Aldebakartasuna

 

Pozik atera omen dira elkarrizketatik bai Sánchez, bai Torra. Azken buruan elkarrizketa izan dutenez, badugu motiborik. Poz inpostatuagoa izan arren Sanchezena, eszeptikoagoa Torrarena.

Espainiak Katalunian sorturiko auzian (ezin ahaztu garaiko bai PPk bai PSOEk nola bota zuten paperontzira Estatut-aren erreforma), ikasgai ederra eman zigun Kataluniak, hango ordezkarien gehiengoak, independentzia aldarrikatzeko bidea nola edo hala adostu zuenean, bakean eta zibikoki jorratzeko, erreferenduma barne. PP, PSOE eta bertze batzuen erantzuna ez zen izan batere zibikoa ez bakezkoa, euren legearen indarrez oztopatu eta itxi zuten edozein bide, euren aldebakarretik. Kataluniako gobernukideek maisuki prestatu eta kudeatu zuten erreferenduma, espainiar su eta ke artean.

Eredugarri izan zen ordura arte Kataluniako alderdi demokratikoek jorraturiko prozesua. Azken hauteskundeetan, ditxosozko 155. artikuluaren pean, sendotu zen subiranisten pisua, baina manu militari gauzak kudeatzeko eskatzen zuen Ciudadanos izan zen boto gehien lortu zituena, ez aski, halere, gobernua osatu edo bertze inorekin adosteko. Kataluniatik kanpora joan zen haren liderra, Espainiara, hortik aiseago segurtatuko zuelakoan bide errepresiboa, kode penala eskuan. Gaizki atera zitzaizkion kalkuluak Espainian ere jarraian izaniko bi hauteskunde prozesuetan: lehenbizikoan ez zuen lortu PP ordezkatzea eta bigarrenean hutsaren hurrengoa izatera heldu zen.

Baina korapilatu ziren gauzak procés-ean. Gobernua osatu ahal izan zuten subiranistek, bai, baina ez gehiengo nahikoa, absolutua alegia, aginduriko independentzia aldarrikatzeko. Higatzen hasi zen hortik aurrera ERC eta JxCat arteko adostasuna. Independentzia aldarrikatzearen alde JxCat, poliki eta politikoago joatearen alde ERC subiranismoak katalan hautesleen gehiengo absolutua lortze aldera.

Ordura arteko bide eredugarriak bere baitako defizitak erakutsi zituen. Orain, espainiar gobernu berriarekin, Sanchezekiko mesfidantzaren despit izanik ere, aukera berriak saiatzen ari da ERC, bere horretan jarraitzen duelarik, aldiz, JxCat-ek. Gauzak horrela, badatoz etorri hauteskunde berriak Katalunian. JxCat eta ERC arteko lehian, nor aterako da hobe? Behera joko du Ciudadanosek, berak sorturiko kataklismoaren ondorioz, baina horrek ez du PPren pizkunde nahikorik ekarriko, aurreikus daitekeenez. Noraino berreskuratuko da PSC? Euren pisua gordeko ote dute CatComú-Podem eta CUPek?

Ezezagun asko, baiki, ekuazioan. Bizirik jarraituko du, ordea, Espainiak Katalunian duen arazoak. Sanchezen gobernuaren jarrera aldatzen hasi da, baina askoz gehiago aldatu behar, auzian beharrezko oreka gordeko badu. Oraingoz subiranistak gehienak izan ala ez, katalan gehiegik jarraituko du independentziaren alde, gehiegi Espainiak gorrarena egiten jarraitzeko. Autodeterminazio eskubiderik ezean, gora jo dezakete subiranistek goiz ala berandu, ERCren apustua indartuz eta berriro ere bide bakar gisa baina zoru sendoagoaren gainean aldebakartasunaren irtenbidea diseinatuz.

Gorrotoa elikatu

Gorrotoa elikatu

 

Premisa nagusia, goebbelstarra, errefusaezina: 3 + 3 = 5. Bigarren premisa, aztergaia fokuan jartzen duena: 3 ematen didazu bion hobe beharraz. Ergo, abakoak erraten dizuna: 2 gelditzen zaizu.

Premisa nagusia goebbelstarra: Espainia banaezina da. Banatzeko erreferenduma egin duzu. Ergo, delitugile zara, quod erat demonstrandum.

Edo: ez dute guardia zibila maite Altsasun. Herriko festa egunetan taberna atralaka batean egon dira zenbait gazte guardia zibil batzuekin. Ergo, guardia zibilaren erasotzaile dira, quod erat demonstradum.

Barkatu pedantekeria, baina balio beza performance baten gisa, epaitegi berezi horien prozeduren bihurrikeria biluzian uzteko.

Altsasuko gazteena eta Kataluniako politikariena, parekoak biak espainiar justizia sistemaren garantia-zaletasuna ikusarazteko. Auzipetuentzako garantiarik ez, baina premisa nagusia garantizatzeko legeetan sasiletratu horien ahalegin paregabeak. Sententzia idazki luzeak, kondenak bezain luze: ongi jakinda zer etorriko zaien bertze askotan bezala Europatik, izugarrizko literatura saioak egin dituzte epaileek euren narrazioari zentzurik emateko. Baina Garzoni gertatu zitzaion bezala, aldez aurretik diseinaturiko gidoian pertsonaiak bortxaz sarrarazi nahian, sinestezinak atera zaizkie protagonistak, nobela irentsezina gauzatu dute.

Quod erat demonstrandum, hau da, aurretik erabakiriko sententziaren hutsezintasuna frogatze aldera garatu dute euren ariketa semantiko-logiko interpretatzailea, kondena bat natural suertatzeko asmoz, eta tautologiko atera zaie. Badakite arrunt garantia-zaleagoa dela epaitegi europarra, baina bortz axola: beranta da beti azken bide hau, haren berantak ematen dizkie garantia eta bermea sententziei. Edonola ere, kasurik txarrenean ere, justizia garantia-zalea beti presente, zigortzaileentzakoa noski. Eta indemnizazioak ordaintzekotan, bortz axola ere bai, ez dute beraiek deusik ere ordainduko, diru publikoaren kontura izanen da. Noizko, horrelako bidegabekerien egileei nolabaiteko kalte-ordainak ezartzea? Haien curriculumetan behintzat. Baina jai dugu: dominak eta ohoreak emanen dizkie, hainbat torturatzaileri bezala, frankismo osteko sistema honek.

Justiziaren pornografia: mendekua togaz jantzi eta justizia erantzi. Pornografia horren garantia gisa jokatzen du europar auzitegien ebazpenen berantak. Eta arrakalaturiko bipartidismoaren presidentegaiak, biluzgorrian begi-bistan justizia mendekuzaleari txaloka. Auzitegiei begirune osoa adierazi diete, baina begirunea pultsuan irabazi behar da bizitzan eta instituzioetan. Pultsuan ez, presidentegaiei men egiten, berauen aurrean belauniko irabazi nahiago izan dute epaileek.

Gaztigu eman digute herritarroi zer ondorioak datozkigun premisa nagusi goebbelstarra ez badugu onartzen. Alta, ez Espainiak ez auzitegi bereziek ezinen dute horrela ez Euskal Herrian ez Katalunian ez eta espainiar zentzudunengan ere lortu ez begirunerik ez atxikimendu gehiagorik: tokian tokiko trintxeretakoengan elkarrekiko gorrotoa elikatzerik bai, ordea.

& & &

(Atzo, 2019-10-20an, nafar Diario de Noticiasen plazaratua. Ulertzean eraginik ez zuen akats sintaktiko batekin (6. paragrafoan) bidali nuen, hemen zuzendua).

Neo paleo horiek

Ideietan ‘neo’ aurrizkidun guztiek zapore zaharmindua dute. ‘Neo’ek ez dituzte ideia zaharrak berriztatzen, ideia zaharrak trastelekutik berreskuratu eta, koskak hautsa eta guzti, birkokatzen dituzte euren garunetan. Neoliberalismoa dugu gaurko paradigmarik gaurkoena: XIX. mendeko liberalismoa du eredu eta xede. Aberatsek bakarrik bozka egin eta aberatsen gobernuek bakarrik agintzen zuteneko eredua amesten dute. Bai behintzat neoliberal lotsagabeenek, aho bilorik gabe eskaera hori ozen adieraztera iritsi baitira. Eta enpresariek langile sindikatuak onartzen ez zituzteneko eredua ere euren ametsetan. Praktikan dago jada enpresa erraldoi askotan sindikatuen debekua enpresarien eta langileen askatasunaren izenean. A zer pagotxa Frantziako neoliberalismoarena, herritarrek Errepublikaburu nor jartzeko Macron neoliberal eta Le Pen neofaxistaren artean hautatu behar izan zutenean! Hor dugu jada Macronen lan-erreforma, enpresari eta langileen  arteko kontratuetan sindikatuei parte hartzeko eskubidea kentzen diena. XIX mendeko lan eredu gordina en marche berriro XXI mendean.

 

Ez dirudi gaurko ezkerreko ideietan ‘neo’ aurrizkidun planteamendurik dagoenik, ez behintzat izenetan, nik dakidanez. Baina ez dago hain garbi mugimendu ezkertiarrak horrelako atzerapausoak ematen ari ez direnik, ‘neo’ aurrizkia jarri gabe ere euren ideologia eta estrategien izenetan. Hala ere, ideia ‘paleo’en aldera jotzen ari dira asko, en marche berauek ere XIX mende aldera. Adibidez, espainiar estatu eremuko indar politiko ezkertiarrak, Kataluniak gaur atakan jarri dituenean Estatu eta Nazio ereduak zurrunbiloaren erdian. Ezkerra tradizional  ofizialean (PSOE), baina baita ere, neurri nahasiago batean, urte gutxi duela loratu den bertze horretan (Podemos). Euren ereduari ez diote jarri honako izena, ‘neoengelsianismo’ alegia, baina neoengelsiano agertzen zaizkigu Engelsek formulaturiko historiarik gabeko herrien teoriaren inguruan: Historiaren zakarrontzira kondenaturiko herriena, euren ezinean. Erdialdeko Europako mapak zer dio gaur, ordea?

 

Entsalada mental ederra, gatzozpindua gainera nazionalismoak burgesien ideologia hutsak direlako ideia zaharkituarekin. Kataluniako gaurko mugimendua bertako burgesiaren amarru hutsa dela dioten aho beraietatik entzun ahal ditugu, alta, enpresari katalanek alde eginen dutela estatu berri horretatik, erreferenduma egin eta independentziaren aukerak irabaziz gero. Hori koherentzia hori, entsalada mental horrena! PSOEren lider ustez erregenerazionistak PPko zaldien apatxen azpian jarri du mugimendu katalana. Podemosen liderrak, atzo arre, gaur so, han so, hemen arre erraten dabiltza. Lekutan daude autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak PSOEn, Guadianako begiak bezala agertzen desagertzen dabil Podemosena bere ibilbidean. Neoengelsianismoa PSOEn, espainiar burgesia neoliberalaren bidaide… Nahaste-borraste argiezina Podemosen, izutuago, dirudienez, burgesia katalan isolatuaren aurrean estatu espainiarreko burgesia batu osoaren aurrean baino.

 

& & &

 

Atzo plazaraturik Diario de Noticias de Navarran.