoa alegia, fundamentalistek prestatu eta gauzatua, bistan dena, AEB-edo sarturik egonen ez balira ere. Azken finean, ez dago atentaturik konspiraziorik gabe. Lerro bihurrietako konspirazioak batetik (‘konspirazio teoriak’ multzoan sortu ohi ditugunak), eta lerro zuzeneko konspirazioak, “naturalak”, hots, ustezko etsai baten kontra zuzen-zuzen bideratuak bertzetik.

Halaz ere. Horregatixe hain zuzen. Ez ote zaigu horregatixe hain zuzen sinesgarri egiten AEBko edo ez dakit Mendebaldeko nongo zerbitzu sekretuen esku sartzea? Guk baino askoz hobe dakite, jakin, zerbitzu sekretuek zer ekintzak egin ditzaketen ezkutuan euren aldekoen kontra, sinesgarritasun osoz euren etsaien leporatzeko gero, euren asmo kontrolatzaileen aldeko giro berezia sortze aldera, gizarte osoa ituan. Shock bat.

Eta horra paradoxa! Konspirazio teoriak, mespretxuz (eta askotan arrazoizko mespretxuz) horrela deituriko horiek, errealitateko konspiratzaileen berme bihurtzen dira, ezkutuan dabiltzan benetako konspiratzaileek saldu nahi duten ustearen berme. Batzuek, jakina, hala nola sarraskien aldarrikatzaileek, konspiratzaile “naturalek”, ez dute konspirazio teoriarik behar eurena sinesgarri bihurtzeko. Baina bertzeek bai, bidaide samariar mesedegarri dituzte konspirazio teorialariak: hain sinesgarri denez arrazoitze ekonomiaren aldetik konspirazio bihurri bila ibiltzeko beharrik eza, guztiz erraza dute konspiraziorik bihurriena aurrera eramatea, konspirazio teorialariek ekar ditzaketen frogen aurrean inolako beldurrek jota egon behar gabe.

Espioitza, kontra-espioitza, kontra-kontra-espioitza…, terrorismoa, kontra-terrorismoa, terrorismoa bultzatu nahi duen kontra-terrorismoa…, hau nahaspila, errealitateak geure buruetara ekarria! Espioitzako jokoen pare, kontra-terrorismo jardunean berdin. Izan ere, hainbat atentatu, hainbat sarraski ikusi ditugu historian, konspirazio teoriei arrazoi eman dietenak, konspiratzaileen aurreikuspenek, euren gauzatzean saihetsezinak ez ezik, euren ondorioetan bete-betean asmatu dutenean ere.

Kontua ez da zer den sinesgarriago kasu bakoitzean: ‘konspirazio teoria’ bat ala itxuraz begi bistan dagoena, zein baino zein sinesgarriago izan ohi baitira. Kontua da gaurko mundu honetan den-dena dela sinesgarri, den-dena dela salgai gizartean hedabideen bitartez, eta kontua da, batik bat, konspirazio “natural” ala askoz bihurriago bat izan, bi motek ala biek gure mundua gero eta okerragora eramaten dutela.

Bai, sinesle nauzue konspirazioekin. Konspiratzaile bihurriak ala konspiratzaile “naturalak” tartean, konspiraziorik dago betiere: herriaren kontra, gizartearen kontra, tolerantzia, bizikidetza eta balio demokratikoen kontra, askatasunen kontra. Betiere. Eta askotan klase desberdintasun gero eta handiagoa helburu aberasgarritzat duen ereduari aurre egin nahi dion bertze edozein gizarte ereduren kontra.