Politikariarena egiten duten politikeroak eta politikero bihurturiko politikariak. Gero, horien larba eta pupetatik sortzen dira antipolitikoak: faxistak, teknokratak, anarkoliberalak eta bertze.
Politika
Zoo-antropologia.
Zoon politikon deituriko izaki horien jokamoldeak ikertzerakoan, itzelak sarritan antropologoen ahaleginak zoologoei lapurtzeko ikergaia!
Purismo
Ideologian birjina puru, politikagintzan antzu.
Titulitis zarpailtsua
Titulitis pandemia honetan, ez dago bere biluztasun akademikoa beztitu nahi ez duen politikaririk, zarpailez izanik ere.
Nork bere merituak
Gatazketan, badaude porrotak, zeinen jasaileek inbertsio itzelak egin dituzten porrota lortze aldera.
Adostasuna burutzean
Adosteko ahaleginak alferrik burututa, baten ekintza burutuak aginduko gero adostasuna. Gorriagoa bientzat, beltz-beltza batentzat.
Sofista eskasak.
Sofistikazio gutxi, gaur, sofisma politiko eta ekonomikoetan.
Beldurraren beldur
‘Beldur’ hitzaren zentzu beldurgarrian, ez dakit beldurgarriena ez ote den beldurraren kulturaren aurreko gure beldurra.
Kutx ala pil.
Justizia eta mendekua, arruntean, txanpon bereko bi aurpegiak. Baina auzitegi politikoetan, beti, aurpegi berbera ageri.
Surrealismoa politikan
Estatu eta erakundeak, zeintzuen inguruko berriak, zenbat eta irudikaezinago, hainbat eta sinesgarriagoak diren.