Eguberri ilargia

Ilargi berri argalari, urteko azkenengoari, barneusturik abiatzea tokatu zaio aurten neguko koarta-tenporekin batera. Bitxikeria hutsa izan daiteke halaxe egokitzea: koarta-tenporen lehen egunean bera, bere uztai hustuan, bakeoso benetan, antizikloi potente bat gobernatuz. Eta tenporen astea amaitzean, gaur egokitu ilgora potolobidekoa. Ta…?

Hortxe utzi digu ilargi aste laurdenkako honek bere negu aurreikuspen erretratatua. Antizikloia izan da jaun ta jabe, zirkinik ia egin gabe. Haize ahul indargea gelditzen denez ia kieto, antizikloi txapel handi zabalaren pean, ez bufada eta ia-ia ezta farfailik ere mantentzen da. Halere, haize joera antizikloaren jirakoa izan da, gurera Europaren bihotz hotzetik etorri dena: frantzipar ekialdera etzana lehen 4 egunetan; ekialdekoa gero, azken bi egunotan hego tenple gozoagoa ekarriz, mediterraneotik bueltan sartu zaigulako.

Haize jiroa, beraz, ekialde kutsukoa izan da dena: mendebal eta iparmendebalik ez du batetxore ekarri. Noski, jira motelean ibili denak, mantxo eta moteltasun hori jarraiko duen seinale: etorriko da hegomendebala (laister batean gainera), emango dio txanda itsas aldekoari ere; baina joera garbi seinalatu digulakoan nago. Izotza ez da garbitzaile txarra: badaki lurrari laguntzen… baina lehortze eta ihartze lanetan ere maisua da jela, zuritan nahiz horma beltzetan. Oraingoan, uraren estimazioa irabazian aterako delakoan nago…

One thought on “Eguberri ilargia

  1. Arratsalde honetan iloba batek ziotson nagusiari “-Begira! Ilargia margotu dute!”; izan ere, minutu batzuez ilargiari disdira horixka/laranxka argia sumatu izan diogu, sasoi honetan eguzkiaren argiak egiten duen bidea dela-eta, beharbada. Orduan ikusi dut zenbat gauza galtzen ditugun zeruetara begiratzeko tartetxo bat uzten ez badugu. Gogoratzen dut irakasle bat, neguko eskoletan, eguzkiaren lehen printzeekin, nola, liburua ireki ordez, esan ohi zigun: “Erreparatu al diezue eguzkiaren eskutik zeruak, ilargiak eta hodei horiek hartu dituzten koloreei? Etengabe ari dira aldatzen, dantza baten antzera. Zatozte leihora!”. Kapaz izan beharko genuke ikasleei eta ttikiei ingurumenari bestela begiratzen erakusteko, ezta? Niri, gutienik, zure blog honek zeregin horretan izugarri laguntzen dit.

    [A, eta bereziki azken mezuak irakurrita, Peio, behin Etnomet-eko Tomaxekin bat nator gure “Panoramixa” izendatu zintuenean.]

    Kristina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude