Tribu Markak.

Tribu etnikoen asmakuntzatik hiri-tribuen mafiologiara, eta hauetatik marketako estetika-tribuetara. Errentagarria asmakuntza!

Izan ere, mendebaldeko kulturakoak gara tribuzale handienak, eta interesatuenak. Eta ez bakarrik exotismoarekin-edo zerikusi duten arrazoiengatik. Nahi duenak erraza du ikustea nola asmatu zuten ‘tribu etniko’ kontzeptua mendebaldeko kolonialistek XIX mendean, nola interesatu zitzaien afrikarrak tributan sailkatzea, beraiek (europarrek) asmatu/estilizatu/estetizaturiko tipologien, itxura fisikoen, ohituren, janzkera edo biluzteren, dantza-erritmoen, sineskerien, xelebrekerien eta abarren arabera oihan edo basamortuetako sasi-jendeak sailkatzea, «zibilizatze» lana zuritze aldera -‘zuritze’arena, noski, haren anbibalentzian nik intentzio osoz jarria-. Nahi duenak Terence Ranger-en honako lan hau kontsulta dezake: «El invento de la tradición en el África colonial», alegia, berak eta Eric Hobsbawmek argitaraturiko La invención de la tradición liburuan (Crítica, Bartzelona, 2002].

Mendebaldar erromantizismo garaietako exotismoaren zaleak, eta geroko positibismo zientzia sozialen zaleak -askoz zientifikoagoa azken hau, nola ez?-, emanen zioten asmakuntza hari zentzu estetikoa, kontzeptua gizarteratze aldera, eta zientifikoa, serio eta eztabaidaezin bihurtze aldera.

Gero, eta ez dut zertan barkamenik eskatu unibertsitateetako hainbat eta hainbat etnologo/soziologori –nonbait gaurkotu eta justifikatu behar dituzte euren curriculum zientifikoak-, eroso ez ezik, xarmagarri ere, bihurtuko zen ‘tribu’ kontzeptua hiri-tribuak -‘lunpen’ kontzeptu zaharkituaren sublimazioa?- psiko-sozialki aztertzerakoan.

Gaur egun, moderniaoste betean (eta honetan bai kontu eske natorkie marketinera emaniko soziologo/etnologoei), marka/logoen arabera sailkagarri nahi gaituzte. Tribu markarik ezean, markek egiten gaituzte tribukide.

(Ezkerretik Berrituz 42. aldizkarian, 2015ko Urtarrilekoan, argitaraturik).