‘Post’ Aroan?

Hutsune handi baten presentzia nabaritu nuen aurreko egunean esnatu nintzela. Ametsetako kontua izanen ote zen, baina halako post-elefantiasi bateko hutsunean sentitu nuen ene burua. Garunean, lokietan, erranaldi bat nuen taupaka mailuka: “Esnatu zen, eta elefantea desagerturik. Biek batera partekatzen zuten apartamentu estua hutsune erraldoi bihurtu zitzaion”.

 

Halako post-elefantiasia, bistan dena, baina metaforikoki baizik ulertzen ezin nuena, gaixotasun horren sintomarik inoiz ez baitut pairatu. Horregatik agertu zitzaidan erranaldia, agian, hirugarren pertsonan formulatua. Bueltaka eta jiraka zer erran nahi ote zuen hark, Monterrosoren mikroipuina, protagonista esnatzean oraindik ere hor zegoen dinosauroarena, etorri zitzaidan burura iturri gisa. Baina, edonola ere, zeharka, Monterrosorenari buelta emana. Eta, erran gabe doa, Haruki Murakamiren bertze ipuin baten (“Elefantea desagertu da”) oihartzuna tartean. Zer nolako harrak, zer nolako zizareak ibiltzen ziren ene garun eta gorputzeko erraietan historiaurreko dinosauro erraldoiaren desagerpenak (ene gaurko elefante erraldoiarenak) hutsune deseroso hori sortzeko?

 

Horri bueltaka, halako batean bertze flash antzeko batek jo zidan buruan. Alegia, egun gutxi lehenago argi itsutan blaitu ninduen bertze ideia bat, hitzez honela formulaturik nintzena: “Paradigma guztien ostean/‘post’etan omen gaude. Hau post-betekada hau! ‘Neo’ak sortzeko konpost ezin emankorragoa!”. Formulazio kontra-errankorra elefantearenarekin, bistan ere dena, hutsunea hasierakoan (elefantiasiarenean), betekada bigarren honetan, baina senak adierazten dit txanpon bereko aurkia eta ifrentzua izan daitezkeela biak ala biak. Hau da, betekada (elefantiasi sentsazioaren pareko) baten osteko hutsune deserosoa.

 

Izan ere, orain arteko hainbat paradigmak, hainbat ideologiak, hainbat mundu-ikuskerak, hainbat zerumugak huts egin ondoren, Iraultzen Aro deiturikoak azken hatsa emanda, umezurtz bezala gelditu gara hala iraultzaileak nola ezkertiarrak eta oro har aurrerakoiak.    Ideia berririk ez hutsune hori aztertzen saiatzen diren pentsalarien aldetik, den-dena hutsune gisa eta geure garuneko elefantiasiaren post bezala ikusten dute. Guztiz gainditu omen ditugun ideiei erreferentzia eginik baizik ezin dute zerbait irudikatu: post-modernia, post-nazionalismoa, post-marxismoa, post-kapitalismoa, post-arrazionalismoa, post-egia, post-sinesmenak, post-segurantzak… Arazoa da berez ezer berririk sortzeko gai ez bagara, paradigma zaharren hainbat eta hainbat ‘neo’rentzako konposta baizik ez izatea lortuko dugula, bistan dena. Pos-mortem birziklatzea gurea? Post-intelektualak gaurko gureak? Monterrosoren dinosauroak historiaurretik hona bizirik ote post-historian ere?

 

Baina giza aurreko historiarik (historiaurrerik, zentzu estuan) ez dagoen bezala (gizakiok bakarrik ditugu historia eta historiaurrea, guk bakarrik ematen diogu historia izaera unibertsoaren, geologiaren, zoologiaren, botanikaren-eta bilakaerari), ezin egon giza post-historiarik ere. Monterrosoren dinosauroak bizirik iraun omen du, kontra-natura iraun ere, naturaren historia zoologikotik gaurko giza historiaraino. Neoliberalismoak, ordea, naturaltasun osoz aldarrikatzen du naturaren legea, baita gizaki/gizarteentzat ere. Ea, bada, dinosauroa bihurtzen dugun naturaren legeari aurre egiten sorturiko giza historiaren ikur. Alegia, ea Aro Moderno/Garaikide/Iraultzaileko garun- eta esperantza-elefantiasiaren osteko hutsunea betetzeko gai bihurtzen dugun Monterrosoren dinosauro antinaturala.

 

⁂ ⁂ ⁂

 

“Ezkerretik Berrituz” 51 zbk, 2017ko apirilekoa, aldizkarian argitaraturikoa.