Irabazle galtzailea

Irabazle galtzailea

Artikulu bat, “Syriza sindromea” izenburukoa, idatzi nuen Argia astekarirako joan den astelehenean goizean goiz. Hamaikak aldera bidali nuen eta berehala aldizkariko iritzi saileko arduradun Mikel Asurmendik, beti bezain abegikor, zintzilikatu zuen Interneten, eta gero paperezko euskarrian plazaratu (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2666/syriza-sindromea). Begi-bistan da Sanchezek bere jarrera aldatu aurretik idatzi nuela. Baina kontutxo bat aitortu nahi dut. Alegia, artikuluaren lehenbiziko zirriborro batean segurutzat ematen nuen Koalizio Handiaren alde jarriko zela PSOEko hautagaia. Alabaina, azken unean, zuhurtzia senak agindu zidan atea irekitzeko bertze aukera bati, eta halaxe egin nuen, beti ere argi adierazten zer ekarriko lukeen Koalizio Handiaren aldeko aukerak.

Pozten nau, baiki, Sánchezen aldaketak, historiko izan daiteke, eta bazen garaia! Bertze kontu bat da zergatik aldatu duen, eta ez preseski zintzotasunagatik, bertze arrazoi sasikoagoengatik baizik, hala nola Sánchezen hantusteagatik, anbizioagatik, presidentetza lortze aldera. Kontuan harturik batzuetan zergatirik bihurrienek hartu arazten dizkigutela erabaki zuzenak, ongi etorria aldaketa. Eta aldaketa horretarako, zeintzuk izan dira boto baliodunenak? PSOEri, ala aldaketaren aldeko bertze aukerei emanikoak? Lepoa jarriko nuke PSOEri joan izan balitzaizkio politika molde eta funts berrien aldeko botoak guztiak, ez zezakeela keinu gutxienik ere egin Sanchezek CEOEren aginduetatik ateratzen saiatze aldera, hots, bertze boto horiek, hautetsirik lortu ala ez, behartu dutela PSOE aldatzera.

Ikusteke dago zertan gauzatuko den Iglesias eta Sánchez arteko ituna, prest eta zentzudun agertuko ote den Sánchez behar dituen bertze aliatuak, aldez edo moldez, aurkitze aldera. Zailena, jakina, ERC izanen du, Sanchezen kulpaz preseski gutxienez haren abstentzioa behar duelako. Sanchezek berak, edo bere aholkulariek edo PSOEren gerontokraziak berdin du, eskuinaren abertzalekeriarekin lehian sartu nahi izan du kanpainan, baina kukuak oker jo du, bistan dena. Inpentsan moldatu behar izan du diskurtso berri bat ez ezik, bere pentsamoldea ere birmoldatu behar du, nahita nahiez. Hondoraino sartu zuen hanka PPri men eginez justizia-kodeko kontu gisa hartu zuenean Kataluniako arazo politikoa eta harrapaturik dago jada lakio horretan, justizia-sistemak bere bidea hain aurrera eginda.

Badu Sanchezek zeri eta nortzuei heldu lakiotik ateratzeko, gogoz kontra besarkatu berri duen aliatuari eta hain peioratiboki deituriko “periferiako” indar politiko ezberdinei alegia, PSOEren barneko pentsamolde korronte batzuez ahantzi gabe, eta horretaz baliatu beharko du bere presidentetzaren egonkortasuna ziurtatuko badu.

Une historikoegia agian hain epe motzeko estrategia elektoralista hutsa maite izan duen batentzat, baina bere maila intelektualak ematen ez badio, bere anbizioak behintzat emanen ahal dio aukerarik! Irabazle galtzaile atera da hauteskundeetan, baina ikasbide ederrak eskaini dizkiote emaitzek.

⁂ ⁂ ⁂

(Nafarroako Diario de Noticias-en atzo, azaroak 17, argitaratua).

Syriza sindromea

Syriza sindromea

Bixente Serrano Izko @bixentesi

2019ko azaroaren 11

Ez da harritzekoa, kanpaina honetan, Syriza greziar alderdiaz eta Tsipras lehendakari ohiaz aipamen batere ikusi/entzun ez izana, nahiz eta pisu handia izan duen, nik uste, greziar eskarmentu hark. Nahita ahazturik jendearen aurrean, baina presenta, oso, kanpaina diseinuetan.

Oroitu Tsiprasek aurkeztu programaz eta irabaziriko hauteskundeez: nola jarri  ziren hala Europar Batasuna (EB) nola Nazioarteko Diru Funtsaren aditu ekonomiko ultraliberalak. Makurrarazi zioten Tsiprasi, ezin izan zien beronek aurre egin, Grezia eraman zuten hondamendira eta hurrengo hauteskundeetan hain justu herriaren zigortzaileak atera ziren irabazle. Bai, gehiegi estutu zutela Grezia aitortu zuten gero aditu haietako batzuek, baina ez zuten deus ere egin beraien neurriak arintzeko.

PSOEk, ezinean berriro ere bera bakarrik, hautu egin beharko du, hauteskunde berriak egin ezean, norekin elkartu: edo PPrekin CEOEk agindu bezala (…)
edo Syriza sindromeari
aurre egin

Zezen larru-ko geografian, ez estatu eremuko alderdiek ez iritzi emaileek ez dute gogora ekarri greziar kasua. Ulergarria da ez Unidas Podemosek (UP) ez Más País-ek (MP) ezer ez aipatu izana: bertze guztiak probestu ziratekeen, hain ziur, greziar eskarmentuaz ezkerreko aukerak hondamendira eramateko. Bertze arrazoiengatik utzi dute ahanzturan ere Syrizaren umiliazio hura bertze hautagaiek. Ultraliberalek, espainiar abertzalekerian oinarritu dutelako euren kanpainak eta ez zitzaiekeen ongi etorri Espainia Handiaren gaineko kanpo-botere horien kateak aipatzea. Berdintsu PSOEri dagokionez: behin bakarrik eta hanka galantki sartzen aipatu du Sanchezek horrelakorik, CEOEren beldurra jakinaraziz, ezkerreko gobernu bat UPekin osatuko balu.

Hedabide handietan ere aipurik agertu ez izanak mass-media horien apustua utzi du agerian: laugarren boterearen mitoak erreka joz, botere bakarraren (IBEXaren) laugarren besoa baizik ez dela agerian utziz.

Espero izatekoa hauteskundeetan: PSOEk, ezinean berriro ere bera bakarrik, hautu egin beharko du, hauteskunde berriak egin ezean, norekin elkartu. Edo PPrekin CEOEk agindu bezala, Koalizio Handia hauteskunde sistema aldatu, bipartidismoari habe gogorragoak jarri, PPren legeak beren horretan mantendu, ekonomia ultraliberala garatzen jarraitu, autonomien eskumenak hutsaren hurrengoa bihurtze aldera… Edo Syriza sindromeari aurre egin.

Sindrome horrek jotako Espainia Handia berrezarrita erreka jo arte, Sánchez historiara pasatu nahian. Eta lortzeko bidean dago, nahiz eta ez preseski bere hantustean amestu duen Historiara, sindromeari aurre egiten ausartzen ez bada. Bitartean, Nafarroa, oi, Nafarroa!, zer hautu egiten duen.

 

& & &

 

ARGIA aldizkarian, gaurko edizio digitalean, plazaraturikoa.

Pirata erromantikoarena

Denetarik erran da jadanik Sánchez mutikoteaz inbestiduraren harira. Ezker ikuspuntutik erranikoetan, agortu zaizkigu epiteto eta metaforen zerrendak. Metafora eta analogietan, hor nonbait ikusi dudalakoan nago Esproncedaren pirata erromantikoarena ere. Pirata erromantikoarena, baina bere zentzurik okerrenean, itsaslapur gisa gehienbat. Merezi du, nik uste, piratarenean murgiltzea.

Itsasontzian pozik haizea alde doa, bai horixe, Esproncedaren pirata bezala, baina poetarena ez bezala haize oihalak jaitsita, ireki gabe eta ababor/ezkerralde eta istribor/eskuinaldearen aurrean soraio, plazer bidaia izanen balitz bezala, aurrean ikusten duen Istanbulen zain, helmuga berez helduko zaiolakoan patxada ederrean.

Egia da aukerarik onena duela Istanbula heltzeko. Baina istriborreko labar arriskutsuen eta ababorreko badia lasai zabalaren artean, istriborrekoei begira doa gehienbat, ez haiek saihesteko, baizik eta ea atseden hartzeko txoko ezkuturen bat begiztatzen duen, alferrik jada poemaren puntu honetan. Badirudi labarrek babesturiko badiatxo batean seguruago sentitzen dela, ababorreko badia barea, aldiz, armatu eta mehatxagarri ikusten duela bere plazer bidaiarako. Sanchezentzat ezkerra, beti, sinistra, zorigaiztokoa, hau besoak zabalik ongietorriko agur emate aldera egonda ere. Ezkerraren atzetik haren itsasontzi eredua, aginte-panela bakarreko irmo zentralizaturikoa, apurtu nahi duten katalanak-eta etorriko ote zaizkion beldur. Korso agiria eman ziotenek falta zutena! Eta pirata, haien erraneko, inolako errebeldia keinu erromantikorik gabe.

Egia da ere bai ongietorria emateko bidesari bat kobratu ahal izateko armatu direla ababorrekoak, Iglesias eta Echenique alegia, ongi eta bi aldeen gustura ostatuaren prestaketa hitzartu baino lehen. Piratak eta badia zabalekoek elkarren laguntza behar dute, eta plangintza okerra egin dute bigarrenek, ministerioen banaketa planteatuz ostatuaren prestakuntza erosoa baino lehen, hots, bizikidetzarako programa bat hitzartu baino lehen. Baina piratak ez die aukerarik eman, horrela nahita bere harrokerian, badiakoek beren harrera programa presta dezaten: berak duelakoan programa adosgarri bakarra, zeinean bide-ostatu emaileek GKEen papera baizik ez baitute bete ahal izanen, eta ezinbertzez onartu.

Horrela bada, errelato lehia baten aurrean kokatu gaituzte. Herritarrok, noski, irakurle huts. Fikzio literaturan idazlearen esku dago errelatoa eta erraz da, narraziogileak trebeziarik badu, irakurleak bereganatzea, idazlea ateratzen da irabazle. Politikagintzan gertatzen ez dena: politikako errelato lehian, bi aldeetakoek galtzen dute eta galtzera garamatzate herritarrok, inola ere irakurle huts izan ezin garen koitaduok.

Mementoz, badirudi piratak hartu diela abantaila ababorrekoei errelato ditxosozkoan, piratak dituela luma eta lema abenturaren norabidea eta narratologia inposatzeko. Eta berandu dela dirudi bide-ostatu eman behar dutenek pirataren beharrekin halako sinergiaz jokatu ahal izateko. Plangintza hasieran izaniko sinergia-aukeraz ez dute jakin baliatzen ababorreko balizko laguntzaileek. Pena, zeren eta gauzak daudenean daudela ezkerreko irakurleen ikuspegitik porrot horren errudun nagusia den piratak, inola ere ez erromantiko, irabazle ateratzeko aukera gehienak baititu, irakurleon kalterako. Nahiz eta, eta hori dramatikoena, oraindik ez dakigun zertan bukatuko den poema: lema bakarreko lehorreratze batean ala hauteskunde berrietako bertze itsasaldi ekaiztsu batean. Pirata, oraingoz ere, oporretan, bere buruaz seguruegi.

Idazki hau plazaratu orduko, dadoak botata egonen al da itsaslapurra?

 

⁂ ⁂ ⁂

 

[Ezkerretik Berrituz bihilabetekarian (61. zbkia, 2019ko iraila) argitaraturiko artikulua].

Estakanobismoa

Estakanobismoa.

 

Ez da bakarrik Sánchez mutikotearen harrokeria, bere neurrigabeko konfiantza esku-jokoekin, hor dago PSOEren azkeneko fakea Podemosen negoziazio proposamenaren gainean egina, hasierako proposamen huts zena exijentzia bihurtu eta filtratua. Ez da bakarrik zein den PSOEren programa ezkertiarra, era ia hobeezinean laburtua CEOEren mesfidantzaren zioan Podemosen eskuetan ez uzteko Lan ministerioa. Ez da bakarrik PSOEk bere aise gobernatu nahi duela itunkideak gehienez jota GKE gisa tratatuz, hots, ultraliberalismoaren eredura joz: enpresa handien harrapakeriek sorturiko giza kalteak konpontzeko GKE deiturikoak, enpresa handienenak preseski askotan, elikatuz.

Ez da hori guztiori bakarrik, bada horrezaz gain eta funtsean Sanchezek estakanobismoa duela espainiar estatu eredu (ez nahasi Stakhanov sobietar langile amorratu harekin, Sanchezek ez dakielako ezer lan beharraz bere asmoak aurrera ateratzeko, bere esku-jokoak eta itxurakeria lerdena aski izanen balitu bezala). Estakanobismoa Canovasen estatu eredua da, 1874ean bere ezpatatzar Martínez Camposen eskuz I. Errepublikaren aurka eginiko estatu kolpearen bidez ezarria, hiru ardatzen inguru: 1) bipartidismoa, 2) konstituzio guztiz maneiagarria txandakako gobernuen beharren arabera eta 3) monarkiaren ahalmen politikoa gobernuak aldatzeko, gobernu berriak antolatuz hauteskundeak aldez aurretik monarkak aginduriko alderdiak irabazi zitzan. Luze gabe sartu zen krisian sistema, 1897an hain zuzen, Cánovas estatu gizona Angiolillo anarkistak hil zuenean Arrasaten. Dena dela, luze iraun zuen kanobismoak etengabeko krisiak jasan bazituen ere, larriak guztiak, harik-eta Primo de Rivera Patria-salbatzailea erregeak berak ezarri zuen arte diktadore gisa, bai monarkiak, bai bipartidismoak, bai konstituzioak berak erreka joz. Baina oi, historiaren lezio alferrak!

Ez gaude, jakina, egoera berean: ez dira batere aurreikusgarriak krisi haien aurkako molde haietako protestak, Espainia incivil aurreko gaurko protestak zibikoak dira zorionez, baina gaurko sistemaren krisiak erro berdintsuak ditu: bipartidismoaren haustura herritarra, konstituzio guztiz ezegokia arazoei aurre egiteko, sistema politikoarekiko gero eta desatxikimendu zibil zabalagoa (ez bakarrik Herri Katalanetan, Euskal Herrian eta Galizian, Espainiaren barnean ere bai), erremedio-saio militarren ordez justizia erakundeetan oinarritzeko nahi antidemokratiko gizalegegabea, goi mailako epaitegietan epai alderdikoien izendapenak…, zenbatezinak arazoak. Horren guztiorren aurrean Patria-salbatzaile gisa agertzeko apustua egin du Sanchezek, bipartidismoari eutsiz, estatu ereduaren immobilismoari hortzekin atxiki nahian, unidad de des(a)tino en lo universal primorriberatar hura lehenetsiz.

Batek daki zenbat iraunen duen estakanobismo honek, batek daki Sanchezek betetzerik izanen duen garai haietako Sagastaren funtzioa, baina begi-bistakoa da halako irrealismo magiko mota batek bizi duela gaur Sánchez, bere hautuko Espainiak ez duela etorkizun demokratikorik.

* * *

Nafar Diario de Noticiasen plazaratua atzo, nahiz eta hemen jarri ditudan (eta bidali nituen) zehaztapen tipografikoak gabe.

Espainolkeria

Burgeskume gazte haiek, sorbalda-babesaz sehaskatik hornituak, abentura iraultzaileetan engaiatu ziren halako bizi-bidaia iniziatiko bati ekinen baliote bezala, jakinda, ongi jakin ere, beranduegi gabe aitaren etxera itzultzeko aukera izanen zutela. Eskertzeko, agian, bidaia hartan egin zuten hainbat ekarpen, eta eskergarri izaten jarraitu zuketen etxera itzuli arren isilik geratu izanez gero. Horixe, bertzeak bertze, F. Gonzalezen kasua, Ameriketak eta guzti eginda, are, Márquez ez ezik, markes eginda, etxeratuta gainera. A. Guerrak, kuartel giroan eta maila apalagoan jaio arren, aukera izan zuen lehenaren bidaide arrakastatsua bihurtzeko, eta ez zuen hura galdu.

Gonzalezen hitzek diskurtso modernizatzaile bat osatzen zuten, Espainiako ohiko burgesia diktadura-zale edo monarkiko eta betiere autoritario eta ultra-kontserbadoreari begira, bertze mundu burges moderno europartu ilustratuagoan sartzeko gonbit egiten hari. Saiatu zen, baita lortu ere arlo batzuetan, baina espainiar burgesiarekin berak partekatzen zuen nazionalismoak GALbidean sartzera eraman zuen azken beltzean, baita espainiar estatuko nazioen dibortzio eskubideari (eta bizikidetzan jarraitu ahal izateko bertze eredu bati, federalismoa kasu) erabateko ukoa ematera ere. Erraz hartu zituen ontzat Tejeroren ostikadaren asmoak Espainia autonomikoa birzentralizatzeko, LOAPAren bidez, estatu-kolpetik bortz hilabetera, UCDrekin hitzartuta oposizioburu gisa. Bai, LOAPAren asmoak Tejerorenaren aurretik planteatuak zituen Calvo Sotelok, baina horrexek adierazten du preseski Tejerorenak zerikusi izan zuela Suarez defenestratu berriaren erreformismoari trantsizioak eskuetatik ihes egiten ziolako pertzepzioarekin. Zertan eta, hain zuzen ere, espainiar nazionalismo unitarioaren inguruan. Horretan, alde-aldean zeuden Gonzalez, Calvo Sotelo eta estatu-kolpe egileak.

González GALbidean sartu, laster sartu zen. Hauteskundeak irabazi eta urtebete gabe hasi zen GAL bere jardunean, 1983ko urrian, gobernu sozialistak berak babesturik, terrorismoa aitzakia, nazionalismo espainiarrari egiaz edo ustez aurre egiten zion hainbat euskal herritarren kontra, berauek ETAkideak izan ala ez. Laguntza ederra eman zion horretan, baiki eta eiki, garaiko ETAk, terrorismo hutsean buru belarri jardunean, iritzi publikoaren aurrean estatu-terrorismoa justifikatzeko, baina ezin ukatu bai LOAPA bai GAL tresna politikoak izan zirela espainiar nazionalismoak bertze nazionalismoak geldiarazi/beldurtzeko.

Gaur, GALik gabe ere, LOAPAren izpiritu birzentralizatzailea gero eta indartsuagoaren aurrean, Kataluniako auzia sortu zaie dibortzio nazionalen aurkako espainiar nazionalista horiei, eta bat egiten dute berriro UCDren oinordekoek eta abentura iniziatikoko bidaiari arrakastatsu zaharkitu haiek, Gonzalez eta Guerra kasu. Kataluniako autonomia bera, aspaldi LOAPAturik egonik ere, zirt edo zart bertan behera uzteko eskatu du Guerra giro kuarteleko seme galdu eta atzera aitaren etxeratuak, espainolkeria burugabea bihotzean.

 

& & &

 

(Atzo plaraturik, Diario de Noticias de navarra-n).

San(che)zismoa?

Haize-bolada fresko batek jo du espainiar alderdi-sistema, PSOEn gertaturikoa lekuko. Oinarrizko militanteek alderdiko kupulakoei emaniko zartadak itxaropen berriak ireki ditu sistema zaharkitu, sorgortu eta usteldu horretan. Zama eta tradizio handiko indar politiko horrek jarraitzaile fidel anitz bildu du bere historia luzean, fidelak orain arteko kupulakoei ere bai, baina funtsean ideologia batekiko atxikimenduari fidel, direnak direlakoak azken hamarkadetako goiko kargudunek eginiko politikak, zerikusi gutxikoak jarraitzaile sufrituen ideia sozialistekin. Baina jada sufritu ahal izan ez dutena barne-estatu kolpea izan da, kupulakoek eman eta militantziak berak hautaturiko liderra defenestratu zuena. Haize-bolada freskoa, bai horixe!

 

Ikusteke dago Sánchez gai izanen ote den militanteen esperantza berri horiei egokiro erantzuteko. Beldurrak nauzue, gai izanen ez delakoan. Errotuegia dago PSOE Errestaurazio post-frankista kosta ahala kosta iraunarazi nahi duten instantzia politiko-ekonomikoetan, bigarren errestaurazio borboitar ustel honetan. Eta defenestraturik izan aurretik ez zuen Sanchezek frogatu preseski dohain bereziak dituenik koherente jokatzeko Europako alderdirik ustelduena gobernutik kentze aldera, esku artean izan zituen aukerak gorabehera.

 

Eta Nafarroari dagokionez? Badut lagun bat, emakume berau, argi eta garbi zuena zer nahiago zuen PSOEren primarioetan: “Susanaren alde, mesedez”, zioen. Bertzela, erran nahi baita Pedrok lortuz gero irabaztea, jai dugu Nafarroan. Berriro ere esperantzak berpiztuko dituelakoan jada etsita dagoen hainbat nafar sozialistarengan, noraino eta Foru Parlamentuan giltza berreskuratzeraino hurrengo hauteskundeetan. Eta akabo, jakina, gaurko nafar parlamentuko gehiengoa, karanbolaz lorturikoa 2015eko harako maiatz hartan. Jimenez padronek eta Chivite noragabeak Pedroren alde eraman dituzte sutsu euren nafar militantziaren sostenguak, eta Pedrok irabazita, ene lagunaren ustez, ba, hori gertatuko litzaiguke Nafarroan. Lagunarekiko elkarrizketa hura (tira, neurri batean gezurti nabil, ni ez nengoen taberna hartan, bertze lagun batek kontatu dit), Nafarroako eta Espainia osoko ultraeskuindarrek ekainaren 3ko bandera festara deitu baino lehen izan zen. Ordurako, beraz, PSN eta Chivite noragabea ezin agertu ez deialdiaren alde, ez kontra. Baina agertu dira gero, Espainiako falangistek, auskalo zein bazterretako karlistek, PPNk eta UPNk deituriko ekainaren 3ko horretan. Hauek guztiek deituta ere, Chivitek (PSOEren ustezko eta ezusteko erregenerazionista nafar hau) PSN ultraeskuindar horiekin aterako dela agindu zuen. Azterketa zorrotza, bai, ene lagunarena. Itxaropen gutxi Pedroren nafar lagun hauekin, hurrengo foru-gobernuaren giltza berreskuratuko balute. Keinurik batere ez PSNn, UPNri aurre egiteko, Nafarroan aldakuntzaren alde agertzeko: mementoz, Chivitek eta Jimenezek PPN, UPN eta falangistekin nahiago, ekainaren 3an, Aldakuntza Gobernuaren aurka. PSNren sanchezismoa sanzismoaren alde berriro jokatzeko?

* * *

Atzo argitaratua Diario de Noticias de Navarra.