Urruneko tximeleten efektua

Poeta ikusten dut gaur ene burua
eta poemarik oparoenak idazteko gai izanen nintzateke
ordu txiki hauetan,
zuek irakurle entzuleok gai izanen bazinete neurtzeko
ene aukerak, nire diru beharra berdintzeko orduan.

Beharrak behar eta aukerak aukera,
“Horretarako gaude adiskideok” erran dit lagun batek,
eta “ahal duzunean itzuliko didazu hau” gaineratu,
geunden tabernatik bertatik,
internet lagun,
transferentzia egiten saiatu artean.
Ez dio bankuak baimenik eman dirutza hori
bat-batean mugitzeko, eta ordu hauek koskortzean egin beharko duela
bulego fisiko batetik ondorioztatu du lagunak.
Gauean gaude, ez goizean,
eta egun argitan eginen dit mesedea,
diru truke ene burua poeta batena bezain hunkiturik utzita.
Nire poemarik oparoena, alta,
gauez nago idazten,
datorren goizeko esperantzak bahiturik ene burua.

Beharrak behar eta aukerak aukera,
gurea bezalako giroan
behartsu egon gaitezke gutako edonor
edozein unetan,
baina aukerak ditugu
uneko beharrak berdintzeko
lagunei esker -erranik doa-,
bai eta -erran gabe doana- arrotz
izugarri arrotz zaigun
bertze hainbat ezezaguni esker ere,
ortziko logo izarrek urrunean esklabo dituzten
gure ezezagun berberei esker.

Ezezagun berauek gabe,
nondik helduko ote litzaizkiguke
ordu txiki hauetan
geure aukerak
poemarik hunkituenak idazteko
gertuko gure lagunen eskerronez?

Bisigu afaria

Bisiguen arteko elkarrizketa, aukera bakarra izan arte:

̵̶ Nora joan nahi duzu afaltzera?

̵̵̶ Atzo ikusi genuen itsaskitegira.

̵̵̶ A, ez, jasanezina zait arrain usaina! Erran bertze bat.

̶ Bale! Badut B plan bat, zure A.

̶ Baina noiz erabakiko duzu zuk?

Adeitsuak elkarrekin lagunak, alajaina! Azkenik, desorduan hanburgertegi ziztrin batean bukatu arte. Eta gaitzerdi!