PFEZaren inguruko lukainkak

Urte luzetan Inkisizioaren eskuetan egon ondoren askatu bezain laster, bere katedra-eskolak ematen berrasi omen zen Fray Luis Leongo erranaldi famatu harekin, “dicebamus hodierna die” (‘Atzo genioen’) alegia, deus ere gertatu izan ez balitzaio bezala. Aldeak alde eta ez bakarrik denborari dagokionez, berrasi naiz ni ere artikuluak idazten, nafar Diario de Noticiaseko atzoko honekin:

 

«PFEZaren inguruko lukainkak

PFEZaren kanpaina aurrean, hasi dira demagogo neoliberalak sare sozialetan zerga zuzenen aurka beren mezu errazak sartzen. Zergak pagatzea nork du gustuko? Eta zergetan ikusgarriena hauxe dugu, zuzen-zuzen eta norbanakoaren sinaduraz pagatzen denez. Hortaz neoliberalen errazkeria. Badakite, ongi jakin ere, sistema liberalak, muturrekoa izanik ere, zergen beharra duela. Baina bakar-bakarrik zerga zuzenen aurka jaurtitzen dituzte geziak, ikusteke nago oraindik zeharkako zergei haiek eginiko kritikarik, BEZaren kontra adibidez. Mutuarena egiten dute PFEZa jaisteak BEZaren indartu beharra dakarrelako ebidentziaren aurrean. BEZa ere denok pagatzen dugu, gutako bakoitzaren kontsumoaren arabera: gehiago kontsumitzen duenak gehiago pagatu behar, ia ezer kontsumitu ezin duenak ia ezer ez du pagatuko. Ba ote dago justizia banatzailearen eredu zuzen eta hobeagorik?

Joko erraza demagogoentzat: zerga kanpainak, PFEZaren inguruan baizik ez dira egiten. BEZak ez du zertan egin kanpainarik zeharkako zergak direnez: dendetan-eta zuzen-zuzenean ordaintzen ditugun zergak dira hauek, baina hori bai, erositako gauzen prezioaren pean estalirik. Bitxia kontua: zeharkako zergak dira, hain zuzen, egunez egun zuzen-zuzenean ordaintzen ditugunak, erosketen tiketaren barnean! Baina deabru gorriaren mozorroaz PFEZa bakarrik janzten dute gaizki deituriko neoliberalek.

Zer dute ‘neo’tik liberal zahar horiek? Aurrizki horren kontraerranek haien kontraerranak islatzen dituzte baiki eta eiki. Aberatsago direnei zerga gehiago ordainaraztea aberastasun iturriak lehortzea omen da, aberastasunak lortzeko gai direnak zigortzea, hain zuzen aberastasunak berez ekartzen duen ongizatea zigortzea, hortaz. Kontsumitzaile hutsa, eskasa izan arren –edo eskasa delako, hain justu?– zigortu nahi dute, euren ustez aberastasunak sortzeko ezgai den hori alegia, kontuan hartu gabe kontsumitzaileei esker ere sor daitezkeela aberastasunak: zertarako ekoitzi enpresariek, saltzeko ez bada, nori eta kontsumitzaileari?

– Hara! Kontsumista bihurtu al haiz? Kontuz hire demagogiarekin ere!

– Bale, baina hain kutsakorra denez demagogia… Gehien bat, guztion kontsumismoaren beharra dutenen muturreko liberalismoa jarri nahi diat irrigarri, haien kontraerran batzuk azalaraziz.

BEZa zerga izanen ez balitz bezala agintzen digute zergak jaitsiko dituztela euren sirenen kantekin, eta zor publikoa gaitzesten dute. PFEZa soilik ezabatu nahiko lukete eta zor publikoa gehien igoarazten duten lan publikoetako esleipenak lortzeko lehian sartzen dira buru-belarri. Hori bai demagogia erraza eta horiek bai kontraerran irrigarriak! Friedmandar amorratuak zerga kontuetan, keynestarrak ordea gobernuen inbertsio handietan, zor publikoa gaitzesten dutelarik aldi berean.

Oso kontu konplexua ekonomiarena, baiki. Ez, ordea, zientzia horretan ezjakinok ere kontraerran batzuez ez jabetzeko lain. Baina jarraituko dute demagogo ultraliberalek debotki lukainka ederra denoi sartzen PFEZaz, ezjakin koitaduok izan gaitezen zorioneko paganoak».

 

⁂ ⁂ ⁂

 

(Nafarroako Diario de Noticiasen argitaratua atzo, 2019-04-07, Tribunas sailean)

Hau oilo-ipurdia!

Ez dago maitagarririk, ez kriseilu miragarririk, hauteskunde kontuetan. Bai, ordea, hazkuntza saldak, non hala miasmak nola lore berriak sor daitezkeen. Ez dut sinesten laborategirik denik hautesleen bozkak gaur arte hona eta bihar bat-batean halako paraje aginduriko berri batera eramateko gai. Edo, hobe erran, horretan saiatzen diren laborategiak egon arren, ezin sinetsi nik haien efikazia miragarriarekin. Hazkuntza salda bereziak bai sortzen direla noizean behin herritarrengan, ez kasualitatez, jakina, baizik eta hainbat neurri politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalek aurretik giro ezohiko bat eratu dutelako, non fruitu aurreikusezinak, alboko efektu gisakoak, garau daitezkeen.

Dena dela, neoliberalismoaren goreneko erakundeek bultzatu horrelako laborategi elektoral miragarriro efikaza izan balitz ere frantziar hauteskundeei begira, ez dut uste joan den igandekoak baino emaitza hobeagoak lortu zituzketenik. Hankaz gora jarririk gaur arteko lehia liberal eta sozialdemokraten artean, bertze lehia bat nagusitu da, neoliberalismo eta kutsu faxistako ultra-eskuindarren artean: orain bai, aurrerakoi progre zentzuduna neoliberalismoa dute herritar frantsesek bigarren hauteskunde-itzulirako. Hain progre hain aurrerakoi hain zen- tzudun, non sozio-liberalismoa asmatu omen duten Macronen ahotik. Akabo eskuin eta ezkerreko ideien arteko lehia bipartidista, neoliberalismo sozialaren oximorona txertatu dute hiztegi politikoetan, eta oximoron horren eta ultra-txaubinisten arteko bertze lehia bipartidista bat sortu zaie mementoz hautesle frantziarrei. Hau Makro-pagotxa Europako erakunde ekonomiko neoliberalentzat!, hain ederra non, berriro diot, horrela diseinatu izan balute ere ez baitzuketen hain bete-betean lortu.

Non eta Frantzian gainera. Non eta Europako bigarren motorrean. Non eta herri-manifestazio handienak antolatu diren estatuan sozialista batek ezarririko neurri neoliberalen kontra, Hollandek berak hasieran aginduriko promesa eta hitz guztiei traizio lotsagabea eginik.

Zierto. Frantziar hauteskunde sistema, bi itzulitakoa, espresuki diseinatua dago alderdi pluraltasuna bermatu baina gobernagarritasunaren aukerak bi alderdiren esku bakarrik uzteko. Kontua da orain arte bipartidismo horretan nagusi izaniko bi alderdien desagerpena lehiatik, eta bertze bik izanen dutela aukera heldu den maiatzaren zazpian. Aukera berri honetan, kutsu faxistako mamuak sortzen duen beldurraren aurrean, neoliberalismoaren aldeko bozkak eskatu beharko dituztela eskuindar neoliberalek ez ezik, bertze indar aurrerakoi progre zentzudun ezkertiarrek ere. Hauteskundeen analistek Gaitz Gutxieneko teoria deituriko irizpide horren arabera. Eta, bai, arnasa hartuko dugu neoliberalismoa gaitzesten dugun europar guztiok datorren maiatzaren zazpian neoliberal frantsesek euren Makro-pagotxa lortzen badute. Bi gaitz artean, infartu erabatekoa saiheste aldera, Europako bizi-organo funtsezkoenetako batean minbiziaren bertze metastasi bat onesten bada, gaitz-erdi. Hau oilo-ipurdiko salda!

 

***

Joan den igandean, apirilak 30, Diario de Noticias de Navarran plazaratua.