Pentsamoldeak, zeinen indarra hainbat jendek pentsatu nahi ez izatean datzan.
pentsamena
Bidegabekeria begi-bistakoegia
Hain begi-bistakoa, non ezin daitekeen egia izan. Horixe ez ikusiarena egiten duenaren ikusmoldea.
Eskergarriak?
Egia bere egin dutenek zertarako gogoetatu gehiago? Alta, bertzeoi etengabe eskatzen digute gogoetatzeko. Kasurik onenean.
Espainiarren Justizia
Horrela da Justizia espainiarra. Ez espainiar izateagatik, Justizia aldatu nahi duten espainiar nahikoak ez egoteagatik baizik.
Kosmopaletismoaren zabala
Kosmopolita horien kosmos estua, non euskara edo katalana bezalako hizkuntzak ez zaizkien kabitzen.
Ahobero
Barrukiak borborrean eduki bai, baina pausatzen uztea hobe gero, ahora eraman aurretik.
Potrohandiko ideologia
Ideologia maltzurragorik ideologia ez dela dioena baino?
Kalterik terroristena
Bistan da, Altsasuko koktel alkoholdunek orkatila batena baino askoz lesio larriagoak eragin zituzten epaileen garunetan.
Ipuin sinboliko bat.
Lagun kalakari batek, halako putzu filosofikoetan murgiltzeko joeraduna berau, erran zidan aurreko egunean: “Pentsamolde dikotomikoa, zein erosoa arlo guztietan! Erosoegia, errazegia. A ala B aukera baizik ez badago, zein erraz bat aukeratzea!”.
Ez zen ari nik aurretik erraniko ezeren kontra. Biok irakurritako artikulu itxuraz sendo baten harira zihoan. Irmo eta estropezurik gabe frogatzen zuen artikulugileak hipotesi bat, berdin du zertaz, diskurtso biribil bat osaturik. Bere biribila diametro bakar batekin zatitzen zuen erditik, konturatu gabe zirkuluak baduenik berez hamaika diametro, ezin konta ahala diametro, hots, ezin konta ahala manera bere barnekoa zatikatzeko eta sailkatzeko.
“Alta”, jarraitu zuen lagunak isilune labur baten ondoren, “ez nahasi pentsamolde dikotomikoa dialektikoarekin, nahiz eta dialektikoan dabiltzalakoan egon badauden dikotomikokoak. Bale, biek ala biek bi muturren arteko jokoan ikusten dute ikergaia, baina pentsamolde dikotomikokoak bi mutur horien sailkapen hutsean gelditzen dira, bata ona, onargarria dena, eta bertzea arbuiagarria, bat bertzearen ukazioa baizik ez da, manikeismoen ezinbertzeko plataforma bat dugu pentsamolde dikotomikoa. Dialektikoak, ordea, bi muturren arteko eragin-trukea ikusten du jokoan, elkarrekiko harreman bat, zeinaren bidez bertze plano batera igo baikaitezke, nondik-eta berriro ere prozesu berberean hasi ahal”.
Argibideren bat eskatu behar izan nion lagunari, bertze plano horretara eskalatzeko gai ez izateko arriskuan nengoelakoan. Eta berak: “Modan dago, ezta?, gure garai hiper-psikologizatu hauetan, edozein fenomeno aztertzerakoan, ardatz errealaren beharrean, ardatz sinbolikoa lehenestea. Gutxi duela irakurri dut hor nonbait, subjektu ikertzaile batek ardatz erreala hartzen badu oinarritzat, gauzak beren horretan ikusten dituela eta ahalmenik gabe gelditzen dela errealitatea bere horretatik mugiarazteko. Ardatz sinbolikoa hartuz gero, ordea, ‘desplazamenduak’, edo horrelako zerbait zioen, sor ditzakeela ardatz errealean. Ba, egia da hau, baina ez dut uste ardatz erreala hartzen duenak inolako ardatz sinbolikorik gabe hartzen duenik”.
“Zehaztu, mesedez, jaitsi lurrera”, erran nion nik, ene burua jada hegan egiten eromenaren mugetan. “Ez da hain konplexua”, lagunak pazientzia handiz erantzun. Eta jarraitu: “Zer da ‘errealitatea’? ‘Erreala’ akaso? Ez, ez da ‘erreala’, baizik eta ‘errealaren’ interpretazio baten emaitza. ‘Errealitateak’ ere bere karga sinbolikoa du. Halako moldez, non gauzek beren horretan jarraitzea nahi duena ere ardatz ‘sinboliko’ batean mugitzen baita. Bi muturren arteko jokoa bi ardatz sinboliko desberdinen artekoa izan daiteke. ‘Errealitatea’ aldatu nahi ez izatea ere guztiz sinbolikoa da: ‘erreala’ bera, subjektuari konturatu gabe ere opaku zaion hori, ‘errealitate’ gisa interpretatzen du errealistak. Hortaz, bada, dikotomia huts izan gabe, dialektika ederra sor daiteke, eragin-truke aberatsa, aukeran, ardatz erreal eta ardatz sinbolikoaren artean (errealismoen eta utopien artean, demagun)”.
Ene burua lagunaren putzura botatzera deliberatu nintzen, sinbolikoki.
& & &
(Ezkerretik Berrituz 52, 2017ko uztailean, plazaraturik).
Jaiotza tonbola
Zorte txarra La ciudad y los perros eta Conversación en La Catedral bezalakoena, Vargas Llosaren aitatasuna haiei tokatzea!