Urkiaren hilabetea

Eguzkiaren urteberria zabaltzen duena urkia da, zuhaitz axal zuri dotorea. Europa osoan maite izan da urkia; beti eskura nahi zitekeen: urki-zarbaz astintzen zituzten izpiritu gaiztoz joak, esorzismorik onenaren pare zeukatelarik urki-zigor hau. Paraje batzutan, urki-makilez ospatzen omen dute urte-zaharraren despeida: izpiritu gaizto guztiak uxatzeko. Eta noski, haurtxoen seaskatarako, urki arbatxoez edo urki zurez egindako seaska nahi, biziaren zuhaitza izanik, deabru ta espiritu gaiztoak uxatzen dakielako.

Zuhaitzik zaharrenetarikoa omen urkia. 30 milioi urte ematen zaizkio: hazia hain arina denez, edozein bazterretara iristen da, haizearen hegadan. Edozein lur elkorretan, umiditate poxi bat nahikoa du, suteen ondoko lur agortu ta pobretuan ere, guztiz egoki moldatzen da. Urkia arbola polit eta lerdena. Berez, izenak berak seinalatu dio bere eginkizuna: ur ixurien mugak seinalatzea. Ur ixurien arabera banatzen baitziren terrenoak. Hantxe urkia non zegoen urrundik antzemango zen.

Ia dena du probetxuzkoa: azala, txotxak eta abarrak sua pizteko ezin hobeak; zura materiale primerakoa: lantzeko biguna, hezedurari aurre egiteko ona, ustelkaitza. Zenbat kaiku, esne-ontzi, lera ta trineo, gurdi ta beste tresneri, etxaboletako hainbat ontzi, zenbat uztarri ta beste ez ote dira egin urkiaz! Oso trinko eusten dio, zaila da zura zartatzea ta printzatzea.

Adarretako makiltxo zumiztiarrak oso egokiak ziren esku-saski ta otzara ta banastagintzan erabiltzeko; baita erratzetarako ere, sokarik ez zenean sortak lotzeko ta beste. Bere izerdi ta sapa bizigarria da oso: irakiten duenez gero, urki-ardoa ta urki-garagardoa prestatzen dituzte lurralde iparraldeko hotz haietan. Jermania aldetik, izerdi hau hartzen dute goizean baraurik, giltzurdinetako harriak desegiteko eta hezuerian oineko minak kentzeko.

Azala lehenago asko zerabilten. Barrualdea gau batez zopa-zopa utzi eta arraskatuz, margo gorrixka ematen dizu. Iragazi, egosi minutu batzutan ta gorritzean, kotoia tindatzeko balio zizun. Gose-urteetan, barruko azal hori, eiho ta beste irin batzuekin nahasian, ogia oretzeko balio zuen, fekula ta azukarra dituelako. Bildu ta kiribilduz, antortxatarako balio dizu.

Baina, ustelkaitza ta iragazkaitza delako, etxeari gaina kainaberazkoa ematen zitzaionean, urki-azala ipiniko zitzaion azpitik: ez zen tantanik pasako. Erretxina ere lortzen dute urkiarekin. Gaineko azal xuria ipini ontzi batean egosten, su lasaian, egosialdi luzean, iragazi dezan. Urki-lika da, oso estimatua ontziak sendotzeko ta kanpotik iragazkaitz egiteko.

Errusiako bazter batean, bizi izandu zen urte mordoska batean Likov senar-emazteen familia taiga apartatu batean. Urkiaren izerdi-sapa edaten zuten, batez ere udaberrian, osasun garbi fina mantentzeko. Urkiaren azala zerabilten era askotara: azal xurian idazten zuten; azalarekin egindako tindura gorria, berriz, idazteko; urkiaren azala ondo bilduz egindako zuziak zemaien argi klaro xurixka ta misteriotsua. Urkia asko erabili zen botikatarako. Hostoa herrialde askotan hartu ohi da te infusioa egiteko. Barrua garbitzen du, diuretikoa da, izerditzen eta toxinak botatzen laguntzen du. Aide txarrak ateratzen, hezueria ta hidropesia sendatzen, giltzurrun ta gibeleko harri ta gaitzen kontra ere oso ona omen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude