2006 bilbatu, 2007 asmatu

Ohitu gaituzte. Hedabide gehienetan, bilduma urtekoak jaulki asmoz dihardute urtezaharra hurbildu ahala. Normala, jada norma egin dutenez gero. Bilbaketa beti iruditu zait egin beharrekoa: jakitatearen urrats naturala deritzot, urtean igarotako onena apalean txukun ta kurioxo gordetzeari. Urtezaharraren akta jasotzekoa baita. Gerokoa amestea, ordea, ez da nire baitako genero naturala.

1937an, gurean gerrate itsumustua zebilen bitartean, AEBetako Zientzia Akademiak zein norgehiagoka asmatuko eta, XX.ren bigarren mende erdian zein aurkikuntza berri eta ezusteko inbentu sortuko ziren asmatzeko deitu zituen garaiko jakintsu atrebittuenak. Noski, aurten 70 urte izango diren honetan, egoki datorkigu orduko aziertu zietz zehatzak errepasatu eta kontuan gordetzea. Hiru alorretan asmatu zuten: laborantza mailako aurrerapenetan, gasolinarenean eta kautxo sintetikoaren baitakoetan.

Bixta laburtxoa, aldiz, beste hainbatetan izan zutena. Ez zuten usnatu ere energia nuklearrarenik, ez antibiotikoen eraginik ere (nahiz eta ordurako zortzi urte zeramatzan Fleming jaunak penicilinarekin ausnarrean), ez zuten usaindu erreakzio hegazkinak ekarriko zuen aurrerapen azkarrik, ez eta espaziora jaurtikiko ziren kohete, trasbordadore nahiz satelite artifizialik sortuko zenik ere; eta noski, askoz gutxiago, ezta amestu ere, ordenadore konturik, edo transistore alorrak ekarri dituen irrati, telebista, zede eta trasmisio digital aberats anitz horienik, mobil, bideojoku eta beste hainbat berrikuntza barne…

XXI mende honen hurrengo 10 urtetan, zer eta zenbat berrikuntza, ausartzen bazara…? Halere, nire beldurra bestelakoa da: Aurrerapen tekniko guztiok, goraki salduko zaizkigun arren, gure gizartea zorionez blai utziko dute, edo, beraien besapean ekarriko dizkiguten enredo, arazo, gorabehera eta trastorno klase guztien sare itxian herstuki itoko gaituzte?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude