Ezjakin orojakileak, gutxien ikasiko dutenak eta gehien irakatsi nahi.
jakineza
“Ezjakinkeria”, hain arrunta ere bai
Konnotaziorik gabeko ‘ezjakintasun’ hitzaren parean, zergatik ez ‘ezjakinkeria’, jakin nahi ez dutenen ezjakintasunaren adieran?
Ezjakingintza
Kultur eza masiboaren magma hori, negozio haztegi hobeezina lixtoentzat.
Historizismo bakoitzaren historia
Historia jakineza, historizismoen haztegi emankorrena, ia hutsezin; historia ezagutza haien aurkako botikarik onena, ez beti hutsezin.
Jakintsu plantak
Jakinezak mutuarena egiten ez badu, mintzoaren teknikak jakintsuarena egin dezake.
Ausardiaren ezjakinak
Euren ausardiarekin sinesten duten ausartak egon badaude. Ausardia zer den ezjakin, arruntean.
Ezjakintasunaren higienea
Jakin-minaren musuak, ausiki beti. Eta pozoitsuak, Ebaren kondairak jakinarazi nahi digunaren arabera.
Ezjakinaren hodeiertza
Inoiz noraino ez jakin eta, horratx!, ezjakinaren mugak harago eramaten bizi gaitu helmugak.
Ezkontza demokratikoa
Demokrazian, ezkonezin, ote, jakineza ordezkagarritasunarekin? Bikotearen oinordetzan dugu arazo.
Kuku habia.
Kukuak habi ezjakinetan txitatzen omen ditu bere arrautzak; holaxe sinesmen erosoak hautatu ere jakineza bere beldarrak goxo babesteko.