Gurpilduna da ahanztura: iragana, zenbat eta ahaztuago, hainbat eta errepikakorrago.
Iragana
Iraganaren profetak
Historia filosofo gehienak profeta bokaziodun.
Oroitzapenak egitasmo
Espetxe-zigor arbitrario eta isolatuen pean, iraganean baizik ez dira oinarritzen etorkizuneko egitasmoak, iragana bera da etorkizun eta etorkizuna nostalgia huts. Adierazgarriak, bai horixe, Viktor Franklen hitz hauek Gizakia zentzu bila liburuan, Lontxo Oihartzabal eta Miren Arratibelen euskal hizkeraz:
«Bizi izandako iraganean pentsatuz bizitzera behartu omen zuen etorkizun-eza hain sakonetik bizi izanak, hildako baten iragana omen zirudien-eta bere bizimoduak han […].
»Etorkizunean inolako xederik jarri ezin zuela-eta, […] iraganekotzat baino ezin jo zezakeen han zeraman barne-biziera».
Espetxeratu guztien sentipena: iragana dutela etorkizun alegia. Ene espetxealdian bururaturiko poematxo batean, erdaraz baizik ezin nuena egin garai haietan, horixe aipatu nuen, gaur honela euskaraturik. “Hautsaren zama hau” jarri nion titulu, egoera hartako sentimena zerion poemari, sentimen uherregia estetika primarioegian zehar irazirik, baina lerro eta erdi hau zuen, hain justu Franklek dioenaren adibide garbia: “Zenbat ordu // oroitzapenak egitasmoz jantziz…”.
Etorkizun zoroa?
Nor bere uneko zoroak eta iraganekoek bizi. Ez dakiguna da etorkizun ote garen gu, baina bai zoroak biziko gaituela kasurik onenean.
Historiaren jatorria.
Arrazoia irrazionalki sortu den bezala, historia ere iraganaren ahanzturatik eta etorkizun egarritik sortu da.
Zaharrak berri
Bere etimologiaren despit, ‘neo’: ezer berririk ez, zaharra berriro ere baizik.
Nostalgiaren etorkizuna
Nostalgia, morboso ez izateko, etorkizun esperantzaz ondu behar.
Historialarien kontuak
Historiak ez digu ezer kontatzen. Historialariok kontatzen ditugu historiak.
Atzerakoitasuna
Etorkizuna iragan bihurtuko da ezinbertzean, baina gure esku dago iragana etorkizun ez bihurtzea.
Oraina haurdun
Iraganak haurdundu du oraina, eta berau erdituko etorkizunaz.