Jalamandrukiren zain

Jalamandrukiren zain

Por Bixente Serrano Izko – Domingo, 30 de Junio de 2019 –

 

Ez dakit egia den, edo zein neurrian, nafar Gorteko berriketa-lekuetan dabilen zurrumurrua, PSNko nafar Inés Arrimadasek, Maite Esporrín ezizenekoak, Maria Chiviteri sesio beroa egin ziola dioena, Esporrinek Iruñeko alkatetza Navarra Sumari eman ostean Chivite prest agertu zelako Geroa Bai, Ahal Dugu eta I-Erekin harremanetan hasteko, Foru Erkidegoaren lehendakaritzari begira. Egia ala ez, arrazoiak balituzke Esporrinek sutan jartzeko Chiviteren jokamoldearen aurka. Tartean, jakina, EHBilduren eskumikatze politikoa dago. Txotxongilo mailan utzita Esporrín, hara zer eta Chivite prest agertu EHBilduren abstentzioa gutxienez, berak ez noski, baina bai bere bertze solaskideek lan dezaten.

Eta badirudi perspektiba horretan hasi dela Chivite elkarrizketetan. Foru hauteskundeen emaitzak ikusi berri, presaka idatzi nuen artikulu labur bat Argia aldizkarirako, berehala plazaraturikoa edizio digitalean eta aste berean paperezkoan, hasiera honekin: “Esparzari eskertu beharko ote diogu PSN ez batzea Navarra Sumarekin”? Galderaren atzetik, susmo erraza: Chivitek pozik jasoko zituela eskuindarren botoak lehendakaritza lortze aldera, horren truke hainbat alkatetza ematen Navarra Sumari, Iruñekoa barne. Horixe egin zuen Esporrín andreak, gustura gainera nik uste, kontuan izanik zein den andre honen kultura politikoaren maila, “Agur Asiron” mailakoa alegia.

Elkarrizketak hasi bai, baina ikusteke dago oraindik Chiviteren azken jokaldia, bere solaskideek EHBilduren abstentzioa lortuko balute ere. Ezaguna da PSNren ohiko azaluskeria horrelako abaguneetan, eta gutxi fido. Puntu bat, agian, konfiantza apur bat izateko: Chiviteren anbizioa. Eta anbizio hori inola ere ez diote asearaziko Navarra Sumaren 20 eserlekuek Chiviteren 11 aurrean. Ezkerraldera makurtzen ikasi beharko luke PSNkoak.

Baina, betiko leloa: Madril oso gertu du PSNk, Nafarroa baino gertuago betidanik. Eta hor badago bere burua Jalamandrukitzat duen Sánchez bat. Mago gisa, mahukatik atera zuen mukizapia PSOEko gerontokratek ezarri zioten eskumikatzea gainditu, alderdiaren buruzagitza berreskuratu eta Espainiako presidentetza lortzeko, bai eta legegintzaldiari une egokian amaiera eman eta hauteskunde berrietan boto gehien jasotzeko. Podemosen kaltez eta hauteskundeetan aurkezten ez den alderdi aberats horri, Ibex 35 delakoa, bitxiloreari hostoak kentzen ari zenari esker ea nori eman bere amodioa, C’s edo PPri. Sanchezek ere eskumikaturik ditu independentista katalanak eta EHBildu, baina, Chivitek bezala, hauen abstentzioa behar du inbestidura lortzeko, ezkerreko politikariarena egin nahi badu. Bertzela, edo C’sen laguntza beharko du, edo Jalamandrukirena berriro egin, ostera ere Gorteak ixten.

Arriskutsua inondik ere: Ibexek isilarazten badu Vox Nafarroan bezala eta C’s-PP nolabait birjosten baditu, edota Podemosek berreskuratzen baditu PSOEri ihes eginiko boto likidoaren zati bat…, zer?

Eta Chivite? Ezkerraldera negoziazioetan jardun, baina azken buruan Jalamandrukiren zain aldez edo moldez, hain ziur…

Haur psikopatologia kasu bat?

Artikulu zaharra dagoeneko baina batere ez zaharkiturik, honako hau. 2019ko maiatzaren 9an idatzirik Ezkerretik Berrituz bihilabetekariarentzat, joan den astean plazaraturikoa paperezko euskarrian. Hauteskunde orokorren ondoren idatzia, beraz, baina Foru eta Udal hauteskundeen aurretik. Gaur, hilabete bat igarota azken hauetako egunetik, galdera berdinek jarraitzen dute bizirik geure neuronen barnean, metafora ezberdinak erabil ditzakegularik egunez egun kezka berberaren inguruan. Hauxe da artikulua:

 

“HAUR PSIKOPATOLOGIA KASU BAT?

 

Ez dago zertan izan ez psikologo ez psikologista ene buruari maiz egiten diodan hau bezalako galdera egiteko: alegia, PSNren arazo bat ez ote dagokion haur psikopatologia arloari.

Antso ene lagun onak bere txio batean aditzera eman berri duen bezala, Chivite ez da Sanchez, eta PSNri buruz ari naiz honetan, ez PSOEri buruz, direnak direlakoak, ene ustez, Sanchezen eskasiak.

Zertan datza ene galderaren funtsa? Bada, arazo zaharra da honezkero PSNrena, berau Urralburuk hondamendira eraman zuenetik datorrena, hau da, nafar gobernutik kanpo gelditu zenetik (Otanorena fede oneko saio frustratu bat baizik ez zen izan, ene ustez, Urralburuk sorturiko ekaitzan ez hondoratzeko). Ene susmoa, bada: garai haietatik halako umezurtzean gelditu zelako traumak jota ez ote dirauen PSNk. Nafar gizarteak umezurtz utzi izan balu bezala, bere kariñoa faltan.

Horrelako traumak jotako haurrak oraindik ere traumatizaturik hel daitezke gaztarora, eta hortik espezialitate hori, haur eta gazte psikopatologiarena. Horrelako haurrak, nerabezaroan, apetatsu huts izatetik bihurrikerietan ibiltzera igarotzen dira maiz, eta gaztaroan gurasoen kontra jokatzera, halako errebeldia tematsu batekin, auzoko lagun txarrenekin biltzeraino. Horixe nire galdera, hortaz: holaxe ibili ez ote den PSN ordutik hona, UPNren eskutik beti, nafar gizartea zigortu nahian beronek kariñoa berriro ere itzultzen ez dion artean.

Irudi hori dabilkit buruan jiraka, PSNri gaur behin eta berriz entzuten diodanean berak izan behar duela eskutan nafar gizartearen gidaritza nafarrok ongizatean mugiarazteko. Badago mehatxu tonu bat mezu horretan: ez badidazue ahalmen hori neuri ematen, hor konpon zuek. Hau idazten dudanean pentsaezina da, hauteskunde orokorretako nafar botoekin, ez PSNk, ez PSN-IE-Ahal Dugu arteko gobernu-koalizio batek (hots, PSNren ustezko indar abertzale batere gabeko koalizio batek) indar aski lor dezakeenik Navarrasumari gobernu posibilitatea ixteko. Eta auskalo, azken urteotako aldaketaren aldeko indarrekiko lankidetzan ibiltzeko behartuta ere, Foru-hauteskundeetan berreskuratuko ote duen PSNk nafar gobernurako giltza. Lor dezake, dena da posible, baina auskalo lortuko duen.

Eta lortuko balu eta bere esku egonen balitz aldaketaren aldeko esperientzia onartu ala errefusatzea, zer eginen luke? Jarraituko luke nafar gizartearen kariño osoaren esperoan, Navarrasumari (UPNri lehen bezala) gobernua baimentzen, nafar gurasoek (gizarteak) ikasi arte PSN ez bertze maitatzen? Maria Chiviteren aldarriek, bere burua gobernuburu ikusten duela behin eta berriz garrasika, eta lau urte hauetan lauko koalizioak aldaketaren alde eginiko urrats guztiak Esparzaren uberan errefusatzen nafar identitate kontra eman direlako aitzakia bueltaka, ez dute ezer onik iragartzen: haur eta gazte psikopatologia mota batek jotakoengan sortu ohi den identitate arazoren bat duela erranen nuke nik.

 

Iruñean, 2019ko maiatzak 9.

Bixente Serrano Izko.”

San(che)zismoa?

Haize-bolada fresko batek jo du espainiar alderdi-sistema, PSOEn gertaturikoa lekuko. Oinarrizko militanteek alderdiko kupulakoei emaniko zartadak itxaropen berriak ireki ditu sistema zaharkitu, sorgortu eta usteldu horretan. Zama eta tradizio handiko indar politiko horrek jarraitzaile fidel anitz bildu du bere historia luzean, fidelak orain arteko kupulakoei ere bai, baina funtsean ideologia batekiko atxikimenduari fidel, direnak direlakoak azken hamarkadetako goiko kargudunek eginiko politikak, zerikusi gutxikoak jarraitzaile sufrituen ideia sozialistekin. Baina jada sufritu ahal izan ez dutena barne-estatu kolpea izan da, kupulakoek eman eta militantziak berak hautaturiko liderra defenestratu zuena. Haize-bolada freskoa, bai horixe!

 

Ikusteke dago Sánchez gai izanen ote den militanteen esperantza berri horiei egokiro erantzuteko. Beldurrak nauzue, gai izanen ez delakoan. Errotuegia dago PSOE Errestaurazio post-frankista kosta ahala kosta iraunarazi nahi duten instantzia politiko-ekonomikoetan, bigarren errestaurazio borboitar ustel honetan. Eta defenestraturik izan aurretik ez zuen Sanchezek frogatu preseski dohain bereziak dituenik koherente jokatzeko Europako alderdirik ustelduena gobernutik kentze aldera, esku artean izan zituen aukerak gorabehera.

 

Eta Nafarroari dagokionez? Badut lagun bat, emakume berau, argi eta garbi zuena zer nahiago zuen PSOEren primarioetan: “Susanaren alde, mesedez”, zioen. Bertzela, erran nahi baita Pedrok lortuz gero irabaztea, jai dugu Nafarroan. Berriro ere esperantzak berpiztuko dituelakoan jada etsita dagoen hainbat nafar sozialistarengan, noraino eta Foru Parlamentuan giltza berreskuratzeraino hurrengo hauteskundeetan. Eta akabo, jakina, gaurko nafar parlamentuko gehiengoa, karanbolaz lorturikoa 2015eko harako maiatz hartan. Jimenez padronek eta Chivite noragabeak Pedroren alde eraman dituzte sutsu euren nafar militantziaren sostenguak, eta Pedrok irabazita, ene lagunaren ustez, ba, hori gertatuko litzaiguke Nafarroan. Lagunarekiko elkarrizketa hura (tira, neurri batean gezurti nabil, ni ez nengoen taberna hartan, bertze lagun batek kontatu dit), Nafarroako eta Espainia osoko ultraeskuindarrek ekainaren 3ko bandera festara deitu baino lehen izan zen. Ordurako, beraz, PSN eta Chivite noragabea ezin agertu ez deialdiaren alde, ez kontra. Baina agertu dira gero, Espainiako falangistek, auskalo zein bazterretako karlistek, PPNk eta UPNk deituriko ekainaren 3ko horretan. Hauek guztiek deituta ere, Chivitek (PSOEren ustezko eta ezusteko erregenerazionista nafar hau) PSN ultraeskuindar horiekin aterako dela agindu zuen. Azterketa zorrotza, bai, ene lagunarena. Itxaropen gutxi Pedroren nafar lagun hauekin, hurrengo foru-gobernuaren giltza berreskuratuko balute. Keinurik batere ez PSNn, UPNri aurre egiteko, Nafarroan aldakuntzaren alde agertzeko: mementoz, Chivitek eta Jimenezek PPN, UPN eta falangistekin nahiago, ekainaren 3an, Aldakuntza Gobernuaren aurka. PSNren sanchezismoa sanzismoaren alde berriro jokatzeko?

* * *

Atzo argitaratua Diario de Noticias de Navarra.