Nork bere herria maite dezake, noraino eta herrikideak gorrotatzeraino.
maitasuna
Nartzisismo maitagarria?
Zu ezagutzea zu maite izatea bada, zer ote da nosce te ipsum hura?
Maite paraleloak
Zure erara maite zenuen hark bere erara ere zu: konbergentzia ezinean.
Hiltzen duten maitaleak
Heriok bizidunok maite gaitu. #haika
Metalezko larruazalak
Amoroski igurtzi zion autoak eskuineko hormari, eta honek, ero maitearen pare, fereka ubeldurak opari egin autoaren larruazalari.
Ezin estimatuzko gorrotoa
Ezin dut mespretxatu euskara maite ez duena; orobat, are gutxiago estimatu euskara gorrotatzen duena.
Gorroto platonikoak?
Norbait edo zerbait ezagutu gabe harekin maitemintzea maitasun platoniko baldin bada, gorroto platonikoaz ere mintza al gaitezke?
Epigrama amultsu bat.
Zer izanen luken itsasoa
ertzik batere gabe,
aparraren xera zuririk gabe?
Hire larrua ukitu,
hire begietako irri zuria laztandu
nahiago dinat,
hiregan ito baino.
Ama hizkuntza maitea
Hain amultsu maiteminduak euskararekin, non beraien ama hizkuntza hau familia giro goxoan hil dadila nahi duten.
Bihotz bihotzez, mintzeraino ere.
Hain bihozbera elkarrekin beti, non bihozmin huts bihurtu zuten elkarbizitza.