Kutxu! Kutxuketan jolasten genuen txikitan, neska eta mutiko. Tocar y escapar deitzen zioten espainieraz joku antzerakoari. Inoiz, bata zela kutsatua, ezetz, bestea zela, ez zuelako beharbezala ikutu (kutsatu, alegia), jertsea oxta ikutu ziola, ez zuela horrek balio, sendoago ikutu behar zela… eta han zetorren eztabaida kupidagabekoa. Eta bake, zaplaztakoren bat tartekatzen ez bazen…
Haurtzaro eta lehen gaztaroko joku kutsakor haiekin akordatu naiz, horrenbesteko zaunka zaletasun ta grina piztu denean, lege gaizto batek gaiztatu dituen hainbat alor ezin garbituz, epaile irrikatu ta gutiziatuak elkarrizketak kutsatu omen dituenak tirria erioz epai garbienean denak garbitu nahi dituen honetan. Atzo hiru, gaur bat, beste edozein baino batagoa… eta epaile honek ez al dauka kutsatu gaiztatuokin bere burua kutsatzeko beldurrik? Ni epaile, badaezpadan, ez nieke galderatxo bat bera ere egingo, porsiakaso…
Joxean Sagastibeltza laguna kutxutzeko ipini dut izenburua. Bere umore eta guzti, umorea behinik behin ez dugu galdu behar eta, agian, beste liburu batentzako bidea emango lioke…