Estakanobismoa

Estakanobismoa.

 

Ez da bakarrik Sánchez mutikotearen harrokeria, bere neurrigabeko konfiantza esku-jokoekin, hor dago PSOEren azkeneko fakea Podemosen negoziazio proposamenaren gainean egina, hasierako proposamen huts zena exijentzia bihurtu eta filtratua. Ez da bakarrik zein den PSOEren programa ezkertiarra, era ia hobeezinean laburtua CEOEren mesfidantzaren zioan Podemosen eskuetan ez uzteko Lan ministerioa. Ez da bakarrik PSOEk bere aise gobernatu nahi duela itunkideak gehienez jota GKE gisa tratatuz, hots, ultraliberalismoaren eredura joz: enpresa handien harrapakeriek sorturiko giza kalteak konpontzeko GKE deiturikoak, enpresa handienenak preseski askotan, elikatuz.

Ez da hori guztiori bakarrik, bada horrezaz gain eta funtsean Sanchezek estakanobismoa duela espainiar estatu eredu (ez nahasi Stakhanov sobietar langile amorratu harekin, Sanchezek ez dakielako ezer lan beharraz bere asmoak aurrera ateratzeko, bere esku-jokoak eta itxurakeria lerdena aski izanen balitu bezala). Estakanobismoa Canovasen estatu eredua da, 1874ean bere ezpatatzar Martínez Camposen eskuz I. Errepublikaren aurka eginiko estatu kolpearen bidez ezarria, hiru ardatzen inguru: 1) bipartidismoa, 2) konstituzio guztiz maneiagarria txandakako gobernuen beharren arabera eta 3) monarkiaren ahalmen politikoa gobernuak aldatzeko, gobernu berriak antolatuz hauteskundeak aldez aurretik monarkak aginduriko alderdiak irabazi zitzan. Luze gabe sartu zen krisian sistema, 1897an hain zuzen, Cánovas estatu gizona Angiolillo anarkistak hil zuenean Arrasaten. Dena dela, luze iraun zuen kanobismoak etengabeko krisiak jasan bazituen ere, larriak guztiak, harik-eta Primo de Rivera Patria-salbatzailea erregeak berak ezarri zuen arte diktadore gisa, bai monarkiak, bai bipartidismoak, bai konstituzioak berak erreka joz. Baina oi, historiaren lezio alferrak!

Ez gaude, jakina, egoera berean: ez dira batere aurreikusgarriak krisi haien aurkako molde haietako protestak, Espainia incivil aurreko gaurko protestak zibikoak dira zorionez, baina gaurko sistemaren krisiak erro berdintsuak ditu: bipartidismoaren haustura herritarra, konstituzio guztiz ezegokia arazoei aurre egiteko, sistema politikoarekiko gero eta desatxikimendu zibil zabalagoa (ez bakarrik Herri Katalanetan, Euskal Herrian eta Galizian, Espainiaren barnean ere bai), erremedio-saio militarren ordez justizia erakundeetan oinarritzeko nahi antidemokratiko gizalegegabea, goi mailako epaitegietan epai alderdikoien izendapenak…, zenbatezinak arazoak. Horren guztiorren aurrean Patria-salbatzaile gisa agertzeko apustua egin du Sanchezek, bipartidismoari eutsiz, estatu ereduaren immobilismoari hortzekin atxiki nahian, unidad de des(a)tino en lo universal primorriberatar hura lehenetsiz.

Batek daki zenbat iraunen duen estakanobismo honek, batek daki Sanchezek betetzerik izanen duen garai haietako Sagastaren funtzioa, baina begi-bistakoa da halako irrealismo magiko mota batek bizi duela gaur Sánchez, bere hautuko Espainiak ez duela etorkizun demokratikorik.

* * *

Nafar Diario de Noticiasen plazaratua atzo, nahiz eta hemen jarri ditudan (eta bidali nituen) zehaztapen tipografikoak gabe.

Jalamandrukiren zain

Jalamandrukiren zain

Por Bixente Serrano Izko – Domingo, 30 de Junio de 2019 –

 

Ez dakit egia den, edo zein neurrian, nafar Gorteko berriketa-lekuetan dabilen zurrumurrua, PSNko nafar Inés Arrimadasek, Maite Esporrín ezizenekoak, Maria Chiviteri sesio beroa egin ziola dioena, Esporrinek Iruñeko alkatetza Navarra Sumari eman ostean Chivite prest agertu zelako Geroa Bai, Ahal Dugu eta I-Erekin harremanetan hasteko, Foru Erkidegoaren lehendakaritzari begira. Egia ala ez, arrazoiak balituzke Esporrinek sutan jartzeko Chiviteren jokamoldearen aurka. Tartean, jakina, EHBilduren eskumikatze politikoa dago. Txotxongilo mailan utzita Esporrín, hara zer eta Chivite prest agertu EHBilduren abstentzioa gutxienez, berak ez noski, baina bai bere bertze solaskideek lan dezaten.

Eta badirudi perspektiba horretan hasi dela Chivite elkarrizketetan. Foru hauteskundeen emaitzak ikusi berri, presaka idatzi nuen artikulu labur bat Argia aldizkarirako, berehala plazaraturikoa edizio digitalean eta aste berean paperezkoan, hasiera honekin: “Esparzari eskertu beharko ote diogu PSN ez batzea Navarra Sumarekin”? Galderaren atzetik, susmo erraza: Chivitek pozik jasoko zituela eskuindarren botoak lehendakaritza lortze aldera, horren truke hainbat alkatetza ematen Navarra Sumari, Iruñekoa barne. Horixe egin zuen Esporrín andreak, gustura gainera nik uste, kontuan izanik zein den andre honen kultura politikoaren maila, “Agur Asiron” mailakoa alegia.

Elkarrizketak hasi bai, baina ikusteke dago oraindik Chiviteren azken jokaldia, bere solaskideek EHBilduren abstentzioa lortuko balute ere. Ezaguna da PSNren ohiko azaluskeria horrelako abaguneetan, eta gutxi fido. Puntu bat, agian, konfiantza apur bat izateko: Chiviteren anbizioa. Eta anbizio hori inola ere ez diote asearaziko Navarra Sumaren 20 eserlekuek Chiviteren 11 aurrean. Ezkerraldera makurtzen ikasi beharko luke PSNkoak.

Baina, betiko leloa: Madril oso gertu du PSNk, Nafarroa baino gertuago betidanik. Eta hor badago bere burua Jalamandrukitzat duen Sánchez bat. Mago gisa, mahukatik atera zuen mukizapia PSOEko gerontokratek ezarri zioten eskumikatzea gainditu, alderdiaren buruzagitza berreskuratu eta Espainiako presidentetza lortzeko, bai eta legegintzaldiari une egokian amaiera eman eta hauteskunde berrietan boto gehien jasotzeko. Podemosen kaltez eta hauteskundeetan aurkezten ez den alderdi aberats horri, Ibex 35 delakoa, bitxiloreari hostoak kentzen ari zenari esker ea nori eman bere amodioa, C’s edo PPri. Sanchezek ere eskumikaturik ditu independentista katalanak eta EHBildu, baina, Chivitek bezala, hauen abstentzioa behar du inbestidura lortzeko, ezkerreko politikariarena egin nahi badu. Bertzela, edo C’sen laguntza beharko du, edo Jalamandrukirena berriro egin, ostera ere Gorteak ixten.

Arriskutsua inondik ere: Ibexek isilarazten badu Vox Nafarroan bezala eta C’s-PP nolabait birjosten baditu, edota Podemosek berreskuratzen baditu PSOEri ihes eginiko boto likidoaren zati bat…, zer?

Eta Chivite? Ezkerraldera negoziazioetan jardun, baina azken buruan Jalamandrukiren zain aldez edo moldez, hain ziur…