Txoriak erromes

Aise doaz. Airos airean. Baina taldean hobe. Taldea hegan, aireko patera edo kaiukoa bailitzan. Baina, itsasoko beltxaran aldra ez bezala, hauek pozik, tti-tti-tti ta ttu-ttu-ttu, erromeria builoso pozalaikoan. Arantzazun egin du gaua kardantxilo talde panpox batek: udaberriko kontzertu ondrosorik gabe, zerkausiko murmuriotik gertuago zegoen euren solas etenbakoa lizarren adar ta abar

TXEPETXA SEIRETAN

Ez txepetxa bakarrik. Txepetxa txir-txir xalo ia isilean bere gordetokian esnatzen denerako, goizeko seietarako han dabil buztangorria tti-tti, tti-tti, ezinegon urdurixko goiztiar nabarian. Seirak eta dozenerdi minutura hasten da txantxangorria, xuabe baina garden, xoxoa esnatu nahi ez duela.

Esnatu, eta biziki iratzarri, belezahar bikoteak itzartzen ditu bazterrak, kroako garratz mozkortia goietan hegotik iparrera errepikatuz. Ez ziren bi minutu pasako, xoxoa bera ere, sasitik irten aurreko tzitz-tzitz, tzitz hasi denerako, seirak eta hamarrean.

Zergatik ematen dizudan hau dena? Ordu aldaketak ez dituela batere nahastu hauek denak, horixe esateko. Orain lau hilabete goizeko lauetan hasten zen txori eta hegazti hauen

San Simon eta San Juda

Xabier Letek egoki abestua, ezta? Gure aurrekoentzat, egutegi mugarrietako bat izan da hau, Santu Guztien eta Animen eguna bezala, San Martin, San Andres, Santa Luzia… Egunari berari bezainbat, alditxo honi begiratzen zioten. San Martin inguruko goxa aldia bezala, ez egun batekoa, baizik, alditxoa.

Ez ote da aurten, oraintxe daukagun hau San Martin ingurukoaren ordezkoa? Uda joaten ari dela, kontu nabarmena da: argi akordatuko gara bihar, ordualdatze dontsu horrekin. Bestalde, joan deneko 3 asteotan hego baldarrak zorabiatuta ibili bagara, azken ostegunetik honuntza, hara nolako bakea ekarri digun aspaldian bisitarik egin gabe genuen antizikloi koxkorrak.

Baina, bihar ilberri. Ilargi koska bakoitza baliatuz, espero dut

Paper artean altxorra

Gaur goizean, mahai gaineko paper mordoska txukundu asmoz nebilela, duela hilabete batzuk irakurri nuen liburu baten azalak jo dit begininia. Horrien artetik, paper baten mingaina ageri zen eta berari tira diot. Eskuz idatzia, goian ohiko gurutze ttikiaz hasita, tatxa pare baten gainean zuzenketak argi dituela… hara bihotza aise ukitu didan mezu Gandiagarena:

Zauri bat daroat
eta ez dut gura
orbaindu dakidan:
mundu zabaleko
leku gehienetan
gosez ta egarriz
ahitu ta hiltzen diren
anai ta arreben
sufrimendu eta
heriotzarena.

Zauri bat daroat
eta ez dut gura
sendatu dakidan,
ez bait nago ziur
gosez ta egarriz
ahitzen ta hiltzen diren
haien sufrimendu
eta heriotzan
ez ote daukadan
zerikusiren bat.

Laister gorde dut orritxoa nire altxorren mendian. Baina, beldur naiz gose eta egarrituak aisegi ahaztearekin. Entzun ohi ditugun zenbakien artean, eta kopuruen gorabeheretan kateatuta geldi dakiguke gogoa… FAO erakundeak duela astebete inguru emaniko datu beldurgarri haietatik, bat geldi zitzaidan nire bihotzaren segundo banako taupadetan iltzatuta: 4 segunduko haur bat, tartean emakume gajoren bat ere bai, 4 bihotz-taupada, eta bat goseak eraman duela. Hau idazten nuen bitartean 50 pasa hil zaizkigu. Zuk irakurtzen duzun bitartean, beste mordoska tristea. Baina, irakurtzen ez baduzu ere bai… zalantza egin bitartean ere hiltzen baitira…

Galanpernak biltzen

Atzo bildu nuen sorta eder bat. Hegoiak agudo penatzen baditu ere, txapela lehortzen baitie beztuz, txilar-ainar artean bazegoen txapeloker fresko askorik. Xankame solterik ere bai, txinatarren txapel dotorea xapal-xapal.

Aurtengo hegoaldi luze samar honek denen ahotan izan du elebide, onddo eta perretxiku, pi

Maite dut lurra

“Maite dut lurra, maite dut” idatzi zuen Gandiagak. Bizi zuen ama lurra, biziki maitatuz bizi ziren biak.
Maite dut nik ere. Maite begiz, entzumenez, maite ikutuz, usainduz, oinez eta gorputzez ere laztanduz, lurra. Maite dut sagar musugorrian hortzka ari natzaionean, intxaur mamia tentuz aginen artean birrinduz ehotzen dudanean, mizpira beratuan mingain-ahosabaian muxuka jaten dudanean ere maite dut lurra. Eta ardo sano bat usnatuz, ahoko mandio-ganbarak lurrintzean, lurraren espiritu bixiena, lurraren erraietatik hegalari nireganatua maite dut. Maiteko ez dut, bada!

Hau gogoan iraulika darabilt, blog honetan ataltxo baten deitura bila nabilenean, ‘eko’ aurrizkidun hitzen zakuan ez nukeelako sartu nahi nire ama-lur-etxearekiko maite konturik.

Gazigozoa asteburua

Behatokian datu asko jasotzen dira. Ez halere, erreparaturiko guztiak. Ematen dira zeruertzetik gertu, meteoro suntsierraz izarloka axkar horien antzerakoak, argitu bezain pronto itzaltzen direnak. Batzuk, pertseida deituak eta, aurrez ponpoxo adierazita heldu ohi dira, gero apenas begitanduko badira ere.

Baina, udazken arrats txukun antzekoan, egonkortasun handirik gabeko aldartean ere, margo bakeosoak gorritzen du zerualde zeargia. Asteburu honek Behatokian maite ditugun bi talde ekarri dizkigu. Bisitan eta lanera. Munduko Landa Foroa, euren laneko hirugarren egunean izan dugu hemen. Talde oparoa: 75en bat aditu eta 300dik gora gonbidatu, margo eta janzkera anitzeko taldea, benetan, Arantzazuko udazkenean. Solidaritatezko Garapen Bateruntz abiatuak dira hainbat bidaide. Txoko honetan estimaturik izan bada, lurra landuz eta kopeteko izerdiz ttanttan garratzetan urtuz saiatu gizateria izan da preziatua. Pozez eman diegu ongietorria.

Gaziagorik ere izan dugula pentsatuko du batek, torturaz penatuen terapiaz goxatzera bildu diren 70 lagunen taldea seinalatzean. Karga handitxoa baitu hitz horrek gure belarrietatik barrena. Ostiral arratsean abiatu zuten II Topaketa. Isiltasun gertukoa somatzen zen, agudo gozatzen joan zena. Txosten zehatzak, ekarri zintzoak, ezer gordetzekorik ez… zintzotasun jatorrez jantzi zen hango familia; betidanik elkar ezagunak ziruditen. Bakardade latzenean jasandako tortura da eta izango da nardagarri arbuiagarria beti. Baina, egia esan, elkarrenganako konfiantza gertukoa sortu zen eta halaxe bizi ahal izan zuten hainbat naziotatik bildutako lagunek. Larunbat osoa lanean, taldeak osatuta. Igande eguerdian burutu zuten topaketa. Antsirik entzuten zen tarteka. Malko isilen ahots-izua maitasunez entzun eta jasotzen zen barruan han. Mezanagusi handitik joan nintzen euren artera: non sentitu nintzela beteago uste duzue? Basilika handian falta zitzaidan barnearo sakona, hantxe zegoen gizen bizitzeko tamainakoa. Oteitzaren frontoi goiko torturatu etzanaren Amaren galdera zen, barne isilean, hango guztion bihotzean pizt egiten zuena… Gazia, malkoena, gozo leuna ere bazen, adio esateko orduan.