Jende zintzoak ez du gustuko aholkurik ematea. Horregatik ordaintzen ote diete hain ongi enpresa handiek agintari politiko ohiei, zintzo ez izateagatik? Merkatu legea, itxura batean: zintzotasun ezak garestitzen du politikari ohien aholkularitza.
Iruzurkeria
Abenduak 29
Atzo, behingoz, inozentetzat jo ninduten. Gaur hasi zaizkit berriro beti bezala adarra jotzen.
Monipodioren eskola
Aro bakoitzak bere pikarokeriak, baina arlo guztietan pikarokeria berdintsuak.
Kaka eztandak
Kakak eztanda egitean, denok zipriztintzen gaitu, eta kontuz!, gehiago nabaritu ere, zipriztinak, garbi daudenen gainean.
Errugabetasun erruduna
Errugabetasunak zigorgabetasuna ekarri beharko luke, beti gertatzen ez dena. Eta zigorgabetasunak ez du errugabetasuna frogatzen, errudunek beti sinetsarazi nahi digutenaren despit.
Espekulazio magoak
Dirua airean lurrindu eta mago maisuen kontu-kaieretako digituetan berragertu, arabesko ezin liluragarriagoak irudi.
Espekulazio hegalaldien kutxa beltzak
Victorien Salagnon protagonistaren aita merkatari da, bi kontularitza-liburu daramatzana, edozein ikuskarik egiazkotzat hartu behar duena batetik eta egiazkoa bertzetik. Baten batek salatu du merkataria, eta Victorien gazteari agintzen dio egiazkoarena egiten duen liburua berrikus dezala, ilunabarrean espero duen ikuskaritza gainditu ahal izateko. Oturuntza ere, ardo bikain batekin lagundurik, prestatu du ikuskarientzat, badaezpada ere. Ez du Victorienek bere burua oso argi ikusten bat-bateko lan horrentzat. Aitaren galdera:
«–Erraidazu, Victorien, zertarako estudiatu, lan egin beharrean? Zertarako, ezta egiazkotzat jotzeko moduko kontularitza-liburu baten ardura ere zure gain hartzeko gauza ez bazara?» [Alexis Jenni: L’Art Français de la guerre, Gallimard, 2011].
Ikasketek liburuak eskatzen dituzte, ezinbertzez. Berdin, kontularitzak. Baina ba al dago merezi duen libururik, kontabilitatea itxuratzeko balio duten horietatik aparte? Espekulatzaileen munduan, horiexek balioko ikasketak: A kutxetako liburuak ikuskariei irakurrarazteko eta B kutxetako misterioak gordetzeko jakinduria bila.
Hegazkinetan kutxa beltzek egia euren sabelean eramaten omen dutenen antzera, negozioetan B kutxetako liburuak dira benetako hegalaldiaren zertzeladak erregistratzen dituztenak. Istripurik ezean, inork ez du kutxa beltza irekiko. Azken finean, espekulazioak zerumuga zabaletara hegaldatze airosoak eskatzen ditu.
Iruzurkeriaren merkatua
Eskrupulu profesionalak merkaturatzeko bere asmo nagusia bertan behera utzi behar izan zuen.